BURU V
Purgatorioaz
Huneraño hitz eginik pena Ifernukoez,
Mintzatzera heldu gare Purgatoriokoez.
Iauna, othoi altxa zazu ene bihotz eria
Eta hanbat enzuteaz dolore eroria;
Arren zuk iezadazu othoi itzul miñgaña
Zakariasi bezala hitz gabetu zaitana,
Ezen erran nahi nuke Purgatzeko nekea,
Aski dudana indazu arren beraz antzea.
Zer den Purgatorioa eta haren kausez
Purgatorioko pena iakin ezak Kristaua,
Hemen barkhatu kulparen dela pena garaua.
Hala deitzen duk faltaren kutsutik ilkhi gabe
Ezin errenda gaitezken zeren Zeruen iabe,
Ezen presuna ezbada zerbitzatu orenaz,
Falta egiñaren pena barkhatzekoarenaz,
Iongoikoak punitzen dik mundu hunen ondoan
Khar min-bera eta penos Purgatoriokoan,
Ezen eztik nihoiz uzten bekhatu nabarbena
Eman gabetarik guti edo aski den pena.
Nor sartzen den Purgatorioan
Purgatorioan bada ezta sartzen berzerik
Baizen bekhatuetarik munduan xahuturik,
Hobenari goiti zaion baldin pena ezbadu
Induljenziaz ezperen berze moldez kittatu.
Purgatzean behar ditu sofritu miñ handiak
Eta pairatu artean ezta ilkhiren guztiak.
Gorputzak hartu ohi du lurrean sepultura
Eta bakharrik arima sartzen da erran lekhura,
Ezen Iaunak ordenatu du bere zuhurtziaz
Laguna gabe han pena dadin iñhar biziaz.
Arima zen behiala gorputzaren nausi,
Pena prinzipalak ere hark behar tu ikhusi.
Bardariak bat bederak eztu behar pensatu
Purgatorioan dela infidelik pasatu,
Ezen fidelen ohi da xahutzeko lekhua
Edo dela naturazko legea aithortua
Edo ezperetanikan berze eskribatua
Iesus Salbatzaillearen edo graziatsua.
Purgatoriora ezta iragaten berzerik
Lege hautarik batean Iauna aithortu gaberik,
Bañan hetan fiñatuen punitzeko ganbara
Hura ohi da eta eztoa berze garauik hara.
Zer estatu hartzen duen
Gorputzetik ilkhiz gero arima izitua,
Egiazko hartzen duen hauxe da estatua.
Heriozko faltan bada desditxaz hegaldatu,
Sekulako oñhazeak behar ditu pairatu;
Faltarik ere eztio Iongoikoak barkhatzen,
Bañan berekien ditu guztiak garraiatzen.
Ariñenez solamentki badoa lizundua,
Hura zaio azkeneko menean barkhatua,
Bañan ordean behar du gaztigua pairatu
Non ere purgatorioa Iaunak baitu formatu.
Dohain hau ordean badu gehiago faltetan
Non eror ezin baitaite ttipi ez handietan,
Zeren konfirmatzen baitu Iongoikoak graziaz,
Eror eztadin sekulan faltetan maleziaz,
Ezen nola beherera arbola burdatua
Xardangoaz erortzetik baita sustengatua,
Hala arima doana Purgatorioetara
Eror eztadin gogortzen du Iaunak faltetara;
Eta kontra hisiatzen da faltan damnatua,
Zeñak baitu maiz ahoan itsusi arnegua,
Ezen Iaunak egozten du bere begietarik,
Obra onik hartarakotz eztaidike iagoitik;
Bañan purgan dagoenak laudatzen du iabea
Eta haren eskuetan utzten borondatea.
Bere hutsez ere badu bihotzean damua,
Zeren gaixki ofensatu duen Iuje Iustua;
Hartarakotz pazientki sofritzen tu nekeak
Nahiz lirela sofritzen dituenen dobleak,
Ezen Iainkoaren denaz geroz borondatea,
Halaber da hekiena ez errebel iartzea;
Bañan doloretan izan arren pazienzia,
Laburtzenago etzaie erresumin handia,
Ezen preso daudezela bere libratzekorik
Arima gaxoek ezin daidikete obrarik.
Gaitzari holtz emateko eztire haranean,
Bañan zorren pagatzeko biztu kisu labean.
Arimaren Purgatoriotaratzea
Hil denean Giristiño presuna deithatua,
Zeñi gelditu baitzaio hutsaren gaztigua,
Eta bi espirituen artean sentenzia
Iongoikoak eman eta zeñen den ihizia,
Aingeruek daramate Purgatoriotara,
Deabrurik ezta hersten ofizio hartara;
Hain guti du sarthuz gero punitzen Deabruak
Ezen Iongoikoaz ditu atzaparrak lothuak.
Eztu nahi puni dadin hain desohoratuki,
Ifernuko non burreuak solament dezan uki,
Bañan aitak nola baitu gaztigatzen umea,
Zeñek behar baitu haren ontasunen iabea,
Berak eskura harturik zehatzeko xiñgana
Zehatzaille deithu gabe burreua beregana,
Halaber du Iongoikoak gaztigatzen arima
Bekhatu mortaletarik xahu partitu dena,
Ezen batere eztu nahi Sathan koleratsuak
Eman diotzan gañera esku atzapartsuak,
Bañan duenaz geroztik behar igan Zerura,
Berak nahi dio eman aita gaztigu hura.
Aingeruek daramate, erran dugun bezala,
Deabrurik ezta hersten iasatzeko surtara.
Konsolatzen dute bada harañoko bidean,
Bai eta maiz bisitatzen han dagoen artean.
Purgatorioko bada sartzen dute lezera,
Lur erraietan dagoen presondegi belzera.
Purgatorioko lekhuaz
Ifernuaren kontra da xahutzeko lekhua,
Arimekin purgatzeko Iaunak ordenatua.
Ilhun eta penosa da gaztigu faltarena,
Han sofritzen dute hemen kitatu eztutena.
Damnatuen putzuaren hau da hauzo hurbilla,
Nontxe doloratzen baita asko arimen pilla.
Bata barrenetik ilkhi, sar berzea kanpotik,
Hala dabiltza arimak mundua egin geroztik.
Akhabatu tueneko batak iakin epheak
Berzeak tristeki hasten tu bere doloreak.
Athea do hirriz eta doluz nahastatua,
Ilkhitzen denak hirria, sartzen denak damua.
Ardiatsi arteraño hala gare Zeruak,
Plazer mingabeak ditu xoilki Parabisuak.
Punitzeko ephea
Zenbaterañokoa den punitzeko ephea,
Iuiatzean deklaratzen du Iainkoak xedea.
Berzek ezin iakin diro gauza hain ehortzia,
Zer merezi duen faltak berak daki berria,
Ezen zeñ den handi edo ttipitto malezia,
Hauk guztien solamentki berak daki neurria.
Entzunik bada arimak doloreen egunak,
Igurikitzen tu penaz ilkhitzeko orenak,
Ordean konsolatzen da egunetik berzera
Aphurka hurbiltzen dela bere epheen fiñera.
Seguratua da gero pena hekin buruan
Begietsiren duela Iauna bere Tronuan.
Nolako doloreak diren
Purgatorian direnek handi tuzte nekeak
Eta pena zor tuztenen berdiñak azoteak,
Alabañan eztituzte dolore hain aspreak,
Nola ifernu belzera kondemnatu dongeak;
Ezen Iaunak eztu nahi doloratu hangoa
Hanbat nola hondalera desterratu gaixtoa;
Bañan nola Erregeak utzten baitu semea,
Zeren huts egin duen gazteluan gordea,
Zenbait pena diradela iustuki ordenatzen,
Gero bere aitziñera duela erakhartzen,
Halaber Iainko puxantak tratatzen du arima
Bekhatu larririk gabe mundutik ilkhi dena;
Purgatorian daduka denbora aphur batez,
Berak ordenatu pena paga dezaken artez;
Hura akhabatu eta bere begitartera
Erakhartzen du gloria handiaz gozatzera.
Zeren diren doloreak handi
Ordean eztu presunak behar ezantsiatu
Eta purgatzeko pena deus guti estimatu,
Berdin Zerurako dela noizbait ere fiñean
Eta hala gutiago enplega obra onean;
Ezen hara doana da punitzen hain garratzki,
Non punitu berak ezin baiterrake iustuki.
Hango penek xitzen tuzte mundu hunetakoak,
Asma leitezela ere are handiagoak.
Hanbat etzuen sofritu San Laurendik grisellan
Ezta martiri zaharrek bitztu kisu labetan,
Zenbat arimak ikhusten baitu hutsen goitiaz,
Zeren kittatu eztuen hemen egin ungiaz.
Bizi deño bortxa bedi halakotz bat bedera,
Konfesioan manatu penaren konplitzera;
Elizaren zerbi bedi saindu Induljenziaz
Eta abusa eztezala salbatzeko astiaz;
Ungi egin hutsez paga betza hain zor pisuak,
Purgan iduki eztezan Iainkoaren eskuak.
Zertzaz doloratzen diren
Pena handiena dute Iauna ofensatuaz,
Haren begitarte klaraz gero ez gozatuaz;
Hurrenean gloriaren galdu tuzten graduez,
Berretzera ez bortxatuz ungi egite sainduez;
Gehiago tormentatzen du hango su goriak,
Baita are desbistatzen khar ezin iraungiak.
Presondegi lurpekoan hertsirik egoteak
Berretzen darozte haukin gañera doloreak.
Hunela dire penatzen purgatoriokoak,
Zeñen ezin baitaitezke deklara ondikoak.
Begian dute nigarra bihotzean damua,
Tristezia ere dagote erraietan laundua;
Guztiz ere ikhusirik bere falta dutela
Eta laxoki Iainkoa zerbitzatu dutela,
Bekhatu eginaz dute dolore gehiago,
Punimendu arrazoinki eman zaienaz baño.
Damnatuek kontra dute gehien dolorea,
Zeren Iaunaren sentitzen duten beso kolpea.
Ilkhi artean doloreak oso tuzte
Arimak dire hain pena garratzetan khexatzen,
Zerengatik ilkhitzera baitute desiratzen
Iongoikoak ordinatu probetxos medioez
Sakrifizio saindu eta berze gañerakoez,
Nola baitirade othoitz eta Erromeriak
Eta berze gañerako Giristiñoen ungiak.
Penetarik dute bada desiratzen librantza
Eta primu utzietan dute bere esparantza.
Baldin hetzaz orhoitzapen ez badute egiten,
Doloreak laxotasun hark darozte berretzen.
Purgatoriokoen errenkura
Hargatik altxatzen tuzte errenkurak zerura,
Zeren hain laxoki utzi duten hekin ardura,
Edolere berek utzi eskuetan diruak
Enplegatzen eztituzten atheratzen froguak:
O Ahaide adiskide noizbat hurbillekoak,
Bañan orain, diostee, atze urrunekoak!
Ezbaitzarete urkoez gehiago orhoitzen
Eta ahaikoa gatik laguntzera khexatzen,
Ather dakizkigun zuen obren kausaz nigarrak
Eta iabal martirio emanak su inharrak.
Gau eta egun tormentatzen gaitu lanbo aspreak
Eta ezin konda daiten ematen doloreak.
Lagun gaitzatzue lagun geurok moian utziez,
Ez baduzue gogorik zeuek irabaziez.
Hau da arima gaxoen errenkura tristea,
Galdetzen dutela bethi urkoen faborea.
Berze errenkura
Baldin ezbada odolik faborera atzartzen,
Berriz hunela dituzte errenkurak doblatzen:
O esker gabeko ume! O Ahaide atzeak!
Ezbaitzaizkitzue gure urrikaltzen nekeak.
Zuengatik gintezela hanbatetan izerdi
Eta askotan ez ohera herstu gabe gau erdi?
Zuei ontasun utzteko ahal egin guztiaz,
Bata berzearen hala nekha ginten lehiaz
Eta orain gure penez eztuzuen antsia,
Dakizuelarik arren zenbat dugun premia?
Damugaitzik zuengatik hala gintezen pena,
Gure ez urrikaltzeko gehiago auhena?
Sobera gogoan sarthuz zuen ungi utztea,
Egun tormenta haukien dugu segur partea.
Aingeruei errenkurak eta othoitzak
Mundukoen faboreez dutenean etsitzen,
Aingeru begiraillera begia dute itzultzen:
O Aingeru iaioz gero ene begiratzaillea
Premietan zu izatu zaitut neure habea;
Orain ere zure baithan dut ene esportzu guztia,
Hunen dolore handitan zu zakizkit balia.
Egokiei emotezu othoi bihotzetara
Arren khexa daiten guri fabore egitera,
Debozionez dezaten othoi mugi hartara
Eta limosnak partituz atheko probetara;
Ezbaikaituzte egiñen berak ezen bilduez,
Arren fabora gaitzaten gure ganik hartuez.
O Aingeru agudoa arren dilijenzia,
Othoi urrikal bekizu ene pena handia.
Aingeruen konsolazione eta dilijenzia
Aingeruei hagitz zaizte arimak urrikaltzen,
Hargatik konsolatzera ohi zaizte ethortzen.
Bortxatzen dire ahalaz khentzera tristezia,
Ikhasiak diren legez egiñik hitz eztia.
Hau da ematen daroen konsolazionea,
Damurekin ikhustean doloretan berea:
O Arima lastimoso larrañetik ilkhia
Eta formatuz geroztik niri karguz utzia!
Hala eman duen geroz Iainkoak sentenzia,
Hil ondoan pairazazun horren pena handia,
Arren bada sofritzatzu othoi pazienziaz,
Hala libratzeko duzun geroz zorren goitiaz.
Ephe gutitakoa da gloriaren aldean,
Zeñak iraun behar baitu sekulako mendean.
Iaunak behatzen darotzu Aita onaren begiaz
Ezen gozarazi nahi zaitu bere gloriaz.
Karzelatik ilkhitzeko behar duzu fidantza,
Bañan gehiago duda gabeko esparantza.
Sarri libraturen zare oraingo neketarik,
Ni ere banoa zure urkotara bertarik,
Arren athera dezaten balios sufrajiak
Eta hala fiñerazi zure pena handiak.
Othoizturen ere ditut hekin begirailleak,
Arren atzar dietzeten bihotz antsikabeak.
Aingeruen inspirazionea egokiei
Aingeruak hegaldaka gero dire erdutzen
Eta hillaren urkoak dituzte inspiratzen.
Bakhotxaren bihotzari erraten daroena,
Hau da solas sentimendu onaz bethea dena:
Hain laburki zeuen ahantz zatzuen burhasoak,
Zeñen baitadutzatzue eskuetan gozoak?
Hain arinki gogotik utz dezazuen omena
Gehiago urrikaldu gabe hekien pena?
O itsasoko arroka gogorraren pareak
Eta Aita amen aldera Karitate gabeak!
Hain laster ahantz zazuen zeuen eginbidea,
Bizi guztian sainduki gorde behar legea?
Non tutzue Meza Saindu, barur, eta limosnak,
Erromeriak ere non utzirik guri gosnak?
Egizue zuek ere nahiko duzuena;
Laburrarazi zazue obra onez hekin pena,
Zuen faltaz gehiago eztaudezen kharretan,
Baña zerurat iganik othoitz debotenetan.
Egokien Aingeru begirailleei
Gero hitza itzultzen du bere lagunetara,
Erran ditugun Aingeru begirailleetara:
Zuek ere ene lagun trabaillu berekoak,
Arren atzar detzatzue zuen kargutakoak;
Orazione dagiten buraso ohientzat,
Penatik errepausura sarri alda daitentzat;
Egin detzaten debotki saindu erromeriak
Eta Iaunari presenta hautu sakrifiziak;
Barur egunak detzaten halaberki athera,
Iaun puxanta baketzeko penatuen aldera,
Aserrea ematurik dohatsuen kortea
Sarri erakuts diezen atsegiñez bethea.
Aingeruek bere aldetik deus eztute faltatzen,
Non burura eman gauza hauk eztietzaguten.
Gure ganik dire faltak, gu gare antsikabeak,
Zeñak ezbaikaitu latzten hekin pena dorpheak.
Arimen agertzeaz
Deusik egiten ezbada Aingeruen moianez,
Mundanoek antsikabe hain bihotzak izanez,
Asko aldiz Iainkoak du permetitu athera
Ilkhi daitezen fabore bereei eskatzera.
Obra onen kausaz gero direnean libratu,
Ungi egillei darozte milla esker bihurtu.
Ordean halako dire xoil bakhotxak aldiak
Nola baitu deklaratzen xoil guti historiak.
Hañitzetan arimaren izenean gaixtoa
Gizonei mintzatu zaie Sathan Ifernukoa.
Eska zaitezke halako aldietan abisu;
Beharko duzu iakiñen erranetan gelditu.
Exort. othoitz egitera hillentzat
Ea beraz Giristiñoa faboratzak heureak
Eta tuken urrikari egokien nekeak.
Orhoit adi hire gatik zenbat duten pairatu
Eta hi aitziñatzeko zenbat diren nekhatu.
Hik ere ordain har ezak zenbait pena hekintzat,
Su lanboko oñhatzetik sarri libra daitentzat.
Orhoit adi zenbat duken urrikari presuna
Iustiziak erretzera kondemnatu duena,
Edo ezperen mailluaz mianbroen hautstera
Edo bertz irakituan bizirik egostera.
Hekin oñhazeak baño Purgatoriokoak
Asko aldez, Giristiñoa, dituk aspreagoak.
Hartarakotz ez aizela gogor lehen bezala,
Bañan fabore egiten enplegazak ahala,
Perillean herori ere abillanaz geroztik,
Pena hek senti dietzaken herioaz ondotik;
Hitzaz beraz norbait orhoit dadin bizietarik,
Egokientzat hik ere egik on den obrarik.
|