www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Laburdikoak

 

        Etxakidaz ikaratu, ene irakurletxu ori, Laburdi itza ipiñi dodala ta. Euskalerria da Laburdi ori. Nun dagoan? Ez urrin beintzat. Bizkaiatik abiau zaitez Gipuzkoarantza; igaro egizu gure anai maiteen errialde polit au, eta beti itxas-ondoan zoazala, Laburdi idoroko dozu, Bidaso ibaiaren beste aldean.

        Ango euskaldunak, geure anaiak, Frantziako legepean bizi dira antziñatxutik, gu Espaiñako legeen bean aurkitzen garan lez. Auxe dala ta, emengo euskaldunak arei deitzen dautsie parrantzesak eta parrantzes-euskaldunak; eta ango euskaldunak barriz emengoei espaiñulak eta espaiñul-eukualdunak. Ara zegaitik, alkarren anaiak diranak, jatorri berbera dabenak, abenda bateko semeak, batak bestea atzerritar edo extranjero-tzat artzen dauan. Ez al da ori burubakotasun ikaragarria?

        Orain, abertzaletasunak geure gogoak argiratu dauskuzan ezkero, ezagutu doguz geure anai Laburditar, Benapartar eta Zuberotarrak; ba dakigu geure odola, eusko odola, daukola euren zanetan; ama ta aita baten semeak, senideak, garala eurak eta guk igarri dogu, ta maite doguz; ta poz-pozik jakiten doguz euren izparrak.

        Atzo izketaldi bat izan genduan geure adiskide kutun bategaz, bizkaitar abertzale zintzoa ta euskaltzale benetakoa bera, ta esan euskun lengo egunetan ibilli izan dala Laburdiko errietan; eta beroni entzun geuntsozan izparren batzuk ementxe argitaltzea bururatu jaku, uste izanik gure irakurleei guri baizen atsegin izango jakezala.

        Abertzaletasunik ez ei dakie an; euren buruak frantzitartzat daukez. Baiña au gorabera, guztizko euskaltzaleak dira, ta euskaldunen abesti ta ekandu ta enparau gauzen zale-zaleak. Eurak ez dakiela dira abertzaleak. Emengoak ara joan eta agertzen dabenean abertzaletasuna, etxake asarratzen, ez dira aurka jarten, emengo ainbat astokillo ta mandokillo jarri oi jakuzan lez.

        Gure adiskide au egon da erri baten, frantzeraz Briscous deitzen dautsoena, ta bertakoak euskeraz Beskotze (edo olakoren bat, ez nago eskier) esan daroena. Bertan bilbotar bat bizi da, abertzalea, Irala-tar Albontsa; ango alaba bategaz ezkondu zan au, emen Bilboan umeen etxe-irakaslari egoanean ezagutu ebala. Bilbotar au Laburdin euskaldun egin da, ango izkelgia bertakoak lez erraz ta ederto ikasi dauala. Ume bat izan eben senar-emazte ok, neskatoa; uriko txaunburuari adierazo eutson Iralak izena euskeraz ezarri gura leuskiola, ta apez jaun arek erantzun eutson ederto eritxola euskaldun umeari euskeraz izena ezartea; orixe dala bidezkoa. Emetiko abade batzuk ikasi beie.

        Miren Begoña izena zala umearentzako autatu ebana. Apezak itandu eban ori zein izen zan. Azaldu eutson orduan Iralak Miren ori dala ebertarren (hebreoen) Mirian euskeraz esanda, ta Begoña dala Ama Neskutsaren txadon ospatsu baten izena Bizkaian. Guztiz ondo eritxi eutson apezak, eta ugutzau eban umea, aitak gura eban izenagaz.

        Urian jaiotza-idazti latarra (libro de nacimiento civil) darabillenak ezetariko atzerapen barik artu ta ezarri eban idaztian Miren Begoña izena. Ikasi bei Ibarruriko separatisteak.

        Uri artan, Briscous-en edo Beskotze-n (Beskotze ete da gero? Bildur bat ba dot oker ete nagoan, gomutamen makala dot eta. Tira, asketsiko daustazue, gizonak, neure okerra) euskeraz egiten dira beti eleizako izkaldi guztiak. Au emen be erri askotan egiten da, danetan ez bada be. Baiña gure adiskide onek esan dauskun gauza batek asko arritu gaitu, ain da polita eta ain bidezkoa edo naturala!

        Ara: Jaupa nagusi ostean eta eleiz aurrean uriko idazkariak (sekretarioak) bere aurrean batuta daukozan biztanleei euskeraz jakin erazoten dautsez iragarkiak, Gobernuak edo Departamentak edo Uriak argitaldu dauzanak. Orrelan, idazkariak ipinten dauz eurak bete bear dabezan gauzen jakitun, zerga edo kontribuziñoatzaz, gudaritza edo soldautzaz, edo beste edozein arazotzaz.

        Ekandu orri ez deritxozue egokia? Bai bein!

        Emen, noz orrenbeste ikusiko ete dogu? Batek ba daki! Udaletxeko atean edo orman ipinten diran orretariko iragarkiak erderaz bakarrik idatziak izaten dira... zetako? Bardin izango litzake abarka zar bat edo ipizki bat eskegita ipiñiko balebe erririk geienetan, erderazko idatziei beste jaramon egingo leuskioe biztanleak eta.

        Guk baiño zentzun geiago dabe laburtarrak.

1915-XII-6

 

aurrekoa hurrengoa