www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskaldun orratza erabilliko
dauanaren bearkunak

 

        «Lenengoa.— Euskaldun guztiai itz egiten eta idazten alik zintzoen aleginduko da, batez be euskaldun ikurra erabilliko dabenai.

        Bigarrena.— Euskaldun bat ezer itanduten beragana joan ezkero, euskeraz erantzungo dautso, ta bere arazoa alik ondoen atonduko dautso.

        Irugarrena.— Euskerearen alde egiten zintzo-zintzoro aleginduko da, leku ta alde guztietan be».

 

* * *

 

        Or gorago doana bidaldu dau ona norbaitek, ez dakit nor dan.

        Euskaltzale-Bazkunako mutillei ez dautset itandu aspaldian zelan dabillen euskal orratzen zabalkundea; ez dakit ba geituz goazan orrazdunak ala gelditu dan orratz au erabilteko lenengoetan agertu zan garra edo jorana.

        Ori ez dakit, baiña bide bitatik etorri jat albistea, len orratza ipiñi eben batzuk orain ez darabillela. Egia dala bete-betean siñesten dot, ondo dakit ba zelako gizonak (tira, zelan edo alan deitu bear jake) dagozan alde guztietan eta emen geure artean iñun beste. Notin batzuk, edo askotzuk, izaten dira talde aundiko ardiak; gitxi dagozan aldran ibilteak lotsatu edo bildurtu egiten ditu; asko-lekura beti joten dabe.

        Orreek uste izan eben, ausa, orratz onegaz ibilliko giñeala euskalerriko biztanleak eunetik larogei edo, ta bereala eurekandu orratza ta arroarren ebiltzan: Ona ni euskaldun garratza.

        Baiña geroago, ikusi ebenean, gitxi giñeala, ta sarritan egun osoa igaroten zala orrazdunik aurkitu barik, eta orratz onen arerioak destaiñaixuren bat jaurtiten eutsiela irribarreka, agur orreen adorea ta gizontasuna!

        «Zeintzuk dozak geiago orrazdunak ala orrazbakoak? Orrazbakoak askozaz be, zetan esanik be etxagok!

        Orretara ezkero, neu be enaioak erabilten, lotsa nok; iñok etxarabilk eta, danak barre ta burla egiten jauskuek eta».

        Orra or zegaitik kendu daben orratza, gizon erbikoi orreek: lotsarren.

        Eta ez dabe igarten, doillorrok, askozaz lotsagarriago gelditu dirala ori egiñaz; orain destaiña egingo dautsegu orrazdunak, eta len baiño destaiña geiago egingo dautsie orrazbakoak, eta ondo egiña, orrelakoei etxagoke gitxiago, gitxiren batzuk diralako.

        Ut gizon iguingarriok! Ondo egin dozue gure aldratik urteteaz, gitxiago izan arren pozago gagoz. Lagun txarragaz baiño bakarrik obeto da.

1915-V-14

 

aurrekoa hurrengoa