www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskal idazleen bazkaria

 

        Atzoko idazkian Batxik agertu eban asmoa, euskal idazle guztiok egun batean alkartzeko nunbaiten, guztiz ederto eretxi jatan.

        Autsak daukoz onek gure Batxik!

        Ni gertu nago ba; ta izentau egizue erria ta eguna. Eraldu (organixau) egizue gure jai ori. A ze poza izango dan euskeraz itz egin al izatea ainbeste anaiekin!

        Baiña ni buru ez, ezetara be. Ikusiku ia nok ipinten nauan ni buru! Lenago izango da an burrukaldi ikaragarri bat, ori nik itxi baiño.

        Gaurko izparrakaz ez daukogu lekurik geiagorako, ta biar edo ekingo dautsagu arlo oni.

1914-VIII-22

 

        Gizonak, jakitun zagoze Batxiri otu jakola guztiok alkarregaz bazkaldutea. Asmo polita da, ta batzuk erantzun dabe poz-pozik dagozala orretarako; araiñegun Barainkak urratu eban baietz esanaz; egunokaz emen daukodaz Urni ta Zargasteren gaztiguak (abixuak) be; nik uste dot asko egongo dirala gertu.

        Baiña Batxi joan dan ezkero, bera izanik asmatzaillea ta ganera idazle errimea... baderitxozue itxi egingo dautsogu asmo orreri Batxi etorri arte. Agertuko da emen sarritxu, ba bera dabillen ontzi ori ez da andi-andia, «Bayo» da; ta Ameriketara ta urriñetara barik, emen inguruan ibilliko da, Ingalanda-Frantzia-Espaiña-Portugal, ta Euzkadira joko dau, ontzi on emengoa da ba ta.

        Guk egin geinkena da alkar artu nun izango dan alkartze ori ta iñoz dakigunean Batxiren ontzi ori Bilbaora datorrela, orduantxe eguna izentau, ta bera eldu daitenean esan: Tira, Batxi, gaiuazan ulizein tokira igandean, ara batuko dituk gure anaia euskal idazleak eta.

1914-VIII-27

 

* * *

 

        Batxi urrengo Bilbaora datorrenerako gertauta euki bear dogu nun ta zenbat bilduko garan. Bera Bilbaoratu, ta urrengo jai edo igandean izango da, naiz gitxi naiz asko. Etorteko ustea daukenak esan begie euren baia, ta adierazo zein erritan naiago daben.

        Orain arte Urnik eta Barainkak eta Belumenduk esan dauskue atsegin izan jakela alkarregaz bazkaltze ori emen idazten dogunoi. Orraitiño, ez dabe izentau bazkal-erria (neu oker ez banago).

        Atzo etorri jatan Biritxillaga-tar Josebaren idazkia arazo aunetzaz, ta onek argi ta garbi ta artez, aiko-maikoetan ibilli barik, bere eretxia onetara adierazten dau.

        «Nik diñotsat (Belumenduri) Zornotzan izango litzatekela ondoen neure eretxiz; Gernika aldeko idazleok datozala bultzian, Bilbao aldekoak be bai, eta geuk, goi aldekook be orraxe joko dogu Donostitik datorren bultzian sartuta.

        Batxik onantzakoan eupada bat egin daiola Enbeitari be».

        Onek esan dau berea.

        Orain neu noa neureaz. Nire aburua da bildu bear garala Bilbaotik Donostirako burdinbideko erri baten; bide orixe da lekurik onena Bizkaia ta Gipuzkoako alde guztietakoak errazen biltzeko. Zornotza erri egokia da zio askogaitik; batetik ondo ta merke jateko erri ona, bestetik Gernika aldeko ta Arratia aldekoentzat goiz etxeratzeko ondo, ta bestetik izparringian lan egiten dogunentzat ia bear-bearra, urriñago joango bagintzaz ba, Bilbaoratu ta bertan apaldu ta gertau orduko lanean asteko berandu egingo litzakigu ta.

        Beraz, bi gara Zornotzarakoak: Biritxiñaga ta neu.

        Asi zaiteze ba esaten zeuena, baiña arin, or albora begira egon barik, etorteko ustea dozuenok. Neuk ementxe erabilliko dot aburu zenbakuna.

        Zeuen aburua agertu baiña itz gitxitan onetara lez: «Nik, urliak, alako erritan gura dot», eta kitu. Sartu estalgi barruan, ipiñi beroni ganean «Original para imprenta», ta zentimo-laureneko seillu txikia, ta bota korriora estalgia sarratu barik.

        Jaungoikoarren! Ez eistazue sermoerik bidaldu nun gura dozuen esateko.

        Sermoiak an esango doguz, biltzen garan errian; an ezpanetatik agiriko da biotzetan gañezka daukogun maitasuna euskerarako, anaiak anaiakaz gogozko artuemona eukiko dogula; an geure ele garbi oneri emonik beroni dagokion goralbena, pozezko ikareaz igituko doguz geure asaba antziñekoen azurrak euren illobietan: an zin esango dogu sutsu geure ele txukun onetan aintzaldu gura dogula Jauna, geuri onantxe dagokigulako; an gogortuko gara geure abenda-ele au aldeztuteko beti, geurea dalako Jaunak emonda; an deadar egingo dogu gozaro ta sendaro: Gora euskera garbia!

        Gizonak, ia ba.

1914-IX-10

 

* * *

 

        Atzo artu nebazan ingitxu bi Gernikako Belumendu ta Durangoko Urni izenordedunenak. Oneek diñoe euren aburua dala Zornotzan egitea gure batzar ta bazkaria. Oraintxe gomutetan dot Batxi berberak be erri orixe izentetan ebala lenengoz bere asmo au adierazo euskunean emen.

        Beraz, onezkero bost gara bazkarira joateko gertu gagozanok eta bostok Zornotza autatu dogu.

        Gitxi garala? Ta guri, zer? Ondiño geiagok ots egingo dauala ta nago, baiña izango ezpalitz be, ardura gitxi guri alkarregaz ederto bazkaldu ta euskeraz itz egiñaz abendeari zor dautsoguna ordaintzeko.

        Batxi, Biritxiñaga, Urni, Belumendu, ta nerau, ara orain arteko bazkalkideak.

1914-IX-12

 

        Galdakaotik esan dabe Lurrobi ta Lukik ondo deritxoela Zornotza bazkari ori egiteko, ta eurak be gertu dagozala etorteko.

        Oneek idatziz diñoskuena, aoz esan dauskue Bilbaon bizi diran Amilgain, Arrugain eta Lezkainek.

        Beraz, orain arte gara amar: Batxi, Biritxinaga, Urni, Belumendu, Luki, Lurrobi, Amilgain, Arrugain, Lezkain, eta nerau.

        Ondiño geiagok ots egingo dabe, neuk uste; baiña oker andi baten banengo be, amarrek ia, zalaparta puskat atara daikegu.

1914-IX-14

 

        Lengo astelenean esan genduan amar giñeala bazkari orretarako gertu gengozanak.

        Ordutik ona geitu dira oneexek: Mirena Donostikoa, Zinkunegi osalaria, Axe, ta Imanol. Beraz amalau gara.

        Asko ta asko dagoz ondiño gure izparringi onetan idatzi dabenak; gomutau baiño ez daukazue lengo egun baten Batxik agertu eban erreskada andia.

        Oneen artean asko dira lekaide ta jaupariak, eta oneek ezin leitekez etorri. Eurotarik batek, M. B. S.-ek, idatzi daust, etorri ezin izango dan arren bere gogoa geukin egongo dala, ta opa dausku egun alai onuratsu bat. Eskerrik asko, jauna ta adiskidea; aske bazengoz ba dakigu etorriko zintzakiguzala.

        Beste batzuk, jantzi laburdunak izan arren, euren errietako jauntxu edo kazikearen bildur-bildur dira, gure bazkarira joan ezkero igarriko dautsiela nor dan, eta gero barregarri erabilli; orregaitik dagoz isilik. Oneetariko bat da Txiñuelo Mañarikoa. Beronen gaisoa nor dan jakingo baleutsoe! Errekies... Katin... patze, gure erriko sankristauak esaten dakian lez. Euren buruen jabe ez diran oneetariko idazle gixajoak be ezin jakuz etorri. Urrengo baten, sokapetik urtenda badagoz edo, etorri al izango dira. Euren gogoa ba dakigu geuretarra dala ta... tira.

        Beste batzuk dagoz nagiak, geugaz etorteko gogoa dabenak, baiña ingi zatitxu baten esateko ba datozala gauza ez diranak; oneetarikoak irakurri dagienean «onen egunetan dok», dapa! agertuko dira eguerdirako bazkari lekuan esaten: «Emen nator ni be, mutillak». Baiña jazo leiteke guk aurreztik aginduta euki onenbestentzako bazkaria, ta gariez datozanak gugaz batera maian ezin jesartea, geiagorentzat bazkaririk gertauta egongo ez dalako.

        Nik, benetan diñot, uste neban askozaz geiago bilduko giñeala. Zer egingo jako? Garanak garala, egin gure bazkari ori; gitxi izan arren zintzoak bagara ez da ardurarik.

        Bayo ontzia dago, atzoko EUZKADIn eta gaurkoan be bai ikusi daiken lez, Ingelandako Middlesbro-n zama-isten ille onen 13 garrenetik; laster alde egingo dau andik, eta onantza badator, zain egongo gara, ta ona elduko dan urrengo iganderako iragarriko dogu batzarra, ta egin eta kitu.

        Eta iñok esango baleu ia Imanolek noz euskeraz idatzi dauan erantzungo jako bazkaria izango dan eguna baiño lenago idatziko dauala, ta berak ez dau uste, baiña ondo.

        Lengo egunean Batxiren izen erreskadan Zarrontzale be agertu zan; onek ez dau idatzi bein be, baiña bai idatzi eragin; eta augaitik eta Batxik izentau daualako, etorri daitela gura badau; arrera ona egingo litzakio baletor.

1914-IX-19

 

        Araiñegun esan genduan amalau giñala Zornotzan bazkalduteko gertu gagozan euskal idazleak.

        Atzo irakurriko zenduen Elgoibarko Urkiagaren idazkia gure izparringian; a gertu dago, ta beraz amabost.

        Baiña bart artu nebazan idazkitxo bi: Eibarko Zargastena ta Portugaleteko U-tar J.-ena, adierazorik eurak be ba datozala.

        Onetara amazazpi gara. Ederto, mutillak! Ba joak aurrera!

1914-IX-21

 

        Gaurko idazkian diño Batxik «emetik amabosterantz urtengo dogu orrantz», ta idazkia da 11 garrenean eginda. Orain neuk ez dakit zeatz zer esan gura dauan, ala egun artatik asi ta amabost egun geroago ala ille onen amabostean dala urtetea; batetik bestera amar egunen aldea dago.

        Amaboskarren egunean urten badira, datorren astean emen da Batxi bere txokor, bere txilibitu, bere piperpote ta bere kapela zuriagaz, onez ganera beste gauzaren bat ekarri ez balei, Galiziako gaitaren bat edo. Amabost egun geroago bada, orduan ille onen azkenean edo urrengokoaren lenengoetan agiriko da.

        Bera datorrenean bereala aginduko dogu bazkaria Zornotzan, eta izango ez dan lez ministro plenipotentziarioen banketea, egun bat edo bi aurreztik aginduta be laster gertauko dauskue, pillo andia be ez gara ta.

        Ara zenbat eta zeintzuk gagozan izena emonda an alkarregaz jateko:

        Batxi, Biritxiñaga, Urni, Tabira-tar, Belumendu, Luki, Lurrobi, Amilgain, Arrugain, Lezkain, Mirena, Z. osolaria, Axe, Imanol, Urkiaga, Zargaste, U-tar J., Barainka, Egi-Alde, Txori-Erreka, Kardantxillo, Pizkunde-Zale, Enbeita, eta nerau. Guztira 24.

        Ai! aiztu jat ia. Gaur Egunekua onetan agertzen dan Sollubeko Sorgiña be ba dator, ta olan 25 gara. Gibelpe Bermeokoak esan euskun ez dakiala ondiño etorri al izango dan, eta gaztigauko ebala egun bat edo bi lenago.

        Zarrontzale-ri dei egin eutson lengoan Batxik, esanik ondo artua izango litzakela. Bai arraietan! Baiña ez da etorriko, alde batetik abadea dalako ta abadeak igandetan zeregiña euki daroe bakotxak bere eleizetan, eta bestetik gu lako hereje-tzarrakaz gura izango ez leukelako batu. Or konpon; badator, arrera ona egingo jako, ez badator geure errazioneak garbituko doguz pake ta amorio santuan... eta kitu. Zer egingo dautsozu ba! Errekara itxi buruari? Ez orixe!

        Euskal idazle neure lagun maite orreek, zuur eta zain egon zaiteze ba datorren astean izparringi onetan jakiteko noz eta zein etxetan egingo dogun bazkaria, ta azurbakoa ondo gertauta eroan barriketaldi galantak egingo doguz egun orretan ta.

1914-X-17

 

        Lengoan zenbatu nebazan 25 lagun bazkari orretara joateko gurari diranak.

        Gaur bi geiago ezarri bear dautsedaz: Baztandarra, ta Aizkibel-tar Bingen. Beraz 27 gara.

        Atzo artu neban Batxiren idazki bat, biar argitalduko doguna J. 1., ille onen 16an egiña. Onexek argitzen daust lengo egunean adierazo neban ezbai edo duda; ez dira urten 15ean, eta ez diño ezer urtekuntzeaz; beraz datorren igande edo astelenean urteteko izan bear dabe, ta andik onako bideari bost bat egun jo ezkero Azillaren lenengorako dira emen okerrik ez bada.

1914-X-19

 

        Datorren igandean, ille onetako 25ean, egin bearko dogu ba geure bazkari ospetsu ori. Batxik diñost atzo elduriko idazki baten, gaur, 20an, urtengo dirala Lisboatik eta Bilbaora joko dabela 23an, bariku edo ostiralean, eta berak diño igandean egin bearko dala. Bai ba; bere ontzia utsik dator, ta bereala zama-artzen asiko da, ta urrengo astea amaitu orduko bearbada itxasoratuko da barriro, batek ba daki noz atzera etorteko.

        Esango dogu leku onetan Zornotzako zein etxetan izango dan bazkaltokia ta zein saneurrikoa.

 

* * *

 

        Gaurko Zumarragatiko idazkian Elaire-tar Sinborenek adierazten dau berak Zornotzara baletor esango leukezanak. Asmo ederrak dira, batez be, Euskal Begiratzaille-Bazkunarena; auxe egokia izango litzake, ta uste dot gaurtik laster bearra be izango dala, itz barriak guztiok batera erabilli daiguzan; ibilli ez gaitezan batzuk alde baterantz eta besteak besterantz, eta indarra ta astia galdu orlan.

 

* * *

 

        Orretariko asmakizunak erabagi ta aurrera eroateko neuk uste dot Zornotzan bilduko garanok ez garala. Ez neuke gura iñor mindu, baiña nire aburuz, Axe alde batera, beste enparauok ez gara jakintsuak euskereatzaz; euskal idazleak eta euskaltzaleak bai, euskal jakintsuak ez. Eta orrelako arazoetan sartzeko jakintsuak obe litzakez; eurak erabagi ta guk jarrai.

1914-X-20

 

        Biar emen da Batxi, okerrik ez badauke bidean, eta igandean egin bear gure ainbeste bider aitaturiko bazkari zorionekoa... Au dok au! Ondiño gertetako jaukaguk eta!... Arrano gorri-gorri bat!

        Gizonak ba!... atzo goizean oe epeletik urten nintzan nagika-nagika, ta begiak andi-andi nebazala, San Anton ondoan sartu nintzan tranbian, eta or naioak Zornotzarantz gudako bateko biribillak iruntsi ta iruntsi.

        Lemoan ba daurkit adiskide maite bat Zornotzarantz datorrena bera be. Ditantsot jatetxe on bat, jabea abertzalea dana. Darantzust: Orra, ortxe daukozu.

        Sartu, ta itundu neban jatetxe-jabeagaz gure bazkaria onetaraxe: Iru lapikoko (indaba, aza), arraiña (badago) edo makaillu on-ona ostantzean, bizkarki-okelea, oillazkoak, igaliak (matsa, sagar), gaztaia, txakolin zuria edo gorria ta ardaoa, akeita, txol betena edari gogor. Amazazpina errial ordaintzea dagokigu bazkari orregaitik.

        Jatetxe au dago Zornotzako Jel-Batzokia dagoan etxean bertan, Batzokia baiño oin bat berago.

        Ba dakizue ba nun, zer ta zenbat dan bazkaria. Ordua... nik uste dot eguerdian dala ondoen.

 

* * *

 

        Nik lengo egun baten argitaldu neban Zornotzarako baietza emonda dagozan idazleen izen erreskadea.

        Orra ba, atzo Lurrobik iñostan bera ez datorrela ta ez dauala esan etorriko danik be; orrez ganera, Biritxiñagak diño ez nebala aitatu Txindurri...

        Arraio-arraioa! Ez ba; oingoan ondo kontau (zenbatu) bear joadaz ba.

        Ta, illabete ta erdi onetako izparringi guztiok mai ganera atara, ta emen ibilli naz billa ta billa alik zeatzen... okerren bat egin ete dot? Baleiteke, Adan zanaren kastakoa alperrik ez naz ta.

        Ara zeintzuk diran:

        Batxi, Biritxinaga, Urni, Belumendu, Amilgain, Arrugain, Lezkain, Z.-tar osalaria, Axe, Imanol, Urkiaga, Zargaste, U-tar J. Portugaleteko, Egi-Alde, Barainka, Txori-Erreka, Kardantxillo, Pizkunde-Zale, Tabira-tar, Enbeita, A-tar J. Muxikako, Txindurri, Sollubeko Sorgin, Baztandarra, Aizkibel, U-tar A. Zornotzako, Legarda, Urkiazelai, Luki, ta nerau.

        Zumaiako Emengoak eta Bermeoko Gibelpek iñoen al baeben etorriko zirala, baiña ezin leiela gauza osorik esan.

        Beraz, ogetamaika, 31, gara.

        Lenengorako polito da.

 

* * *

 

        Eup! Eup! eta... iiEup!!

        Aurreko guzti orreek idatzita gero, eldu jat eskuetara Batxiren idazkia, ta diñost urten zirala Lisboatik astelen-arratsaldeko lauretan, eta mustur-aldeko aizerik edo eukiten ez badabe gaur arratsaldean elduko dirala emengo iztate edo portura.

        Baiña... auxe jagok ba!... Lisboan oraintsu izan da zaratea gangeri edo cólera egoanarena, ta ez da ezer izan; baiña ango kontsul españiarrak osasun-agiria (patente de sanidad) ez dautsela emon ez garbi ta ez loi, ezbaikoa; ta augaitik jazo leitekela emen Bayo ontziari sartzea ez istea egun batzuetan, eta Batxik diñost gaur arratsaldean neuk itandu dagiodala Portugaleteko Itxas-osalariari (a Sanidad Marítima) ia Bayo barrura datorren ala egun batzuetako gelditzen dan.

        Egin dot ba jakin-billatze ori, ta biar goizean esango dautsuet zer izan dan. Batxi barik ez goaz; itxarongo dautsogu urrengo igandera arte. Ezta?

1914-X-22

 

* * *

 

        Gauzak oker urteten asten diranean...

        Atzo arratsaldean urrutizkiñez itandu neban Santurtzeko Itxas-osakuntzara (Sanidad Marítima) ta erantzun eusten Bayo ontzia kaian egoala; Bilbaotik joan bear ebela Itxas-osakuntzakoak bera ikertu ta keztuten, eta gero erabagiko ebela oneek, ontzia lazaretoan ipiñi ala ibaira sartzen itxi; ez ekiela noz joango ziran osalari ikerle orreek eta ketzailleak, ia bostak zirala ta etzirala agiri, iñoz jazo dan lez biaramonerako itxiko eutsoen be ez ekiela, ta au ta ori ta bestea.

        Gerotxuago deitu neban Bilbaoko Itxas-osakuntzara, ta andik erantzun eben osalariok eta ketzailleok joan zirala Bayo ontzira.

        Geroago deitu neban Santurtzeko osakuntza-landolara (ofizinara) ta inok erantzun ez; deitu orduan Bilbaokora ta emen be bapez; antza danez, bostetatik laster ateak itxi ta, or konpon! alde egiten dabe lanari ostikadea emonda.

        Orduan deitu neban ontzi jabearen etxera ta emakumeren bat, katua lakoze abotsaz, jarri zan tramakuluan eta Bayo ontzia aitatu neutsaneko, dri dra! ebagi eustan itza ta esan eustan ugazaba etzala Bilbaon eta eurak ezer be ez ekiela, ta klank! eskegi eban entzukaia ta kitu, len aiñean.

        Geratu nintzan ba jakin eziñik gure Batxi biar leorreratuko dan ala kaiolan itxiko daben egun batzuetarako.

        Ba, gaur goizean goiztxo jagi ta neu noa ontziaren billa, ta neurez jakingo dot bear doguna, ta biar larunbatan esango dautsuet ementxe.

        Biar arte, beraz.

 

* * *

 

        Beste bi geiago daukoguz bazkari lagunak: Bermeoko Gibelpe, ta Gernikako Txamorro.

1914-X-23

 

* * *

 

        Atzo goizean jagi oetik neure egunoroko taria baiño ordu bi lenago, ta begiai igurdika eskuakaz sartu nintzan Portugaleteko bultzian (trenean). Ara eldu ta bertako nasa musturreko torrean itandu neban bear nebana ta erantzun eusten Bayo ontzia goizeko seiretan sartu zala ibaira. Au jakinda nasaitu jatazan barruok eta biurtu nintzan Bilbaora; joan nintzan telegrafora edo urrutidatzera (??) ta bidaldu neutson izparra Zornotzako jatetxe jabeari, esanik ipiñi dagiala bazkaria ta iru-lau leku geiagorentzako.

        Beraz, mutillak, biar eguerdirako ara jo. Bazkalduko dogu pake ta amorio santuan, eta gero itz egingo dogu geure gauzetzaz. Txamorro-k iñoan atzo, itz-egite au obe zala bazkal aurretik. Ondo bazkaldu ta gero giro edo aro ona ixaten da ba barriketan egiteko; bazkalduta, urdaillak zeregiña eukiten dau bota jakon jatekoaz, ta burua orduan aske egoten da berak gura dauan lekuetatik ibilteko.

        Arratsaldean idazkola onetara etorri nintzanean Batxik deitu eustan Barakaldotik urrutizkiñez ta itz egin genduan. Gertu dago bera be biarko.

        Txokorrak makarrak... zelan da gero? Ai ene, txilibitua ez da niretzako! Zer egingo jako! Iñoz musikea jo gura izan daidanean... violon-a eskatu bearko dautsot... nori? Neuk dakidan vascuentzista accerrimo-a dan batenbateri.

1914-X-24

 

* * *

 

        Ias! Egun ederra igaro genduan atzo.

        Eguerdirako an giñean guztiok, Batxi izan ezik; au be amabi ta erdietako tranbian agertu zan, bere txilibitu ta txokor ta abar; ta geroago, sartu giñean jatetxean, jesarri mai ederto gertaurikoan, eta bazkaldu genduan pake ta amorio santu baten.

        Ederto bazkaldu be. Gauzea ugari ta ondo ipiñita izan genduan. Txalo bat Aurtenetxe-tar Bernarta jatetxe jabeari ta bere otseiñei.

        Bazkari azkenerantz Batxik irakurri ebazan bere itz-neurtu batzuk itxasoko bere bakartaldietan eginda daukazanak, polito eginda atan be. Onek Batxik autsak daukoz.

        Gero akeita artzeko gengozala barriketa bete-betean, orra nun agertu jakun morroi bat besapean kutxa baltz bat eroiala, ta otoi egin euskun kalera urten eta pilloan jarteko, geu guztion porrotogarrapia atara nai ebala ta, nora edo ara bidaltzeko. Erderaz itz egin euskun arren gogorik onenagaz jagi ta joan giñean Udaletxeko albo-orma ondora, arrizko jesarleku luze bat dagoan lekura, ain gara gu bildozkiak! Bestetara izan balitz, bestetara!... erdaldun artera joan balitz euskaldun uts bat, euskeraz itz egiten baiño ez dakiana esan gura dot, ak entzun bearko zituan entzutekoak!: ¿De onde ha salio ese salvaje? ¡Que vaiga y deprenda a hablar como las presonas! ¡A ladrar a tu casa, vascuence! Gu ez gara olakorik iñori esateko, ta ondo da izan ez gaitezan be; jagon daigun beti gugandik eurekana dagoan aldea.

        Bereala biurtu giñean jantokira ta artu genduzan akeita eta txol bana. Bitartean Batxik atara ebazan maira iru penny-ko txilibitua ta txokor pillo bat. Txilibitua Urni Durangokoak irabazi eban amar bidar ta arnasa baten zeatz esanik: Txokorrak makarrak ixaixarrak txikerrak zuretzat, eta gero beste arnasa baten amar bidar itzik galdu barik: Luzekorrak lodikorrak tokorrak txokonak niretzat. Urni, Jaungoikoak jagon dagitsuzala urte askotan min askatu on ta arnasa luze ori. Mutillak!

        Ixetu genduan txokor bana ta mustur ertzetik kea dariola asi giñean ba geure euskereatzaz barriketan. Batxik esan eban Bazkuna egin bear genduala, bakotxak onenbeste illero emongo leukeanaz argitaltzeko euskerazko ingurriak (orriak) eta oneek zabaltzeko baserritarren artean, ikasi dagiezan Aberriatzazko jakinbearrak eta olan euskereari ta enparau gauza geureei maitetasuna izan dagioen. Gero Txomorro Gernikakoak adierazo eban sendien Bazkuna bear zala bere eretxiz euskerearen alde, zaletasuna zabaldu daiten emakume ta umeterian be. Tabira-tar ta Axe-k esan eben Bazkuna bear dala ume ikastolai laguntzeko, ikastolea dala oiñik sendoena euskereari gorantza eragiteko ta... bear dana dala idaztiak (liburuak) umeentzako. Guzti oneen eretxiekaz bat zirala, an egozanak adierazten eben Bazkun bat, euskaltzaleena, bear-bearra dala, ta irasi egin bear dala. Batxik gura eban antxe bertan bereala irastea. Belaustegigoitia-tar Perderikak azaldu eban Jel-Alderdi Buru-Batzarrak asmoa daukola Euskaltzale Bazkuna irasteko, an esan ziran gurari guztiak izapidean jartzeko, ta au entzunik erabagi genduan Buru-Batzar orreri oso-osoan laguntzea bere asmo onurakorrean, eta berau agertzen dan artean, orain arte lez jarraitzeko idazten geure ele maitean.

        Igon giñean gero Batzokira, ta an abesau eban eder-ederto eusko abesti polit bat Tolosako Eizagirre jatorrak, eta oni txalojote aundi bat egin ondoren, abesau genduan guztiok batera geure Ereserkia, ta alkarri agur egin geuntson beste bat arte.

        Atzo bildu giñeanak ara: Belaustegigoitia-tar Perderika, Tabira-tar, Urni, Kardantxillo, Biritxiñaga, Pizkunde-zale, Lopez Mendizabal-tar Ixaka, Eizagirre, Axe, Urriolabeitia-tar A., Batxi, Zargaste, U-tar J. Portugaletekoa, Legarda, Urkiazelai, Urkiaga, Txindurri, Amilgain, Sollubeko Sorgiña, Lodi, Aizkibel, Txomorro, Enbeita, Altube, Txori-Erreka, Luki, Arrugain, Lezkain, Eli, Eladi, Gibelpe ta nerau.

        Agurra bidaldu eben Zinkunegik, Errenderiko Olaziregi Uarte ta Lasak, euskerazko telegarrametan; Urki Zornotzakoak idazkiz, Kirikiñok irakurri eban idazki eder bat Bilbaoko Euzko-Gastediarena agur egiñik eta eskeintzen jakela euskal idazleei edozetan laguntzeko orain arte beti euskerearen alde egin dauan lez.

        Andik alde egitorduan bostekoa banan-banan estutu neutsenean neure lagun maite arei, otoi egin eusten guztiak euren izenean Batxiri eskerrik asko egiteko bere asmoa dala ta Zornotzan bildu ta alkar ezagatu ta egun eder bat izan dogulako, ta Batxik ostera eskatu eustan esateko leku onetan laztan estu bat anaitarra dagitsela guztiei.

        Ai Txiñuelo, etorri baziña!

1914-X-26

 

aurrekoa hurrengoa