www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Aurrerantz ala...?

 

        Itandu egiten dot, ene irakurle maiteak, neuk erabagi ezin dodalako, ez dakidalako zer oldoztu.

        Egia da, gure irakasle zintzo-zintzoa izan zan Sabin andiaren lorratzetik jarrai, asko ta asko ta alde guztietan iratzarri dala eusko abertzaletasuna.

        Izparringietan, batzarretan, Jel-Batzokietako itzeikizunetan irakatsi da gure aberria Euzkadi dala, gure Alderdi abertzale onek aberriaren gaizkatasuna gura dauala, ez bestetako, euskotarrari bere betiko gaizkatasun bidean laguntzeko baiño. Gizona jaio dala Jaungoikoagana joateko; auxe da gizonaren zeregiñik nagusiena, zeregiñik gorengoena, ta berau lortzeko bakarrik artu ta erabilli bear dauz bere zeregin guzti-guztiak, eta Jaunak gizonari emon dautsozan gauzak, bat itxi barik, Beraganako bidea gertetako emonak dira.

        Aberria be orretarako emon dausku ba, ta beraz, aberria da bide bat Jaunagana joateko. Augaitik Sabin argiak esan eban ainbat bidar aitatu oi dan ikurritz au: «Gu Euzkadirentzat eta Euzkadi Jaungoikoarentzat», eta Sabiñen bidetik joanda, Eusko Alderdi Jeltzaleak irakatsi dau beti geure aberri ele garbia ta geure ekandu polit eta txukunak maite-maitero jagon bear doguzala, eurokaz gaizpide gitxiago daukelako euskotarrak; beti esan da, Euzkadi bere buru izan daiten lan egitea zentzunkeria dala, erdalduna ta erdal ekandu loiakaz bizi izatekotan, orretara Euzkadi izena bera be ez legokio ta.

        Gure Alderdiak Jel-en alde zabalkunde garratza erabilli dau; ugaritu dira Uri-Buru-Batzarrak; abertzaleren bat ez dan erririk, baztertuena bada be, ezin idoro lei; Jel-Batzokiak asko dira; batzarrak egiten diranean oste edo jentetza ikaragarriak biltzen dira, arerioak eta alderditik at dagozanak ikaraturik isteko lakoak; auteskundeak izaten diranean, keea ataraten dabe jeltzaleak, or daukaguz ainbat diputadu ta kontzejal; gaur egunean ao-betean diñoe adiskide ta arerioak, bertako ta erbestekoak, Eusko Jeltzalea baizen indartsua dan Alderdirik ez dagoala Euzkadin; eta onetara badoa, urte gitxi barru, beste guztiak bat eginda jarri arren, gure onek zapalduko dituala.

        Ori egia da, abertzalea izugarriro ugaritu da amabi urte oneetan, geroago ta geiago dira. Beraz aurrerantza goaz, ezta? Ba dirudi.

        Orraitiño ezpai edo dudea sortzen da an gogoaren barru-barruan, bakean itzi gura ez gaituana. An, gogoaren barru sakonean, itaunen batzuk erne dira: Asko izateaz dana eginda ete dago? Gorputz andi orrek ez ete dauko barruan arra? Ez ete zan obea sendotasuna anditasuna baiño? Ez ete da oker bat izan asko ta asko batzeko jorana erabiltea, errien goiak edo agintze-lekuak arrapau, ta andik gogor egiñaz Alderdira etorri eragin abertzale iñoiz be izango ez diranai?

        Itaun orokorrok, zein azitatik sortzen dira? Orra:

        Abertzale euskaldun asko, baiña asko!, ta aurrenengoak, besteei bidea erakutsi bear leuskioenak, euskal errietan bizi arren ta euskaldun artean ibilli arren, beti-beti! erderea dariola dabiltz, beti erderaz idazten dabez euren idazkiak, eta euskerarik ez irakurteko akiakulatzat ataraten dabe euskeraz ez dala argitaltzen irakurgarri dan gauzarik.

        Arazo onetan, euskaltzaletasunean, aurrerakunde gitxi agiri da, alde batera isten badoguz Bilbaoko Euzko-Gastediya, Iruñako Euzko-Batzokiko gazteak, Donostiko Euzko-Etxea, ta beste banakaren bat, eta eurotan be, gazte mordoska batzuk baiño ez dira euskerearen aldezko lan ori darabillenak.

        Gure izparringi onek ateak eta esiak zabal-zabal ipiñirik, oraintsu arte polito geitu izan dira euskeraz idazten ebenak, eta beraz, euskeraz irakurten ebenak be, jakiña da ba idazleak irakurlea sortu ta atzean ekarten dauala; baiña geitutze ori joan zan, eta orain gitxitutzea asi da; geroago gitxiago dira idazten dabenak, eta irakurleak be alantxe gitxituko dira.

        Euskereatzaz au. Ekanduetzaz ia zer.

        Gure Alderdi batzarrak izaten diranean dantza garbia egiten da, euskotarrei dagokioena. Baiña batzar oneek izan ezik, Euskadiko erri-jai geien-geienetako erromeriak zikinkeri okagarriak izaten dira, abertzaletasuna zabaltzeaz gitxitu ez diranak.

        Dantza loia bazter guztietan sartu da, baso ta mendi arteetan ezkutuan dagozan erri txikietaraiño. Zoaze erromeriak ikustera batean-bestean, eta eurrez aurkituko dozuez abertzaleak, mutil eta neska, baita gizon eta andra be sarri, paparrean geure ikurrin-margoak darabillezala dantza oratuan.

        Onez ganera, zoaze zezenetara... ez, etzaiteze joan, jarri zaiteze zezen-plazaren ondoan, eta ikusi egizue zenbat abertzale doazan eta ikaratuko zarie.

        Ba dakit esango dala, izparringi onetan eta abertzaletzat bere burua dauan batek ez leukezala agertu bear gauza orreek, etxean geure artean atondu bear geunkezala, arerioei biderik emon barik gure kaltez barriketan ekiteko. Eta nik diñot, gauza loi ustelgarria ez dala etxean euki bear estalduta, etxetik atara ta jaurti egin bear dala. «Egiak gaizkatuko zauz».

        Ondo dakit nik ba dirala abertzaleak, Jeltasunak bide onera ekarri ta bide onean eutsiten dauzanak; baiña gorago esan dan guztia be, euskereatzaz ta ekanduetzaz, egia da.

        Egi oneetatik sortzen dira lengo itaunak, egi oneetatik sortzen da bildurra, onan bagoaz jazo leitekela biar Euzkadi guztia izatea abertzale, baiña abertzale erdalduna, ekandu onik bakoa, eusko usaiñik artu ezin leikiola iñundik. Euzkadi orduan ez litzake Euzkadi izango, edozer gauza izango litzake, ta arteko alegiñak, ardurak eta nekeak alperrekoak.

        Nik illun ikusten ete dot eta ez ete da nik diñodan bestekoa? Ai nire poza orixe balitz!

1915-VII-12

 

aurrekoa hurrengoa