www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Artzain otsozaleak

 

        Atzo, Santurtzerako tranbian sartu nintzan emengo Deun Nikola ondoan, eta neure aurrean jesarri zan gerotxuago abade jantzidun bat, kapela egal-zabala buruan, eta paparreraiñoko bizar baltz ederrakaz. Neure artean esan neban: «Sekulako gizona dok berau. Belgundaria jirudik».

        Sakeletik atara ta zabaldu neban Euzkadi izparringi au, ta oartu neban ordutik geiago bizardun abadea neuri begira-begira egoala itz egin gura baleust lez; neuk be alako baten jaso begiak izparringitik eta beragana zuzendu nebazan, eta orduantxe esan eustan berak irribarre egiñaz:

        —Euskalduna al zera?

        —Bai, jauna.

        —Eta abertzalea noski?

        —Bai, jauna.

        Alkarri bostekoak estututa, asi giñean barriketan geure elez, ta aldi gozatsu bat igaro genduan biok Portugaleteraiño. Belgundaria zan bai, misionaria, Afrikako baltzerri batetik oraintsu etorrita. Nik emen ipiñiko baneutsue gure autu guztia izparringirik erdia euskeraz beteko neuke. Zertzuk eta zenbat gauza erabilli genduzan!

        Orraitiño, guztia ez bada, gure autuaren zati bat argitaldu gura dot ementxe, batzuen jakinbide izan daiten be. Ara.

        —Eta, jauna, zelan atonduten izan zara Afrikako alde artan bertakoakaz aitzeko?

        —Beren izketa ikasi nuen lenbizi.

        —Orduan euren elez alkar ulertzen izan dozue. Eta eleizan be bai?

        —Baita. Eleizan guzi-guzia beren elez ematen zaie, liturjia-k lateraz esateko agintzen duena izan ezik.

        —Ori ederto deritxot. Ba dakust Afrikako baltz gixajo orreen ondoan gu euskaldunak ez garala ezer. Arei euren elez, emen guri erbesteko elez.

        —Emen eta alde guzitan beartuta gaude jaupariak bertako izketa erabiltzeko geron zeregin goitar ontan, donokirako gogoak irabazten. Ez al dute orla egiten emengo jaupariak?

        —Geienak bai; abadeen artean daukoz gure euskereak aldezkari zintzo gorengoak; abade ona dogu emen geienean. Orraitiño ba dira banaka batzuk beti erderea erabilten dabenak euskaldun uts-utsak diran errietan, nik ez dakit zetarako; esan leike Goizparkiaren adiskide baiño Espaiñako erderearen adiskideagoak dirala.

        —Gaizki egiten dute. Zergaitik erdera ura zabaltzeko naia? Zer irabaziko dute Uzkurtzak eta oitura onak erdera orrekin? Ez al degu ikusi orain baiño len, eta ez al gaude ikusten gaur bertan ere, erderakin batera datorkiguzala Uzkurtzaren oztasuna eta galdutzea, eta oitura gaiztoak, birao-esatea aurretik dala? Gaizki, txit gaizki, egiten dute, euskera il nai duten apaizak; iruditzen zait dirala otsoekana bere bildotsak daramazkian artzaia bezela. Bildots oien Jabeari, zer esango diote?

        —Euren narruan ez neuke neuk egon gura.

1915-II-13

 

aurrekoa hurrengoa