www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ez artu bidebako bildurrik

 

        Lengo egun baten izketa-aldi bat egin neban lekaide jakintsu bategaz, eta gure izketa-gaia, aldatuaz ta aldatuaz, jausi zan nozbait euskal izenetara, ta neuk itandu neutson ia zer eritxon euskal izenak dirala ta ez dirala guri egiten dauskuezanak Gernikako jaupalburuak eta bera lako beste banaka batzuk.

        Irribarre egin eban, eta esan eustan:

        —Orrelako gauzak ementxe Euzkadin bakarrik jazoten dira, beste iñun ez.

        Ara —jarraitu eban—, zuek abertzaleok asi ziñienean orain bederatziren bat urte euskal izenak ezarri al izateko eskubideen eske, arazo ori askozaz lendik erabagita egoan Erroman.

        —Eta, zelan erabagita?, itandu neutson.

        —Ara —erantzun eustan—, Italian erri askotan jazoten zan gurasoak bere umeei ipiñi nai izatea Doibatz-arerioen abizenak izentzat, adibidez, umeari izentzat ipiñi gura «Garibaldi» edo onakoren bat; jazo zan iñun, abadeak izen ori ipiñi gura ez izatea, eta orduan gurasoak ugutzau barik umea etxera eroatea. Auzi au erabagi bear zan arin umea egon ez zedin Ikurton edo Sakramentua artu barik; eta Erroman Doipuru edo Aita Santuak, edo bere izenean, Eleizoikun Batza Deunak (Sagrada Congregación de Ritos) erabagi eban onantxe: UMEARI IPINI BEAR JAKOLA BERE AITAK AGINTZEN DAUAN IZENA. Eta Italian asko dozuz Garibaldi lako izenak dabezanak, eta ori gorabera kristau onak diranak.

        Auxe esan eustan lekaide edo praille jakintsu arek. Itandu neutson ia Gernikan jazoten danagaz zer egin leiken umearen aitak, eta esan eustan aitak eskubidea dauala umea etxera eroateko abadeak ugutzau gura ez badau aitak agintzen dautson izenaz; eta aita onek gora jo bear dauala abadeak egiten dautson okerraren zuzentza eske; bitartean euki ume ori, ta ikusiko baleu ilteko zorian, berak ugutzau etxean.

        Orain diñogu guk: Goikoak zuzentza-eskari ori alde batera utzita, lo isten badabe, zer? Ume orrek «moro» egon bear dau beti ala?

 

* * *

 

        Beraz, umeari ipiñi bear jako bere gurasoak gura dauan izena.

        Ori ez daki Gernikako jaupalburuak? Bai, jakin ez!...

        Zegaitik dabil ba orduan ugutzau gura ez ta gogait eragiten? Politikan abertzaleen aurkaria dalako, abertzaleen arerioa dalako. Orrexegaitik bakarrik.

        Eta, eleizara eroan leiz, batez be Sakramentuak emoteko arazora, eleizatik atako eztabaidak?

        Ez, ezin leiz eroan. Eleizan danok gara bardiñak, eleizan abadeak izan bear dau danentzako bardin: Gaztelarren umeei JUAN, frantzitarren umeei JEAN, italiarren umeei GIOVANNI ipinten jaken lez, zegaitik etxabe ipiñiko JON euskaldunen umeei, aitak gura izan ezkero?

        Gernikako jaupalburu orrek esan ei eban lengo baten eleizan: «Amaika egun baiño geiago umea ugutzau barik dauken gurasoak oben astun-astuna (pekatua) egiten dabela, ta gaiztokira (inpernura) joango dirala».

        Eta guri otuten jaku itandutea: «Eta amaika egun baiño geiago ume bat ugutzau barik daukon abadeak, zelako obena egiten dau? Bere bearkuna izanik umeari ugutz-Ikurtona (Sakramentua) ezartea eskatzen jakonean, politikako arazo txikerrakaitik ume koitauari Ikurton ori ukatzea, ez ete da ba oben astun-astunenetarikoa? Ori egiten dauanak, zabalik ete daukoz ba Donokiko bideak? Inpernua guretzat, abertzaleentzat bakarrik ete dauko ba gure Jaunak?

        Euskaldunak, batez be abertzaleak, oraintxe euki bear dozue ondura andia zeuen atsoakaz.

        Ba dakizue inpernua aitatu ezkero atso guztiak ikaratuta jarten dirala, ta asten dira etxean zarataka gizonai, abadeen aurka jarri garala ta onetariko kopletan. Ba dakit Gernika aldean matraka bat baiño geiago izan dala etxeetan orrexegaitik.

        Eutsin atsooi!! Ze inpernu! Ez dago inpernurik norbere eskubidea, Erroman Aita Santuak berberak ezagutu dauskun eskubidea zaintzeagaitik. Ez artu bidebako bildurrik, eta eutsin gogor geure eskubide oni.

        Ipiñi euskotarrai euskal izena ardura barik!

        Gernikako jaupalburuak, Iturraran-tar Joseba Domekak, eta bere antzeko beste banakaren batek ugutzau gura ez badabe umea, etxera beronegaz, ta gero urrengo maillara jo oker ori zuzentzeko.

1917-VII-18

 

aurrekoa hurrengoa