BURU III
Iainko semearen laudorioak. Laudatzen da bere obrez
Laudatzen dut, Iesus Kristo, zure ere izatea,
Zeren zu baitzare Iainko puxantaren semea.
Gure gatik iaio ziñen, gurutzean itzatu,
Eta zuk behar gaitutzu noizbait ere iuiatu.
Lege graziazkoaren ifintzeko eskua
Zuk ziñarokun ekharri, Aita ganik hartua.
Gizonaren ararteko zu ziñen presentatu
Eta ziñotzan Zeruko portaleak zabaldu.
Haukin kausaz orain ere hemen leihor planean
Kantatua zaradela nola hedoi gaiñean.
Laudatzen da hirur etsai prinzipalen kontra eman tuen hirur manuez
Hautxek dire, Iesus emea, eman tutzun manuak
Zeiñak baititugu behar iduki guardatuak:
Hirur etsai ezagutzak herra handitakoak,
Eta lausengu garabez ezin baketuzkoak:
Haragia duk lehena, berzea Mundu banoa,
Hirurgarrena itzalean lakhet zaion gaixtoa.
Hauk hirurak idukitzak etsai handienentzat,
Pozoiñezko asikitik begira adientzat.
Laudatzen da eman tuen hirur konseilluez
Gehiago eman tutzun hauk dire konseilluak,
Zeñak baititugu behar iduki guardatuak:
Nahi baduk Zeruetako atseginez gozatu,
Berze ordenantzak ere behar dituk guardatu.
Baiñan baldin nahi baduk baliosen khoroa,
Probezia besarka zak, Kastitate osoa;
Heure borondatearen egin nazak ni iabe,
Khoroaren ematea eztikeat herabe.
Haukin kausaz Aingeruek Zeruan eresiaz
Lauda zaitzatela, nola guk lurrean mihiaz.
Laudatzen da Sakramentuak ordenatuaz
Gehiago Sakramentuak zuk zintuen ezarri
Edarateko arima graziaz zena egarri.
Hetarik bada zinduen ordenatu grazia
Iauts zekigun, kanaletik hala nola uria.
Esker duzula grazien beraz espensaria
Zeren eman darokuzun hain frankia handia.
Sakramentuen alderako manu partikularrez
Erran tugu Sakramentuen manu jeneralak,
Orain berriz erratzigun partikularenak.
Baldin bathaiatzen bahaiz iadanik gurendua
Erromako Elizetan busti zakek burua.
Hire kargutan diraten halaber hau ttipiei
Hetan diezekek ura har arazi guztiei.
Konfirmarazi detzakek gero saindu fedean
Belhauriko daudezela Prelataren oiñean.
Ordean faltetan bahaiz esker gabez erori,
Absolbitzera hoako nigarrez Aphezari.
Urthean behin bedere aithor etzak gaizkiak,
Ahantziez orhoitzeko edirenik astiak.
Gehiago errezibi ezak ene lohia,
Bekhatutan agoela ez ordean sasia.
Gutienean bederen Bazko inguruetan
Aingeruen ogi hura formatu zen mugetan.
Mezan dezakek ordean adora maizkiago
Igande eta iai egun manatzen diren oro.
Ezkontzeko heldu bazaik bihotzera desira,
Konpli ezak Eliz ama sainduaren nahira.
Bañan agradatu bahaiz Aphezkoa sainduaz,
Iphizpikuak beztitu beharko au graduaz.
Fiñean sentitu eta hilzerako pontua,
Prepara dezakek ungi partitzeko burua.
Harrezakek Aphezaren ganik alunzioa,
Eta heure faborera deit Zeruen Iainkoa.
Sakramentuen berthuteez
Huneraiño erran tugu Sakramentuen legeak,
Orain errateko tugu hekien berthuteak.
Baptismaz darozkigutzu falten nothak xahutzen,
Eta gloriaren primu gaitutzu eragiten.
Grazian ere gaitutzu konfirmatzen Krisumaz,
Bai eta seguragotzen sainduen erresumaz.
Halaber hazten gaitutzu gorputz preziatuaz,
Eta edaraten zeure odol konsekratuaz.
Baldin bekhatutan bada nihor behaztopatzen,
Urrikituari faltak diotzotzu barkhatzen.
Aphezkoaz deitzen duzu gizona aldarera,
Zerbitzu partikulara zuri errendatzera.
Baita berzea ezkontzaz munduko estatura,
Lagunarekien duen bizi prestuaz gura.
Sakramentuen distinkzioneaz
Ordua da kondatzagun Sakramentu sainduak
Eta gero bereztzagun, diren ezagutuak.
Zazpi Sakramentu dire hil eta bizienak
Graziaren ardiasteko moian propioenak.
Baptismu nigarrak dire hillen Sakramentuak
Eta arimaz bizien berze bortz goitituak.
Sendaturik arimaren heriozko zauria,
Hillen Sakramentuak ematen du bizia.
Biziarenak grazia du lehena berretzen,
Eta falta benialak arimatik khasatzen.
Hillen Sakramentuak du obratzen hura bera
Mortal, benial gathetik libratzen presunera.
Ez ordean ariñenak xahutzen nihoiz ere,
Non ezgaren deskargatzen huts pisuenez ere.
Ea beraz, goazen laster Aphezaren oiñera,
Bietarik libratzeko bide laburrenera.
Absolbitzeko Sakramentuaz
Gehiago Iesus Kristo gure Salbatzallea,
Zuk ekharri duzun hau da legearen partea:
Huts lohienez diozu garenean lizundu,
Konfesio egitera eztugula berandu;
Baptismu saindua dela untzi urreztatua
Eta Penitenzia zur urera etxatua;
Bekhatuen itsasora garenean erori,
Bi eskuez lot gakizkon ur gañeko zurari.
Gehiago ezin bihur gaitezkela barkhara;
Zur puxkan beraz bizia dezagula enphara;
Bortxa gaiten egitera geure eginbidea,
Eztuzula faltatuko egitera zeurea.
Absolbitzeko puxantzaz
Gehiago diuskuzu, O Errege iustua,
Aphezak duela falten barkhatzeko eskua.
Halaberki diuskuzu orhoit gaiten konjia
Batzuek berzeak bezain eztutela handia.
Handienak ezin barkha detzakela sinpleak,
Hek Elizako Prelatei dagotzala gordeak,
Zergatik deitzen baitire kasu reserbatuak,
Zeren reserbatzen tuzten halako bekhatuak.
Baldin xoil handia bada nihork egin hobena,
Aita Sainduak duela barkhatzeko zuzena;
Baldin faltak ezbadire guztiz hain bereziak,
Iphizpikuak ere barkha detzakela guztiak.
Herriko Aphezei hoben hauk zein diren humilki
Galdetu behar zaiola iakiteko segurki,
Zeren Iphizpikuari goititu hutsarteak
Leku batzuetan diren batzuk, berzean berzeak.
Enganatu gabe beraz iakiteko gertuki
Konfesoretan galdea dezagula iduki,
Ikhasteko ea zenbat den guztien nonbrea
Bai halaber barkhatzeko nork duen podorea;
Egia dela guztiek hiltzeko orenean
Absolbitzeko eskua dutela men menean,
Baiñan eria ohetik altxatu den bezala
Lehen esku zuenari nigarrez doakola.
Urrikimendu eta onherizte gure ahalaren gañekoaz
Bekhatutik ilkhitzeko xoil probetxoz moiana
Sinhets ezak dela orain erratera noana.
Guztiz ere Aphez gabe hiltzerako pontuan
Hari egitea othoi iduki zak kontuan.
Gero ordean sendatu eta erhasunetik
Konfesio egitera begirauk ahantztetik,
Ezen eztuk bekhaturik nihola ere barkhatzen
Aithortzera non presuna ezten deliberatzen;
Baiñan eroriz geroztik bekhatuen lohira
Handik laster ilkhitzeko hau duk bide segura.
Heure ahalaz ardiatsak kontrizionea
Iaun ona ofensatuaz zein baita dolutzea.
Ezperetanikan igan adi karitatera
Kreaturena utzirik Iaun puxantarenera.
Egia duk hire indar flakoaren guztiak
Hauk errazki dituztela pasatzen mugarriak;
Guztiarekin bortxa zak heure ahal egiña
Iaunak isuriren darok eskaz zaiken dohaiña;
Ezen hautarik bat baduk perfektki ardiasten
Falta eta penetarik osoki aiz libratzen,
Eta gero espirituak gorputza kitatzean,
Errepausu emanen zaik izarren gaiñean.
Hareraiñoko enpatxu et trabak khendurik,
Iakiteko pena eta hobenak barkhaturik,
Ea beraz ardiatzkik ahal egin guztiaz
Konplituki goza adin erran dugun gloriaz.
Sakramentaliez
Hunerañokoak dire Sakramentu handiez
Orain egin behar dugu hitz Sakramentaliez.
Sakramentuez berze alde bortz Sakramentali
Iesus Kristo, Elizari eztiotzotzu estali:
Ur benedikatu sainduz belarra bustitzea,
Bekhatuez orhoiturik bulharra zehatzea,
Konfesio jenerala debotki egitea,
Benedikzione saindu Prelataren hartzea,
Gure Aita Zeruetan fiñean erratea:
Hau da Sakramentalien egiazko nonbrea.
Sakramentaliei hurbiltzen zaiztenez
Ogi bedinkatua da hurbiltzen bortz hautara
Zeñak indarra isurtzen baitu arimetara.
Falta arinak osoki hauk dituzte barkhatzen;
Asko berze obrek dute gauza bera egiten;
Nola baita predikua debotki entzutea,
Eta probe gaxoari limosna egitea;
Gehiago debozionez mezaren entzutea,
Eta xahuroki Gorputz Sainduaren hartzea.
Obra hauk barkhatzen tuzte bekhatu benialak,
Handiagoek dituzte handiago ahalak.
Sakramantuek halaber dute podore bera
Eta hura zuk emana gure ontasunera.
Zeren bada begiratu duzun eskaz gurera,
Milla esker ditutzula lehenekin gañera.
Berze I. Kristok ifini usantzak
Gehiago hauk dirade zuk ifini usantzak
Nola ere baitzintuen ifintzeko puxantzak.
Induljenziez
Kontu dagigun diozu saindu Induljeziez,
Tresor handi eta aberats zerutik isuriez;
Dohaiñ aiphatuetara ezen hurbiltzen dena
Segura gaitezen dela Induljenziarena;
Pena labur baten ordain hagitz luzeagoak
Hark barkhatzen dituela eta aspreagoak:
Iakitekotzat dolore purgatzeko handiak
Eta mundu hunetako halaber lazeriak;
Elizako Aphezaren absoluzioneak,
Hutsak barkhatzen tuela, baiñan ez azoteak;
Bethiko pena duela aldatzen laburrera,
Mundu hunetako edo Purgatoriokora;
Gure bekhatuek behar zuten punimendua
Zure bai sainduen dela mereziz pagatua;
Iainko puxantak duela zuen errespetura
Luzaro sofritu behar kitatzen pena hura,
Bainan hanbat baliatzen direla induljenziak,
Zenbat deklaratzen baitu mandatu egorriak;
Faltak parte edo oso dituela barkhatzen,
Hargatik osoa dela edo parte deithatzen;
Hitz kostumatuaz adi dezaguntzat egia,
Denbora bateko edo ezperen plenaria,
Hartarakotz aditzean saindu Induljenzia,
Zenbatekoa den egin dezagula guardia;
Guztiz osoaren presta gaiten irabaztera
Eta manatu den neke aphurra konplitzera.
Iubilioaz
Ordean ezin ziaitek aski atzar mundua
Irabaztera digneki Iubilio Saindua.
Ehun urthetarik uen noizbait ehunetara,
Hogoi eta bortzetarik orain hainberzetara.
Gizonaren adiñari zioat begiratu,
Zeña baita leheneko ephetarik laburtu.
Mundu guztira ontasun hura diat bidaltzen,
Zenak baititu bekhatu eta penak barkhatzen.
Eta hala bathaiatu inzeneko xahura
Iubiliak ekharzen au osoki estatura.
Entzutean bada urthe Sainduaren berria,
Ezen hala deithatzen duk aiphatu den grazia,
Irabazak arimaren ahal egin guztiaz;
Agien duk ikhusiren egun hura begiaz.
Herioa hor heldu duk eskuetan gezia;
Ustekabe ez eramen idukizak guardia.
Denbora den arteraño egik erremedio,
Ezen hura ioanez gero deusik eztuk propio.
Halaberki entzutean ohorezko izena,
Gorago aiphatu dugun Induljenziarena,
Pasatzera eztezakela utz non ez adin balia,
Ez aiz segur ikhusiren duken hurren aldia.
Baldin askotan entzuten baduk mandatu bera,
Behin ere ez aizela alfer irabaztera,
Hañitz aldiz merezitu tuken pena larriak
Hañitzetan kita detzan erran tresor handiak,
Hala hetzaz zerbiturik denbora mugazkoan,
Suak tormenta ez azan heriotze ondoan.
Erromeriez
Estimatzak Erromeria Elizaz laudatuak
Zeren bisitatzen diren lekhu konsekratuak.
Birjina Amak bisitatu zien bere kusiña,
Bidez bide ibillirik portuetan aitziña.
Zelhai eta mendi gorak egin zitien unherik,
Larraiñeko zamariak mana zetzakelarik.
Ni Zerura iganez ere geroztik Kalbaria
Bisitatu zien eta eman nintzen hobia.
Berze gañerako ere maiz zitien lekhuak
Ikhusi, nik presenzia neurez oharatuak.
Bi belhaunak lurrerarik izarrez betheraño
Helzen ituen Amaren othoitzak Zeruraño,
Ezen lekhu berak zien ene Aita noblea
Gonbidatzen laudatzera Birjinaren galdea,
Bai halaber hareraño hartzen zuen nekeak
Oñez egiten unherik zituela bideak.
Amarena ikhusi duk xoil eder exenplua,
Enea orain idukak bihotzean hartua.
Lagun gabe ioan ninduen portuetan barrena,
Garizuma barurtzera ian gabe ahamena.
Ene ganik ikhas ezak, ezen ni nauk egia,
Berthute handia dela Saindu Erromeria,
Ezen gorputz hezgaitza dik handiro hark olhatzen,
Eta bortxaz arimaren uztarrira ekhartzen.
Senjorale ibiltzeaz ondratzen tuk Sainduak
Eta hekin bitartekoz ardiasten donuak,
Bañan egik Aphezaren konseilluaz bidea,
Hierusalem, Erroma, Eta San Iakesko luzea.
Ungi baten egiteko milla erhakeria,
Halako orduz igoal duk ez etxetik ilkhia.
Obra buruzagiez
Orazione, Barur eta limosna Erromeriak
Giristiñoaren dituk obra buruzagiak,
Ezen hek borthitzkienik die etsaia izitzen,
Nola baitute prestuek egietan aurkhitzen.
Obra hetan treba adi hi ere gehienik
Giristiño prestuaren nahi baduk izenik.
Promesez
Gauza guztiek ohitik zeñek bere moldeak,
Baita promesek halaber bere iustu legeak.
Promesaren egiteko hau daroat konseillu,
Eta ikhastera nihoiz ez aizela urguillu:
Egiñen duen promesa beharko duk iduki,
Punimendua burura eztathorken iustuki
Eta egik konpli ahal dezaken ontasunaz
Gero orhoit konplitzera gauaz eta egunaz.
Botuaren egiteaz itsusi den fiñeko
Othoitz egin arren deusik eztuk ardiatsiko.
Gauza gora duk botua; hartarakotz abisu
Aphezari galdetzeaz eztuk behar gorritu.
Badariak maizkienik hunela duk egiten
Behar handian dagoen presunak dik formatzen,
Ordean prudenziaren ez hautsteko legeak
Kondaturen dugun moldez egitzik hik heureak.
Saindu guztiek egia duk dutela podorea
Presunari ardiasteko premiazko galdea,
Guztiarekin seguren hik egikek promesa
Zeña gero deusek ere gibela ez baiteza.
Prinzipalki saindu hari dedikatu etxera,
Gauza hura zeren baita ematen orhoitzera
Edo ematen duela asko aldiz frogatuz
Edo hari eternalak beregainki aginduz.
Finean ardiasteko zerbait segur bidea
Sinhetsak dela famosen Sainduei eskatzea.
Relikiez
Ohora detzak reliki saindu dohatsuenak,
Ezen dituk glorioso egoitza arimenak.
Idukitzak ere ezertan hek gauza ukituak
Nahiz tresnak diren nahiz gainerako hatuak.
Ezen hek non diren lekhu Saindutara, Iainkoak
Bidaldu ohi tik dohain hagitz frankoagoak,
Zeren Sainduek baitute gehienik othoizten
Lekhu hekintzat gehien non baitire ondratzen,
Bañan egik gehiago estima relikiez,
Hedaturik dauden baño Sainduen iduriez.
Gehiago duk zuhatza baita adar hautsia,
Gibelera itzal baño haritzak egotzia.
Agnus Deiaz
Agnus Dei sakratuak ni niauk presentatzen
Eta bildotsarekin thailluzki konparatzen.
Hartarakotz iratxaki ziotzaat indarrak
Haren moianez gizonen estaltzeko beharrak.
Eliz-Ama noblearen beraz Saindu legea
Eztezakela estima probetxurik gabea,
Ezen ozpin krueletik presuna dik guardatzen
Eta bekhatu benial guztietarik libratzen.
Erre edo ithotzeko halaber perilletik
Guardatzen dik, heriotze nola ustekabetik.
Sathan ere iziturik bidaltzen dik lezera
Eta etsaia erakhartzen nahi dugun menera,
Gogatuak libratzen tik erditzeko miñetik,
Agnus Dei sainduaren hauk dituk berthutetik.
Aiphatuez berze alde badik berzerik ere,
Eta linber batek hanbat nola puskak bothere.
Haren beraz ekhartzeko egin adi propio
Ezen gaitz handientzat duk hura erremedio.
Egikek beraz hain handi dohañaz probetxua
Ez inzela exkusatu gabe abisatua.
Imajinez
Imajinari egiok errespetuz agurra
Zergatik imajina den Sainduaren itxura.
Ene lege bizia duk prediku pensatua
Lege hillaren gorputza pintura kolorsua.
Manu sainduak obrara emanen iduriak
Iarraikitzera atzartzen tik presuna nagiak.
Hartarakotz ohoratzak orhoitzapen biziak
Eliz-Ama Katholikak begietan utziak.
Mundanoek nahi die egin daiten hekiñak,
Arrozoin duk egitea hobeagoakiñak,
Bañan eztezala altxa figura gizonenik
Eliz-Amak Sainduetan kondatu gaberenik,
Ezen hark iduri likek gaixto idolatria
Zeren gatik azotatu baitut Iudu herria.
Nahi diat errespeta detzaken iduriak
Bañan noren baitirade ageri mereziak.
Imajina ondratzean Saindua duk ondratzen
Eta laido ematean halaber desondratzen,
Ezen halakoak eztik estimatzen Prinzea
Zeiñak baitu arbuiatzen armoria noblea.
Gu titxosak giaudezek urrezko kadiretan
Erakusten ez garela baizen imajinetan.
Pintura duk begiaren zuhurtzia lasterra
Erretaulan kontenpla zak gure bizi ederra.
Berthuteak ere imita, iarraiki oiñ-hatzari,
Faboreak izanen tuk baldin eska bahadi.
Ene aitak ohoratu beharko dik lehenik,
Gero haren ondoan nik, espirituak azkenik.
Gure hurrenean gero kortesano Sainduak,
Zeñek egin baitzituzten gure manu iustuak.
Ordena hau eztuk behar niholatan ahantzi,
Ezen ondrak ziagoztek presunei diferentki.
Elizaz
Hauk guztiak ikhasi tuk. Oraño ene hitza
Entzun ezak, iakiteko ea zer den Eliza.
Eliza duk arbola bat izarrerañokoa
Itzaltzen duela mundu guztiaren kanpoa.
Fautua duk relijione neronek ifinia
Eta mami obra onak, azal zeremonia.
Baterere eztezala azala mezprezia
Zeren baita fruituaren leial begiraria.
Edo ezperen Eliza duk untzi berregindua
Ifernuko uriz eta haizez tormentatua.
Hara huna ziabillak haize kontraz luietan
Eztuk ordean sekulan galduko uhiñetan.
Hunetxek dik ardiasten belan Parabisua,
Zeiña baita Kristau onen salbatzeko portua.
Salbamendua duk hemen eta ez untzi berzetan
Zeñak hondatzen baitire hunen inkuntruetan.
Barkha hunen burjesa duk ene Aita eternoa
Ni nauk gero buruzagi haren hurrenekoa.
Espiritu Sakratua itsasoko pillotu
Zeñak tormentetan baitu bide onaz gidatu.
Ama duk gure ondoan lehenbizi parzuner
Apostoluak agintari, laiekoak pasaier,
Lagun aphez eta Fraide munduaz ukhatuak
Eta ene gatik bizi penosa hautatuak.
Soldaduak doktor eta predikari iakiñak
Garaituaz doazela hirur etsai gordiñak:
Heretiko thematsuak araueko presuner
Elizama sainduari zeñak baitzaizko aiher.
Hunelako Eliza duk jendez eskifatua
Onak eta gaiztoak ere badik bere lekhua,
Bañan komunki Eliza duk aditzen duguna
Giristiño guztien duk Katholiko bilduma.
Aphez gobernatzaileen egia duk bilkhua
Deitzen dugula Eliza batzuetan Saindua,
Parte prinzipalenari guztiaren izena
Ematen zaiola zeren den señalatuena.
Elizaren manu jeneralez
Elizaren hautxek dituk manu jeneralenak,
Giristiñoak gogoan hartu behar tuenak:
Ni obedi nazak Iesus Kristen espos leiala
Eta errespeta heure ama ona bezala,
Ezen Iesusek umetzat ezau aboaturen,
Non ez nauken ni lurrean amatzat aithorturen.
Ene hitzak sinhets etzak nahiz eskribatuak
Edo ezperen tradizione eskuz esku hartuak.
Hetan ere emak fede ezen dituk egiak,
Ezin hutsik ziadikek Eliz ama guztiak,
Ezen ni nauk Iaun puxantaz beti inspiratua
Eta faltan erortzetik ziñez begiratua.
Hartarakotz ifiñiko nik ditudan legeak,
Giristiñoa sinhetzkik enganiogabeak.
Eta hala besarkatzak ene saindu usantzak
Zeñen osoak baititut ifinzeko puxantzak.
Elizaren manu partikularez
Igande eta bestetan largazakek nekea
Eta Zerukoei eman merezi ohorea.
Meza beraz adizakek egun hekin goizean
Eta gañerako eguna enplega obra onean,
Ezen berze egunak Iaunak eman tik trabailluko
Bañan igandeak eta bestak othoitzetako.
Aphezei ekhar diezek behar errespetua
Zeren idukitzen duten Iainkoaren lekhua.
Eztiezela iduki zor daroen fioa
Zerbi dezaten biziaz artha gabe Iainkoa.
Hik halaber bentzuteko haragi gudutsua
Errespetuz begira zak barur egun Saindua.
Hartarakotz barur ezak garizuma guztia,
Halaber lau denborekin Sainduen bijilia.
Eztezakela haragi ian aiphatu mugetan
Ez hain guti Orzirale eta Larunbatetan.
Gehiago lauda etzak Saindu zeremoniak
Kandelero eguneko nola biztu argiak,
Eta hautsterriz hautsaren burura ematea,
Orhoitzeko hauts bihurtzen dela gorputz maitea.
Baita are arramua eskuan ekhartzea
Herstu denean arramu Sainduko igandea.
Gañerako Elizaren berze Zeremoniak
Lauda etzak eta onhets haren athun guztiak,
Ezen eztik aitziñatzen deusik probetxu gabe
Hekin beraz guardatzera eztukela herabe.
Eskumikuaz
Haren beraz ezadilla altxa kontra deusetan,
Bañan seme onak legez obedi zak hitzetan
Eta faltan baldin bahaiz erori maleziaz,
Berehala doloradi egin duken gaizkiaz.
Iainkoari eska akio barkhamendu humilki
Eta ez berriz itzultzeko promes egik fermuki.
Ez adillala hisia heure falten gañean,
Halakoa erortzen duk Eskumiku dorphean.
O eskumiku arimaren punimendu garratza,
Ezin izenda azaket laztu gabe adatsa.
Nabalaren ahoa duk iduri propioki,
Zeñak mienbroa baitu gorputzetik idoki.
Halaber duk giristiñoa berzetarik berezten,
Bere faltaz zeña baita hire baithan erortzen.
Nihork ezin hauta zirok hire minaz zaurthua,
Bañan largatu behar dik nola izurriztatua;
Ezin ehortz ziaitekek lur benedikatuan,
Baña sepultura hartu behar dik desertuan.
Giristiñoa, apartadi hain gaitz perillosetik,
Zeñak baititu plaga hauk garraiatzen ondotik.
Aita Sainduaz
Baliarazitzekotzat neure erran sainduak
Eta Elizak ituen bere errespetuak,
Neure ordain utzi nien San Piarres nausi,
Batelzain arrantzale zein bainuen ikhusi.
Halaber tuk ene ordain Erromako hirian
Iarri diraden guztiak Piarresen alkhian.
Aita Saindu deitzen duk Zeruaren gakhoak
Zeñak eskuan baititu zarra-idikitzekoak.
Zenbait duda sortzen bada zertan den sinhestea,
Elizako hauziaren huraxe duk iujea.
Duda partikularetan aphez zuhurra gana
Hoa, Aita Sainduaren hura dukek ordaña.
Geldi adi sentenzia ematen duenean,
Barrenago sarthu gabe disputaren gañean.
Paganoek denegatu ziteen noizbat Platon,
Delfesko sekretuari sobera etzarraion.
Hark bezanbat hik eztakik, kontentadi heureaz
Eta Elizakoak bere mela beite arteaz.
Predikuez
Fiñean nahi ez baduk gauza gorez dudatu,
Aphezaren predikuak albaitetza aditu.
Hek aute iakintsunago laster errendaturen
Eta prestu izatera halaber higituren,
Ezen ene hitz saindua duk kharlo hazia,
Eta haren fruitu ona sekulako bizia.
Predikari iakintsuna duk laboraria,
Zeñak erein ohi baitu hain balios hazia.
Ago beraz bethi erne haren solasetara,
Zerbait ikhasirik itzul adin heure etxera.
Itsusi duk eskolatik etxera itzultzea,
Zerbait hartu gabetarik gogoan ikhaslea.
Predikua duk Kristauen eskolatzat famatu,
Ilkhi adi ikhasirik zenbait erran sakratu.
O Iesus Krist solas saindu haukin formatzaillea
Eta lege hain sainduen Zerutik ekharlea,
Meditatzen tudanean hain errefau iustuak,
Harritzen naiz zeren diren hain on eta sainduak.
Alde hunez ere duzu laudorio merezi,
Zeren ez nauzun hauk entzun baño lehen berezi.
Zaradela laudatua beraz lur beherean,
Aire herrietan eta Zeruen garaitean.
|