www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskeraz ala erderaz irakurten
errazago euskaldunentzat?

 

        Txikitatik asi ta geiago, nagusi egin arte, beti erderaz irakurri ta ikasi dauan euskalduna, erdalduna geiago izaten da euskalduna baiño. Bere gogoan sortzen jakozan oldozkun edo pentsamentuak erderaz iruditzen dauz bere barrurako, bere buruagaz erderaz itz egiten dau, baita bere ideko guztiakaz be. Onetarikoentzat, jakiña!, errazago da erderaz irakurtea. Oneexek be, orraitik, euskerea galdu ez badabe, ta zaletasun pixkategaz asten badira euskeraz irakurten, aldi gitxian barru egingo dabe zeregin ori erderaz baizen erraz. Sarritan ikusi doguna da auxe.

        Ostantzeko euskaldunentzat, adiralbenik edo estudiorik egin ez dabenentzat, eta beti euskeraz diarduenentzat, errazagoa da euskeraz irakurtea... eurak uste izan ez arren. Auxe da gauza arrigarria: onetariko batzuk uste izaten dabe erderaz irakurri ta ulertuten dabela, ta geien-geienetan len baizen uts geratuten dira. Irakurri eragiozue onei erderaz apur baten, eta bereala itandu zer esan gura dauan itz onek edo orrek edo arek, eta ikusiko dozuez larri zer erantzun ez dakiela. Eta ostera, notin zindo ta tolesbakoak badira eretxikeri ta andipuzkeririk ez daukenak, irakurri eragiozue euskeraz, ta agiriko da zein ederto ulertuten daben. Bai ba, euren ele edo berbetan da ta! Eretxiak eta andiputzak badira, orduan ez ezer itandu, eurenai eutsitearren guzurra dariola ibilliko jatzuez ta.

        Edonungo notiñak obeto ulertuten dabe euren elez erbesteko elez baiño, ezer esaten jakenean itzez naiz idatziz. Egi au ukatuten dauana... lau ankadun belarri-luze bategaz buztartu, ta bialdu solora, Lugintza edo Agriculturak irabazi daian.

        Zuk, U-tar J. K. adiskide orrek zeure idazki buruan ipinten dozun itanduagaz zer-ikusirik ez dauko lugin gazbako orrek diñoanak: «Euskerea ez doa iñora be».

        Ori esaten dabenai egin bear litzakioe, al balitz, erderea irakatsi ta Extremadurara edo bialdu, ia zer egingo leukean bere erdera ta guzti. Laster litzake atzera emen goseak illik.

        Esango balebe: «Ondo dator erderaz be jakitea», baietz esango geunskioe ta isilduko gintzakez; baiña «Euskerea, zetako da?» esatea, euskaldunak bere burua ukatzea da, erdaldunen buztarripean bera sartzea, gizonak egin leiken oillokeririk andiena da.

        Ori esaten daben euskaldunai, geuk al dogun guztia ukatu bear geunskioe, ez adiskidetzat ez laguntzat artu ezetan be. Iñoz geure eskuan badaukogu mesede bat egiteko erea, ta mesede au artzeko bajatorku orrelako euskaldun abenda-saltzaille zikin bat eta belarrimotz bat, onexeri, belarrimotzari egin mesedea besteari baiño lenago.

        Doillorari ez lekurik emon.

1917-XII-7

 

aurrekoa hurrengoa