www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Edo geuk edo iņok ez
Ebaristo Bustintza, «Kirikiņo»
1913-1928, 1984

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Edo geuk edo iñok ez (Euskerearen alde), Ebaristo Bustinza «Kirikiño» (Adolfo Arejitaren eta Xabier Perearen edizioa). Labayru, 1984.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Guztia da abertzaletasunik eza

 

        Ugutzaldian (bateoan) umeei izena euskeraz ezarri al izateko eskubidea daukogu. Berau irabazteko, amaika buruauste ta atsekabe jasan bear izan genduzan abertzaleak! eta, amaika gauza entzun bear izan genduzan eleizaz geure nagusiak ziranakandik!

        Ibilli ta ibilli baiña, iruntsi-alak iruntsita, bear dan lekura jota, jaretxi genduan eskubide ori, ludi guztian beste erri bakar bati iñoz atxakiatu etxakon eskubidea.

        Gurendea izan zan polita Eusko Alderdi Jeltzaleentzat, eta abertzaleak poz-pozik gelditu giñan.

        Eta bereala asi ziran abertzaleak batean-bestean eskubide ori erabilten, umeei euskeraz izena ezarten, bere abizenetan lez bere izenetan be euskalduna dala erakutsi dagien beti.

        Euskal izenak ipinteko abiada ta su au ikusita, uste genduan, urte gitxi barru, abertzaleen ume guztiak euskal izendunak izango zirala.

        Ez da olan jazo, orraitiño. Asko dira abertzaleak ekandu zuzen eta bide-bidezko ori darabillenak, baiña geiago dira erdereari jarraitzen dautsoenak izen-ezartze orretan, lenagoko bidean dabiltzanak.

        Zegaitik? Gauza askogaitik: lotsea, bildurra, prakarik eza, ta geien-geien abertzaletasunik eza. Esan daigun onantxe biribil-biribil!

        Benetan abertzalea danak, aberria zer dan dakianak eta biotzez maite dauanak, gure aberri ele euskera eder onen maitale zintzo izan bear; eta ezer maite izaten danean beragana joten da iñori ta ezeri begiratu barik.

        Barritsuak eta zentzunbakoak au ta ori ta bestea esango dabela? Maitaleari orregaitik ez dautso ardura, iñoren esamesak gorabera joko dau maiteagana.

        Etxean emazteak, edo amagiñarrabak, edo izekoak, edo oneetariko beste edonok euskal izenari, euskereari, eragozpenak bidean ipinten dautsozala? Aberria, ta beraz, euskerea, benetan maite badagi, ez dabe aldenduko bide zuzenetik; eta garratz jarten bajakoz atsook, atarako ditu prakak erdira, ta esango dau bere etxean bera dala nagusi, Jaungoikoak agintzen dauan lez.

        Euskal izena umeari ipiñiko leuskioela ta, ez ipiñi barritsuen esamesakaitik edo sendiko (familiako) emakumeen ezagaitik... asketsi dagistela, baiña ez daukodaz abertzaletzat, aberri maitaletzat.

        Erantzungo dabe abertzaleak ba dirala, baiña gizon baketsuak edo otzak dirala; batzuetan auzoko bakeari ta etxeko bakeari be begiratu bear jakola; gauzak ezin leikezala eroan gogorkeriz beti; ta abar.

        Orra ba, maitetasunak gizona aldatzen dau: epela bada berotu, koldarra bada azarritu, nagia bada bizkortu, alperra bada beargindu, txarra bada ondu. Maitetasunak gizonari eragiten dautsoz egintzarik andienak, siñestu be ezin leikezanak.

        Euskerea maite dauanak, euskereaganako maitetasuna benetan dauanak, bere auzokoen eta bere etxekoen eragozpenen goitik eroango dau euskerea. Ori eskier.

        Egiten ez dauanak ez dau asko maite euskerea, ta beraz ez dau asko maite aberria, ez da abertzalea.

        Guztia da abertzaletasunik eza.

1916-III-29

 

aurrekoa hurrengoa