www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Euskeraz irakatsi

 

        Gaur diñosku «Urni» durangarrak eurak an edegi daben euskal ikastolea ba doala aurrerantz. Poz andia artzen dogu, ta zorion oparik biziena bialtzen dautsegu ikastola on edegi daben eta bertan lan egiten daben abertzale onai.

Ori da gauza ona egitea: gazteei irakatsi geure ele garbiaz batera kristau ikastea, ta beste ikastoletan irakatsi oi diran beste jakinbear guztiak.

        Aldiz edo denporaz igarriko da ikastola onetan mutillak geiago ikasiko dabela besteetan baiño, eurak ondo dakien mintzo edo berbetan gauzak adierazoko jakezalako.

        Norberak dakian izkeran be, lenengokoz gauzak entzuten diranean nekez ulertzen dira, ta gogoratu begi zer izango dan norberena ez dan izkeran entzun ezkero.

        Onexek dakast gomutara neure txikitaldiko jakozun bat: neuk zelan ikasi neban atalketa edo division-ea.

        Ol baltzaren aurrean gengozan bost edo sei mutiko ta eskola-maisua kare-zatia eskuetan ebala, an ibilli zan luzarotxo barriketan guri azalduten atalketa edo division-ea zelan egin bear dan; baiña erderaz esaten eban eta guk ez genkian barriz tautik, ez genduan ba ezer ulertu.

        Gero, bakotxari geure ingurtza zurian (cuaderno-an) ipiñi euskun eragoketa edo ekertzisio bat, biaramonean ondo eginda berari eroateko.

        Orduan izan ziran nire esturak! Narruko galantak artu bear nik, zelan egin ez nekian ta! Arratsalde artan ez neban jokatu ez pelotan ez ezetan, eta azkaria edo meriendea be aztu jatan etxean eskatzea. Kokolotuta nengoan oldozketan biaramonean artu bear nebazanak.

        Onetan gure ama zanak (g. b.) bidaldu ninduan iturrira pitxerbete uren eske. An aurkitu neban Maulesio Labakoa, ni baiño aurrerago eskolan ebillena, ta berari esan neutsozan neure barruko kezkak; erantzun eustan: «Neuk einguat», eta berak euskeraz azaldu eustan zelan egin bear zan. Nik orduan: «I,Maulesio, ekenpulu bat ipiñi eistak ia neuk bakarrik eiten doan, ». Ekenpulu bat edo bigaz ederto ikasi neban Arimetikako egiketa ori.

        Maisuaz ezin eta Maulesiogaz beingoan; a erdalduna ta au euskalduna neu lez.

        Neuri jazo jatan onegaitik diñot ba, Durangoko ikastola barri orretan mutikoak asko ikasiko dabela, irakaslari edo maisuak euskeraz azalduko (esplikauko) dautsiezalako gauzak.

        Irakaslari orreek ekiten badautsoe abiau daben lan eder aberkoi orreri, igarriko dau jendeak irakaskera orren obari edo bentajea, ta bidalduko dabez mutikoak bertara.

        Olakoxe ikastolakaz aurrerakada andia eragin leio gure aberri Euzkadiri.

1914-XI-23

 

aurrekoa hurrengoa