www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Sasi euskotarrak?
Sasi vascos

 

        —Kaixo Kirikiño, zelan bizi gara edo...

        —Ba gabilz... eta zeu, Jospandon aspaldikoa, bizi zara orraiti...

        —Gu, beiñolako filosofoak esaten eban lez, il arte bizi.

        —Orixe da zintzo jokatzea. Eta, iru urte ta erdi onetan

emendik agertu ez ta, zek ekarri zaitu ba gaur?

        —Zeugaz barriketa-aldi bat egitearren etorri naz ba.

        Asko poztuten naz. Ez dakizu zu lakoakaz itz egitea zein atsegin izaten jatan. Asi zaitez ba.

        —Lengo egunean irakurri neban zure eguneroko arloa, ta bertan ikusi neban Unamuno edo orrek ondiño be gorrotoa dautsola gure eskereari, ezin dau eroan ba euskereak aurrera-biderantz oinkada bat egiterik.

        —Bai Jospandon, ori ta bere antzeko asko dagoz, aitu ezin leikezan gizonak. Gure gauza guztiak, baiña batez be euskereak amorrurik andienean ipinten ditu.

        —Ori, zegaitik ete da ba?

        —Nik ez dakit; baiña olantxe jazoten da. Unamunok ezin dau entzun ez eroan euskerea landu ta idatzi ta irakurri ta erabilten dala geroago geiago euskaldunen artean. Bera lako beste batzuk suak artuta lez jarten dira emiren baten, esaterako, pregoia euskeraz egiten dala ikusiaz. Denda ate-buru baten euskerazko idazkun bat ikusi badaie, begietatik txinpartak dariola jarten dira. Abade batek euskal errii baten bertako elez txonitza egin badai, laster dira mar-mar, eta berari nundik eldu badauke ez dautsoe baketan utziko erderaz eragin arte. Ikaratu zaitez, Jospandon! neuk ikusia da gero, ez iñok niri esana, eskeko batek euskeraz eskatu ta erantzun dautsoe: «Que te den los que hablan tu lengua». Ementxe Bilbaon, erdi-erdiko kale baten dagoan denda aurrean jazoa: Lagun bi izketan, batak diñotso besteari: «Aguarda, que voy a entrar aquí a comprar tal cosa», eta besteak orduan: «No entres ahí, porra, que hablan siempre vascuence», eta lenengoak au entzunik ba diño: «Entonces nada y que se amuelen». Euskaldun batek bere umeari izena ipiñi gura dautsola euskeraz, gauza bide-bidezkoa! ba, or dozuz orrexegaitik amorru baten jarten diranak, batzuk ez ipiñi gurarik izen ori eta besteak ari txaloak jorik, eurai ardura baleutse lez iñoren izenagaitik!, eurenaz ta iñorenaz agindu gura, arraiek...

        —Itz baten, Kirikiño, or ikusten dana da gorroto neurribakoa gure euskerearen kaltez. Eurek egin gura ez badabe ez daiela egin, baiña iñok egin gura badau, eurei zer ardura izan bear jake?

        —Orixe daukozu ba!

        —Eta diñoenez, euskaldun abizendunak ei dira okerrenak.

-Okerrenak ez badira be, bai beintzat okerrenak bestekoak.

        —Orixe da gauza bat nik ezetara be aitu ezin dodana. Euskaldun abizen ederra euki ta euskereari olako gorrotoa izan?

        —Guzurra dirudi bai.

        —Nik uste dot, orreek ez dirala benetako euskotarrak.

        —Zer esan gura dozu, Jospandon?

        —Erdaldunak esaten daben lez, orreek dirala «vascos de extranjis», edo guk geure ele polit onetan esango geuken lez: «sasieuskotarrak» eta Bilbaoko erderaz: «sasi-vascos».

        —Zuri otuko etxatzunik, Jospandon!...

        —Orrek ez dauke euskotarra euren abizena baiño. Odola ez, ezin leiteke izan, bestelan, odol piska-piska bat baleukie, ez ete leuskioe ba tirekada bat egingo, txikia izanda be?

        —Bai, jakiña da, alan esaten dauskue beintzat jakintsuak, gizakumeak bere asabetara joten dauala bere zaletasun eta bere izakeretan, eta ori egia bada, orreek ez daukie euskaldun zarren antzik iñundik be.

        —Zelan eukiko dabe ba antzik, Kirikiño gixajo orrek, gure asabak euskeraz itz egiten izan dabela iñok ez badaki zenbat aldi edo denpora dan, jakintsuak diñoela gure ele au dala Europan danik zarrena, eta ori olan izanik kontuizu zenbat eta zenbat belaun edo mailla daukoguzan geure ganean asaba euskaldunetan, eta maillatza luze-luze zar-zar orrek utzi bear odolean zaletasun piskat euskerarako, ta zaletasun au zelanbait lausotzen bada be, gorrotoa bein be ezin lei agertu eunkada ta eunkada euskaldun gizaldiak bere odolean daroazanaren biotzean?

        —Alantxe dirudi.

        —Ez dago emen irudirik, izatea baiño. «Sasi-euskotarrak» edo emengo erderazko «sasi-vascos», ta ez besterik.

1917-VII-22

 

aurrekoa hurrengoa