www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Gernikako batzarra

 

        Euzko-Ikaskuntzaren III Batzarra aurten Gernikan egiten da, ta gaur da bere asiera eguna.

        Aurtengo Batzar onetan gai bi bakarrik adiralduko (estudiauko) dira: gure izkuntza bata, eta Eusko Erriko Irakaskintza bestea.

        Batzar onetan egingo diran itzeikizun, irakaskizun eta erabakizun guztiak gai bi orrei buruz izango dira.

        Jaungoiko-Goteunak argituko al dautsez adimenak eta sutuko al dautsez biotzak Gernikara batzen diran euskaltzale ta euskozale guztiei, eta Batzar orretatik urtengo al da zeozer onuratsua gure Aberriarentzako.

        Geure aldetik, «Euzko-Ikaskuntza»ri eta batzarkide guztiei zorion agur biotzeko bat. Jauna zeuekaz!

 

* * *

 

        Aitatu doguzan gai biok, izan be, garrantzi andiena dabenak dira gure Aberri bizkunde onetan.

        Euskerea lenengo, gure aberriaren arnasea, gure aberria izango bada bear-bearrekoa dana, ba ez dogu uste iñor egongo danik euskera bagako eusko erririk izan leitekenik. Euskera galtzen bada... agur euskaldunen edo euskotarren erria!

        Irakaskintza gero, auxe da gure bizkunde guztiaren oiñarria, ortixek asi bear euskerea ta euskotasuna txikitatik euskotarrari irakasteko, gure erriko umeak izan daitezan euskozaleak eta euskaldunak.

        Ortxe dago abertzale guztiontzat oraingo burruka lekua edo lan egite-lekua, ortxe gogor egin bear dogu. Gogor egin bear dala esateaz ez dot esan gura gero, zarataka ta arramuskadaka ibilli bear dogunik, ez olakorik, bapez zaratarik, eta batu onetarako euskerea ta euskaltasuna maite daben guztiakaz, abertzaleak ez dirala badiñoe be. Gure asmoak izan bear dau ekarri onurea, ekarri gauza ona gure Aberrira, bide batetik edo bestetik, geuk bakarrik ezin badogu, edozeñegaz batzauta.

        Eskolea da gaur gauzarik bearrena Euzkadin. Abertzaleak, goazen eskolaren billa! Eta orretarako... goazen lagunen billa!

        Eta... ortxe, Gernikako Batzarrean euskaltzale guztiak lagun egin daiguzan, eta Aberriaren onak eskatu ezkero, euren lagun egin gaitezan.

1922-IX-10

 

aurrekoa hurrengoa