www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Abertzale asko ta euskerea

 

        Sarri esan oi dana da: Abertzaletasunak euskerea gaizkatuko dau, abertzaletasunak atarako dau eriotzearen erpe artetik gure elea ta indartuko dau.

        Egia da ori, egi andia.

        Ondo ikusita daukogu danok ori. Abertzaleak ez diran Bazkunak, euskerearen alde diñarduela esan arren, ez dabe euskerea gaizkatuko.

        Baiña... abertzale asko diran lakoak balira danak edo geienak, abertzaletasunak be ez leuke gaizkatuko euskerea, ezta urrik emon be!

        Au zegaitik diñodan? Ara: abertzale asko ezagutzen dodazalako, eurak euskaldunak izanik, beti erderaz diñarduenak, beti gero, euskaldunakaz itz egiten; eta ez edozelako abertzaleak edo bazterretakoak, erdi-erdikoak baiño, aurrenengoak eta sutsuenak dirudienak euskerearen alde. Baita beste batzuk, abertzale erdaldunak izanik, eta euskerea ikasteko erea ta astia eukirik, amar-amabost-ogei urte oneetan ikusten doguz len besteko erdaldun jarraitzen dabela.

        Orretariko abertzaleakaz euskerea gaizkatu? Zer diñozue, irakurleak? Nire aburuz, oneek eurok sakatzen dautsoe zulorantza gure ele gaixo oni, españiarrak eta españiartzaleak baño geiago.

        Abertzaleak bere izenari erantzun gura badautso, euskalduna bada euskeraz beti itz egin eta idatzi bear dau, erderaz bear-bearra danean bakarrik; erdalduna bada, erarik eta astirik badauz ikasteko, ikasi egin bear dau, emen Bilbaon ainbestek egin dauan lez, onetan aurrenengo izan dirala «Euzkeltzale-Bazkuna» ospatsuko gazte azkarrak. Oneek erdaldunak izan ziran txikitatik, eta euskaldun egin ziran ementxe geure artean, abertzaletasunak eraginda, ta aspaldiko urteetan eurek eurekaz eta enparau euskaldunekaz ez darabille beste elerik euskerea baiño.

        Abertzaleak bazarie, ba, euskeraz itz egizue al dozuen guztietan. Izana ta esana batera erabilli; ez egin abertzale askok lez, barrutik erdaldunak izan, eta euskerearen alde gauza andiak eta ederrak esan. Azalez eder, barruz ustel.

1920-III-5

 

aurrekoa hurrengoa