www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Atzo

 

GOIZEAN

        Iragarrita egoan lez zortzi ta erdietan Deun Bingen Abandoko eleizan ospatu ziran Jaupa ta otoizketak Arana Goiriren eta il diran bizkaitar abertzaleen gogoen alde.

        Urtean-urtean lez ozte aundia erdu zan bertara. Gastediakoak ederto abestu eben.

Atsegiña izaten da beti ainbeste lagun ikustea otoi egiten Sabin zanaren alde. Ori dagokigu euskotarrai, ezin lei zenbatu ba zer zor dautsogun Sabiñi. Orretara esker ona erakusteak asko goraltzen dauz Bilbao-Abandoko abertzaleek.

 

GABEAN

        Centro Vasco deritxon Batzokian ospatu zan batzar gomutagarria Sabiñen aintzaz.

        Itz egin eben bik, batak euskeraz, besteak erderaz.

        Areto edo salon ederto bete zan abertzalez. Euskeraz itz egin ebanari eskatu geuntson bere izkaldia, ta ona emen:

        «Urtean-urtean, gaurko egunez, biltzen gara Arana Goiri-tar Sabin zanaren gomutaz. Egia esateko, beti darabilgu bera geure gogoan, baiña gaur alkarregaz berariz gomutatzen dogu geure Abenda zar antziñati onen semerik andiena. Gaur dagigun gomutakunde onegaz biztu ta berotu bear dogu, urte guztian bakotxak erabilliko dauana. Bear-bearra dogu euskotar abertzaleak Arana Goiri-tar Sabiñen gomutea ezer egin gura badogu geure Aberri zorigaiztoko onen alde.

        Emen bildu garan guztiok ondo baiño obeto dakiguzan arren Sabiñen irakaste argi-argiak eta bere egintza goralgarriak, ez da ardura, aitatu ta esan daiguzan barriro be, ondiño barrurago ta gogorrago sartu dakiguzan geure gogoetan, untze bati maillukadak beti be emoten jakozan lez, nasaitu ta lokatu ez daiten, eta gogor bere lekuan iraun dagian.

        Esan daigun ba Sabiñi zor dautsogula geure Aberriaren ezaugarria. Sabin irakasten asi arte iñok ez ekian emen Aberriaren barri, guztiok geunkan Aberritzat, egin-egiñean be geure Aberria menpean daukon erria. Au zan ostera itsutasuna! Begien aurrean geunkona, ikusi ez! Berak, Sabiñek, jakin eragin euskun ba zein dan geure Aberri au; berak adierazo euskun zein zoritxarrekoa dan, berak argi-argi ipiñi euskuzan zein ederra dan Aberri onen edestia edo istoria, zein politak diran beronen ekanduak (jolas, abesti ta abar), zein sakona ta zein geurea dan abenda-ele samur gozo au, euskera zar au; zein zuzenak eta zein egokiak diran Aberri onen legeak; zein berezkoa ta banakoa dan eusko semea beste abenda semeakandik. Abendea, edestia, elea, legeak, ekanduak... guzti-guztia argi ipiñi euskun geure begien aurrean. Eta ez euskun irakatsi bakarrik egin, etzan esanean bakarrik gelditu, egiñera sartu zan, eta gogor sartu be; erakutsi euskun zenbat maite eban berak iragerturiko euskotarren Aberri errukarri au, beronen alde egitearren ardura barik galdu ebazala bere ogasuna, bere adiskideak, bere bizikera ona, bere ogasuna, ta azkenean bere bizia. Adimenaz andia izan bazan ikusirik eta igarririk iñok ordurarte ikusi ta igarri ez ebana, etzan izan txikiagoa guramenez: buru argia baizen biotz sutsua izan eban Sabiñek, eusko errian izan dan gizonik andiena zanak. Goian bego.

        Il jakun. Bere gogoa Jaungoikoagana joan zan; bere gorputza an dago Sukarrietako illobi txiro ta bakar artan.

        Beraganako zor andia dogu. Zelan ordaindu? Bere gogoaren alde Jaunari otoi egiñik, gaur goizean txadonan bildurik egin dogun lez, eta bere neke guztiakaz erakutsi euskun Aberri bide zuzenean jarraiturik, orkarte edo pausurik galdu barik alde batera edo bestera.

        Gaur lako egunetan biltzen garanean bere gomutea biztu ta sendotzeko, asmoren bat artu bear geunke zeozer bat egiteko berak egin ebanaren antzera. Adibidez, guztiok dakizue Arana Goiri txikitatik etzala euskalduna, geroago abertzaletasun argiak jo ebanean artu eban asmoa euskerea ikasteko, ta ba dakizue noraiño eldu zan euskaltasunean; ez eban itz egiten eta idazten bakarrik ikasi, gure euskerea azterkatu eban sustar-sustarretaraiño, euskal jakitun andienetarikoa egin zan, jakintasun andi au lortzeko urte askotan gabak igaro zituala ikasi ta ikasian; etzan gelditu onetan, ez eban izan naikoa euskal jakitun errimea izanaz, euskerea zabaltzen alegin andiak egin zituan bere buruaz ta bere diruaz.

        Bere bide on ori artu daigun geuk be; lan egin daigun gogoz euskerea eutsin, indartu ta zabaltzen, gizonak ba, euskera bako Euzkadirik ezin izan leiteke ta.

        Gaur ba, geure Irakasle maitearen gomutaz dirautsuet erabagi daigula ementxe euskaldun guztiok euskerea bear-bearreko egitea emen gure Aberrian bizi izateko. Au entzunik esango dau batek baiño geiagok: «Ori or zeuek orretan zabiltzenok egin bearko dozue, nik ba naikoa jaukoat neure etxerako ogia irabazten egun guztian lanean ibillita». Ori diñoanari diñotsat baiña: Euskerearen alde lan egiteko ez uste bear danik idazten eta irakurten eta ikasten egun osoan ibiltea, ez olakorik; euskerearen alde zuk uste dozun baiño lan geiago egingo dozu igarri barik. Zelan? Euskeraz beti, al dozun guztietan, itz egiñaz.

        Orixe da, ori, egin bear doguna guztiok; beti euskeraz egin, geure buruaz ta geure etxeetan, kalean, tranbi ta trenetan, au lako lekuetan, dendetan, naiñun... ezetarako iñor edo ezer bear dogunean euskaldunagana jo; gu lako bi edo iru edo geiago alkarregaz euskeraz izketan diñardugunean, artera erdaldunik bajatorku, ezer diñoskunean erderaz erantzun ari baiña geuk euskeraz jarraitu, ez itxi euskerea a etorri dala ta, zer diñogun jakin gura baleu ikasi dagiala gure elea; euskaldunik erderaz jatorkunean adarra joten beste leku batera bidaldu; gauza guzti oneetan oso gogortu bear dogu, euskerea da geure elea ta ez dirudi, aldirik geiena doakigu erderaz itz egiten, beti bildurrez beti lotsaz, ez ardurarik izan gu basati kirten batzuk garala iñok esan leikela ta, asarratu egingo jakuzala ta... gizonak, asarrea beste gauza guztiak lez ondo da aldizka edo txandaka, ta euskaldunak arazo onetan ez gara iñoz asarratu, ta onezkero ordua da ta geu be nozbait asarratu gaitezan.

        Onantxe, su ta gar, asten bagara, laster baiño laster egingo geunke emen euskerea bear-bearrekoa bizi izateko, ta egundoko ariñen zabalduko litzake. Orduantxe beteko geunke gure Irakasle Sabiñek bein esan ebana: «Euskereari indarra emoteko euskaldunen artean, bear-bearrekoa egin bear da zetarako edo atarako».

        Artu daigun asmo auxe ba, ta opaldu dagiogun gaur Sabiñi: Al dan gauzea balitz bera berbiztu ta ona geure artera etortea, egon ziur pozik andiena emongo geunskiola ta laztanduko gindukezala asmo onegaitik.

        Jo daigun euskerara; gure elea biziko dan artean gure Aberria be biziko da, ta zenbat biziago ta sendoago ta aberatsago ta indartsuago izango dan euskerea alantxe biztu, sendotu, aberastu, ta indartuko da gure Aberri auldu au.

        Gizonak, uste egin daigun Sabin Irakasle maitea ementxe geure artean daukogula ta beragaz batera deadar dagigun: iGora Euzkadi!»

1914-XI-26

 

aurrekoa hurrengoa