BURU I
Herioaz ea zer den
Herioan aditzen da biziaren galtzea
Eta gorputz eta arimak elkhar bortxaz uztea,
Ezen gauzetan hain ezta maite korapillorik,
Hekien bien artean dena bezalakorik.
Bortxaz apartatzen dire elkhar ganik hek biak,
Elkharren lagun Iainkoak berariaz utziak.
Izenaz
Herioa, orhoitzapen hirearen asprea!
Pensatzeak lazten ziok sendoari illea.
O lastima eta ondiko guztien azkenena!
Obra krueletarik duk atheratzen izena.
Omena aditzeaz dituk segurenak izitzen
Eta bihotza daroek transimenduz harritzen.
Fiña
Herioaren fiña da gizona punitzea,
Zeren den Iongoikoaren kontra esker gabea.
Ungi egiñen sari du ofensatzen itsuski,
Halakotz pena behar du herioaz iustuki
Edo bere bekhatuen kausaz edo Adamen,
Zeren ahoratu zuen debekatu ahamen.
Kausak
Bekhatua, zer darokuk izterbegi mundura,
Gure gana hain krudela zeiñak baitu iaidura?
O zierpe itsusia zeñen pena larria
Herioa behar baitzen hain deus izigarria.
Hanbat bada merezi du puni dadin gaizkiak,
Non separa daiten urrun adiskide mamiak?
Gorputz eta arimaren hain lothura hertsia
Lexa dadin eta bilha herrauts gorputz guria?
Bai pena hau merezi du gizon eskergabeak,
Zeren eta hautsi tuen Iainkoaren legeak,
Zeren ofensatu duen ungi egille handia,
Hala ere etzaio ematen gaztigu merezia.
Obrez
Ezkurretik ezagun da haritz larraiñekoa,
Bere fruiturik sagarra, bai beretik fikoa.
Halaber da ezagutzen beretik herioa,
Ezen lastimagarria uzaten du hatz ondoa.
Izitzen du
Bihotzean ematen du tristezia larria
Eta izialdurarekin ezin egin handia
Hartarakotz errana da, ala herioa motz,
Tristezia baizen eztu uzten deusik ondokotz.
Izenaren aiphatzea bera ere da hain latza,
Sanson beraren baitzuen non transitu bihotza.
Hersten denean eztaki norat itzul presunak,
Mobimenduaz gabetzen ezen zaizko belhaunak,
Illea ere latzten zaio, lilluratzen begiak,
Ohiko ere galtzen du kolorea bisaiak.
Gizonari darraio
Gizonaren ihizian gau eta egun dabilla
Eta sosegurik eztu non eztakusan hilla,
Ezen amaganik haurra denaz gero mundura,
Pausu gaberik darraio oiñ-hatzetik ardura.
Gu non gare hura da han, gizonen nigarrera
Den urratsik ttipiena galdu gabe tristera,
Bañan ondotik darraio hala nola itzala,
Bi ahotako eskuan dakharrela nabala.
Atzematen du
Sarri edo berant ditu atzematen guztiak,
Ezen itzurtzeko dire bide guztiak hertsiak.
Mortu zarraturik ezta, non eztezan idoki,
Ez aintzirarik iragan, non eztezan ideki.
Lekhu guztietara du arthikitzen tragaza
Eta urruititik ere azarkatzen bihotza.
Haren gana darauntsagu nola uhiñak kostara,
Berak erakhartzen gaitu nahi duen kozkara.
Hiltzen tu guztiak
Hurbiltzen aiz, Herioa, odolez egarririk,
Bekhokia zimur eta begia bihurririk.
Bistaz ikharatzen dituk buruzagi gogorrak
Eta ematen daroztek transimendu agorrak.
Gutienik noiz baikare geure hitzaz orhoitzen,
Orduan darokuk bizi maitea atrapatzen.
Alabañan orenaren ez guk iakin berria
Eta paradazkoa hik hautatzen duk astia.
Probe, aberatsak, etc
O kruela odolsua naturaren Burreua,
Araitziña hobiratu uen gure ama Eva.
Geroz eztiok barkatu handi edo ttipiri,
Bañan dituk munduaren kontra armak muthiri.
Hasta duenari diok arthikitzen gezia,
Eta zahar, gazteari idekitzen bizia.
Nola pikatzen baititu segak belhar ferdeak,
Hala azpiratzen dituk puxant eta probeak.
Errege eta arloteek hala ditek frogatzen,
Ezen hi aute nausi beretzat ezagutzen.
Nihork ezin iguriki ziezekek hireei
Bi aldetara ebakitzen duten arma zorrotzei.
Hire tragazaren kontra eztuk erredolarik,
Ez landetan zauriaren sendatzeko belharrik.
Lekhu guztietan hiltzen du
Iguzkiaren azpian nihon eztuk sorhorik
Hire pasioneari gerize dagokanik.
Nahiz dela artzaiñaren etxolatxo xumea
Edo ezperen Erregeren etxe dorrez bethea,
Biak berdin hik ostikoz egotzten tuk lurrera
Eta orain gora dena aurkhi dukek behera.
Jende guztiak
Nahiz altxa dakiela Ezkutari bakharra
Edo ezperen jendetsu Prinzearen armada,
Baten bezain kontra sendo hañitzen duk besoa,
Ezen million gizonen garaitu duk kanpoa;
Eta nola itsasoak barkha miragarriei
Eragiten baitaroe lanzada bai ttipiei,
Halaber tuk, Herioa, azpiratzen ozteak,
Nola zamarira igan bakhar zaldun gazteak.
Entrepresak hautsten
Hi agertu artean tuk gure hitzak handiak,
Baiñan agertu eta hik ixiltzen tuk mihiak.
Arranoa dathorreño xoriak dik kantatzen,
Nabaritu duenean ordean duk ixiltzen.
Hitzaz eta gutzaz berdin duk, herio kruela,
Gure ahoa hersten duk hi agertu bezala.
Arima gorputzetik apartatzen
O dolore eta lastima ezin kondatuzkoa,
Egun zutik eta bihar hillik erortzekoa,
Herioarenak dire halako obratzeak,
Garabek non ezbaititu naturaren hain dorpheak.
Gorputz eta arimaren lothura hertsiena
Lexatzen du, Iaunak baizen egin eztezakena.
Gorputza manaiu gabe erortzen da lurrera
Eta hatsean arima hegaldatzen airera.
Arimaren estatua
Gorputzetik separatuz geroz espiritua,
Apartean triste dago nola alhargundua.
Gorputzarekin oraiño iuntatzeko desira
Geldi zaio, harik ekhar dadin bere nahira.
Oihan-zaiñak egotztean lurrera zuhaitz gora,
Altzairuzko hurbildurik oñetara aizkora,
Nola xoriak airatzen baitire berzetara
Tristeki begiratzeko berze ohatzetara,
Gizonaren orobat da arimaz ilkhiz gero
Gorputzari iuntatzeko desira geldi zaio.
Tristezia zenbait badu iunta dadin artean
Eta gloriaz betherik sar dadin gorputzean.
Iongoikoak emana du halako gutizia,
Zeiña ezin baitezake niholatan ganbia.
Damnatuak eztu nahi gorputzera bihurtu,
Zeren gehiago behar duen pena sofritu.
Gorputzarena
Mianbro guztiak dire gogorturik gelditzen,
Bai halaber podoreak obretarik nagitzen.
Bisaia eta begi urdin Zerura ailtxatuak
Lurrera itzultzen dira guztiz ganbiatuak.
Beharriak eztu aditzen, ezta hitzten ahoa,
Eztu urrindatzen lili sudurrak landakoa.
Esku biak zabaldurik daude eta zangoak,
Leheneko obretarik gelditurik mianbroak.
Fiñean hil gogorrak dauntza mobimendu gaberik,
Eztutela zohiaren baizen berze galderik.
Hain laburki bustel dadin larharantza xuria
Eta khirats gaixtoz bethe gorputz ungi hazia,
Mianbroak bazterrean dauden okhelaturik,
Suge eta xixarien bazka bilhakaturik.
Gizonaren gorputza da hazten hobekiena,
Alabañan hil eta du hark usain gaixtoena.
Berehala mudatzen da gizonaren bisaia
Eta lurrera erortzen orraztatu illaia.
Bere aita propia du aborritzen presunak:
Herioak hanbat ditu arrotzten ezagunak.
Zarratzea
Zergatik da aberatsa aziendez bantatzen
Eta gerlaria leihor banatuez prezatzen?
Hek guztiak utziko tu, aski du mihisea,
Eta gerlariak hobi gorputzaren bethea.
Obra iustuak arimak daramatza berekin,
Berze guztiak utzten tu mundu banoarekin.
Ea beraz parti gaiten aphainduak mundutik,
Iongoikoaren hastandu gabe manamendutik.
Nola edirenen baitu herioak gizona,
Gaztigu emanen zaio edo golardo ona,
Ezen norat ere baita eragotzten zuhaitza,
Han gelditzen da leihorra dela edo uhaitza.
Obra onek daramate arima hedoiera
Eta falta itsusiek Ifernuko lezera.
Ea beraz obretara heda zagun eskua,
Zeñen izanen baitugu sari parabisua.
Sekulako atsegiñez boz dezagun gogoa:
Sariaren aldean ezta deus pena mundukoa.
|