www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Gorrotoa eta jakin-eza

 

        Espaiñako erregeak Bilbaon Irakaskintza arazoetako daukon ordelariak, debekau egin ei dau, emen asmauta egoan eskola jai bat, euskal ikastoletako umeei urtean irabazitako sariak eskura emoteko.

        Atzo irakurri genduan eta arrituta geratu giñean eta... ondiño be arrituta gagoz, geure buruari itanduten dautsogula: «Baiña morroi orrek, nundik eta zer dala ta dauko eskubiderik orrelako jai bat debekauteko? Ezin euki lei; baiña artu badau be, zelan itxi dautsoe berari ardurarik ez dautson arazoetan sartzen, gogor egin barik? Gogor egin bear jake orrei! Bizkaiko uri batek, bere diruaz eskola bat ipiñi gura badau euskeraz irakasteko, ta gero, berak gura dauanean, eskola jai bat egin gura badau, an dabiltzan umeei euren sariak eskura emoteko, zer dauko orretan zetan sartu erregeren ordelari orrek?»

        Araiñegun Bilbaoko ziñegotzi zintzoak diran Abandok eta Nuñezek eta Urrestik ondo esan eben lez, on egin dau ordelari orrek euskereari gorrotoa dautsolako, piperpote ona dan aldetik.

        Berak, ordelariorrek, itxuraz atxakia artu dau ori egiteko, jai orretan urten bear daben ezpata-dantzariak eta neskato gorulariak, abarketetan ta abar, gure margo gorri-orlegi-zuriak erabilli oi dabezalako.

        Araiñegungo Udala batzarrean, Bandresek esan eban obeto egingo litzakela margo orreek ez erabiltea, askok orretan ikusten daualako politikea.

        Baiña ori jakin-ez bat da. Margo orreetan politikea ikusten dabenak oker dagoz; margo orreek Bizkaiarenak dira antzin-antziñatik. Bizkaiaren ikurdi edo eskudua gorria da, Gernikako Aretxa dauko ta au da orlegia, areitz onek ganean gurutz zuria dauko ta orra or zuria. Orra or iru margook.

        Eta ikurdi (eskudo) ori ez dogu asmau gaurko Jeltzaleak, ikurdi ori asmau eben eta erabilli eben antziñako bizkaitarrak, antziñako Jaurerki (Señorío) berberak.

        Beraz margo orreek adierazten dabe Bizkaia, ta margo orreek iguiñaz ikusten dauzanak iguiñaz ikusten dau Bizkaia, ta auxe dala uste dogu emen egin leiken politikarik txarrena, Bizkaiaren aurkakoa.

        Eskola jaia egingo da, ordelari ori gorabera, ta andiro egin be; zegaitik ez da egingo? Nori egiten jako kalterik orregaz? Euskerea irakasteak ta ikasten ibilli diranai sariak emoteak ta Bizkaiak beti-beti erabilli dauzan margoakaz abarketak apaintzeak, nori dakartso kalterik? Au ez da lotsagarria? Au ikusita ondiño be iñor egongo da guri arpegira botako dauskunik gorrotoa daukogula Ebroz andikoentzako? Ez dago argi-argi eurek dauskuela geuri gorroto, ez jeltzaleei bakarrik, emengo gauza guztiei baiño?

        Irakurleak, euskotar odola badozue, asarratu zaiteze, baiña gogor, ta zin esaizue gaurtik aurrera len baiño gogotsuago ekingo dautsozuela euskerearen alde.

Gora Euskerea!

1919-XII-14

 

aurrekoa hurrengoa