www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Bizkai Diputaziñoaren
euskal ikastolan azterketak

 

        Urtean-urtean lez, ikastaroa ille onetan amaitzen dan ezkero, atzo egin ziran azterketak Bilbaoko «Instituto» deritxon Ikastetxean, Bizkaiko Diputaziñoak antxiñatik daukon euskerazko ikastolan.

        Maiko jarri ziran Altzaga-tar Jon eta Zubikarai-tar Perdiñanda diputaduak, eta eurakaz irakaslari biak: Azkue-tar Berbiz abade jauna eta Bustintza-tar Ebaista.

        Lenengokoz azterkau ebezan bigarren urtekoak, Bustintzagaz ikastaroa erabilli dabenak; ondo adierazo eben, bai neskak eta bai mutillak, euskerea Bilbaon ikasi leikela ikasteko guramena dauanak, ba euretatik geienak naikoa dakie edozeiñegaz itz egiten asteko; irakurri ta ulertu txirikillan lez egiten dabe, itz-duna dana baizen bizkor, baiña ez dagoz, jakiña, txikitatik euskalduna dan edozeiñek aiña egiteko eran.

        Bigarren aldiz Azkue jaunak azterkau ebazan bere ikasleak, eta aurten euskerea ikasten asirikoak izan arren, geieneak ia gertuta dagoz laster itz egiteko moduan. Lanik asko egin dau Azkue jaunak, itxura danez! Onei euren irakaslariak irakurten eutsen euskeraz liburu batetik, eta guztia ulertzen eben; batez be, euskal izti edo gramatikan iñun diranak dakiez mutiko ta neskato koskor areek.

        Azkenean Altzaga-tar Jonek itz batzuk zuzendu eutsezan ikasleei zorionak emonik eurei ta eskaturik beti erabilli dagiela euskerea, danon artean kendu daigun baserritarren ustea, au da, euskerea ez dabela egiten erri txikietakoak baiño; erakutsi bear dautsegula bilbotarrak eta beste urietako semeak be ba dabela itz egiten euskeraz, eta uste oker au kendu daigunean, eutsin ez eze zabaldu be egingo dogula alde guztietatik gure euskerea, bertako Euzkadiko elea benetan izateraiño.

        Azterketa orretan gauza bat bakarrik izan da illuna, gogoa zelanbait mingostuta isten izan dauskuna bertaratu giñean guztioi, eta bera da: ikasle gitxi ikustea.

        Lenengo ikastarokoak amaika izan dira aurten, eta lenengokoak amazortzi inguru uste dogu bertan ikusi genduzala. Eta au ez da ezer Bilbao lako uri andi ta abertzalez beterik dagoanarentzat. Emengo gazteak erakutsi dabe bein baiño sarriago euren abertzaletasuna auteskundeetan ederto lan egiñaz; baiña arazo aretatik at, parkatu beiskue, ez dabe erakusten abertzaletasun andirik.

        Eta euskotarrak ezetan be ez dau erakusten zintzoago bere abertzaletasuna euskerearen alde lan egiten baiño. Auxe, euskaltzaletasuna da bidea, abertzaletasuna benetakoa dala erakusteko. Euskerea maite ez dauan abertzalea... ez da abertzalea. Alantxe, biribil esanda.

        Emen esaten doguzan gauza oneek ez dabez irakurriko, jakiña, gure abertzale erdaldunok, eta erderaz gogor egin bear jake urrengo ikastaroa eltzen danean, neguko illuntzeetan ordutxo bete emon dagien euren abendako ele garbi ta eder au ikasten, ortik zear ibilli barik barriketan, ardanzulorik ardanzulo bearbada.

        Erderaz idatzi baiño gurago neuke edozer, baiña datorren udagoienerantz uste dot asi bear dodala orroaka ia orreek abertzale adibakook ipiñi al doguzan gure gauzai begira, eta batez be geure gauzarik ederrenari begira, euzkera garbi oni, millaka ta millaka urteetan gure asaba zarren, gure abendearen pozak, negarrak eta gañerako bizikera guztia adierazo dauan ele maite oni begira.

        Ezin leike ezetara be maitatu gure abendea bere ele euskerea maitatu barik.

        Euskera bako euskalerria?... Zelako gauza barregarria!

1917-V-21

 

aurrekoa hurrengoa