KATALIN
Galdera
Nork eraman du Katalin,
bere begi ederrakin?
Ahapaldia
Azkenbordara lagundu dio
auzoak negar batean;
olatu galdu batek bota zun
legorrera bart gabean;
itxas ertzeko aitz arte baten
jaso dute gaur goizean.
Erriko mutil jator guziak
zerakarten bizkarrean.
Mutil guziak bizkarrean da
txandaka aldatuz bidean.
Galdera
Nork eraman du Katalin,
udaberriko lorakin?
Ahapaldia
Auzoko biotz gazte guziak
maitez zituan irakin;
biotz guziak irakin baiña
bat besterik maite ezin;
bat besterikan maite ezin eta
bera Itxaspeko Martin;
baiña Martiñek maitasun aren
berririk etzuan jakin,
ta itxasoz aruntz amesen billa
erritik zigun aldegin.
Galdera
Nork eraman du Katalin,
jostatzera izarrakin?
Ahapaldia
Itxas kanpotik kaio talde bat
garraxika dator arin;
ta ai ene! urruti ontzitxo baten
galdu da Itxaspeko Martin.
Neskatxa bati bere biotza
lertu zaio min arekin,
ta itxas aurrera sartu da igari,
deadarka: —Nun aiz Martin?
Eta Martiñek erantzun dio
urpetik: —Ator nerekin.
Bukaera
Abots aretxek eraman digu
illen errira Katalin!
|