www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskaldunen alde

 

        Erenegun, Gipuzkoako Diputazioan, Orbea, Intziarte eta Angulo diputaduak agertu zuten erabakizun bat, euskera jakitea ez dedilla bearrezkoa izan Diputazioaren otseiña edo enpliadua izateko.

        Elortza, azpeitiar diputadu jaimetarrak erantzun zien euskera bear-bearra dala Diputazioaren otseiñentzat, euskaldunekin izan bear dituztelako beren artu-emangeienak; eta onez gallera, gaurko egunean euskeraren aldez alde guztietan gogoz ari diralarik, ia zergaitik atzerakada ori egin bear zuen Gipuzkoak, euskalerriko zatirik euskaldunenak.

        Olazabal diputadu integristeak sendotu zuen Elortzak ain ederto azaldu zuena.

        Gero, auteskundera (botaziora) sartu ziran, eta Orbea piperpotea eta bere lagunen erabakizuna atzeratua gelditu zan, eta zutik, orain arte bezela, Gipuzkoako Diputazioaren otseiña izateko euskalduna izan bearra dala.

        Euskeraren alde autarkia (botua) eman zutenak dira: Elortza, Aztiria, Aranburu, Orbe, Ayala-Gaitan, Lazkibar, Arregi, Olazabal, Ikazategi, Ameztoi, Bianki, Zabala (Lendakaria), eta Laborda. Amairu.

        Euskeraren kaltez: Orbea, Laffite, Aginaga, Angulo, Intziarte. Bost.

        Nik ez ditut ezagutzen diputadu oiek eta esan didate, alde autarkia eman dutenak dirala: lenbiziko bostak jaimetarrak, urrengo zazpiak integristak, eta azkenengoa liberala.

        Zorion agurra damaiegu eta txalo beroak jotzen dizkiegu euskaldun jatorrak diraden gizon oiei.

        Kaltez autarkia eman dutenak omen dira: lenbiziko biak piperpoteak, eta beste irurak liberalak.

        Auei dasaiegu (esaten diegu) oker egon dirala beren asmoan. Gipuzkoa euskalduna da oso, eta otseiñak nagusiaren ele edo izketea jakitea bidezko gauza da; bestela, nola antolatuko dira elkar ulertzeko? Eta ez du balio esateak Gipuzkoan jaiotakoren bat gelditu litekela otseintza-leku oietara eldu eziñik euskera ez dakialako, ba leku oiek ez dira egiñak oneri edo areri irabazpidea emateko, gipuzkoar guztiei bear diran arazoetan erantzuteko baizik, eta ontarako euskera jakitea bear-bearra da, ta ez badakite... ikasi dezatela. Eta oraindik gutxiago balio du esateak euskera-beartasun orrekin otseintzarako onenak atzean gelditu ditezkela, ba euskalerrian eta batez ere Gipuzkoan, euskera dakitenen tartean mutil azkarrak daude beti bezela, edozetarako jaioak diranak, erdaldunakin neurtzeko ta aurrenen irtetzeko gai diranak.

        Ez, orretan ez zerate zuzen egon.

1914-XII-18

 

aurrekoa hurrengoa