www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskaldun ikurra zetarako

 

        Atzo arratsaldean neure lagun batzukaz berriketan nengoala, Bizkai-erri txiki batean bizi dan batek esan eutson aldrako lagun erdaldun bati:

        —Oneri ez dautsoe emon ba orrelakorik, nire paparreko orratzagana bere atzamarra ipiñita.

        —Ez ba, erantzun neutson, orrek ez dau bear, euskerarik ez daki ta.

        Orduan euskaldun arek igarri eban neuk eban neuk berari itanduko neutsola, bear ba da, ia zegaitik berak ez eukon eta arin-arin aurrea artu eustan, esanik:

        —Guk, an errian ez dogu bear, danok gara euskaldunak eta, danak dakie gu euskaldunak ba garala ta.

        —Baña, esan neutson, orratz au ez da bakarrik euskaldunak garala adierazteko, euskera-zaleak garala ta euskeraz itz egin gura dogula adierazteko baño.

        Isildu zan. Eta egozanakaz beste izketa-bide baten sartuta nenbillelako ez neban izan astirik ondiño gehiago esateko arazo onetzaz.

        Eta beraz, ementxe esango dot, neure toki onetan. Auxe da nire lubaki edo trintxerea.

 

* * *

 

        Erri euskaldunetan bizi diran asko aterako dabe nire adiskide orrek atzo atara eban akiakula edo atxakia, paparrean euskaldun orratzik ez ipintzeko.

        Guztiak euskaldunak diran errietan, erdiak baño geigo dira eurak gura ez ebela euskeraz itz egiten ikasi ebenak, euskereari ta aberri Euzkadiri bape maitetasunik ez dautsienak. Eurak gura ez dabela dira euskaldunak, eta euren artean asko dira euskerarik ez jakitearren diru zati bat emongo leukienak. Txiñuelo-ren erriko astokrazia lakoa erri guztietan bizi da.

        Oneetakoentzat ez da asmau euskaldun orratza. Eurok ez dabe gura orratz au, baiña geuk be ez dogu gura eurak erabilli dagien.

        Erri euskaldunetan ba dira, gitxi, euskera jakiñaz poztuten diranak, euren asaban elea, abenda ele garbia, atsegin andiz erabilli oi dabenak; euren odol zarra, euren aberri Euzkadi maite-maite dabenak. Oneek, bekokia zabal azalduten dabe alde guztietan euskotar euskaldunak dirala; euren euskerea ez leukie saldu edo emongo ezegaitik be, irudituko litzakioe ba euskereaz batera salduko leukiezala euren aita ta ama, euren sendi ta asabak, euren jatorria, euren odola.

        Oneexentzat asmau da paparreko orratza, euskaldun jatorrentzat.

        Orratz onegaz adierazten dau euskera dakiala ta euskera jakiñaz pozik dagoala, ta orratza beti paparrean erabillirik ezaugarria emoten dau bera lako beste enparauentzat, alkarren barri jakin dagien ikusteaz bakarrik. Orratz au da idekoak alkarregana joteko.

        Orratz au da guretzat andiki batek bere etxearen arpegirik agirienean ipinten dauan ikurdi edo arma-arria lakoa, adierazteko noren jatorrikoa dan, errikoei ta guztiei.

        Orraztxu onek daukon lauburu edo gurutz au gure asabak erabilten eben orain bi milla urte inguru euren ikurriñetan. Aen oiñordekoak garanok odolez ta elez ta gogoz, erakutsi daigun nortzuk garan, noren semeak garan...

 

* * *

 

        Ona eldu orduko esan dau nire adiskide Zarrontzale-k: «Sekuleko sasien sartuok au, kostako iakok urtetan kirikiñoa izen arren; iretzat eztozak olako pillosopiak».

        Burukomin egiteko beste sasi erne jat or; baiña jokatuko neuke nik esan gura dodanaz baten dala edo konforme dala Zarrontzale, ba karlistea izan arren euskera-zalea dala ezin ukatu lei. Bakotxari berea.

        Ez gara deadarrez ibilliko: «Gizonak, orratza ipiñizue». Zetarako? Bere barruan odolaren deadarra entzuten dauanak ipiñiko dau iñok esan barik be; abenda maitasunez barrua utsik daukonari alperrik izango litzake ezer esaten ibiltea, atxakia atarako leuke ba ukondoetatik be.

        Abenda bat da gizonen artean, euskotarrena; abenda au sorkundetik ona euskalduna izan da; gu euskotarrak eta euskaldunak gara. Auxe darakusgu geure orratzokaz.

1915-I-2

 

aurrekoa hurrengoa