www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ELBARRIAREN IPUIA

 

        Bi gurpil aundiagoak ezker-eskubi, ta irugarrena txikiagoa aurrean zituan gurditxoak.Erriko kaletan zear aditzen zan deadarka:

        —Elbarriaren ipuia! Nork entzun nai du elbarriaren ipuia.

        Kale kantoi guzietatik zetozkion aurrak. Taldea mardultzen ari zan, eta jende txikiarekin zetozen aur-zaiak eta ama bat baiño geiago, beren seme-alabaxoak zaitzeko aitzakitan; baiña, egia esateko, elbarriaren azkenengo ipuia aditzeko irrikaz. Ain politak ziran, eta ain ederki ateratzen ziran elbarriaren ezpaiñetatik.

        An zijoan gizona, errege bat bezela, txiki-taldearen erdian, eskuz eragiñaz aurrera zeramala bere gurditxoa. Azkenerako, ain maite zuten aurrak, atzetik bultzaka laguntzen zioten plazarako aldapa igotzen. Eta an, intxaur zabal eta ostropetsuaren oiñetan gelditzen zanean, bazirudin antxiñako sasi-jainko aietakoren bat kokatu zala intxaurpean.

        Errira jeisten zan bakoitzean, ala gerta oi zan beti. Eta elbarria, bere ipui berria kontatzen asten zanean, txori, asto ta bei adar luzeak ere, ixil-ixillik gelditzen ziran, aren itzik ez galtzeko. Erriko txikiak batez ere, ao-xabalka egoten ziran, aren esanetara, ta zeruak ere, aingeruak elbarriaren kontu zoragarriak entzun zitzaten, urdinguneren bat beti oi zuan ordu aretan.

        Onela zabaldu ziran errian, bata bestearen ondoren, ainbeste ipui, mendiko aizeak ekarriak bezela. Asto erranarena, oillo lepa gorriarena, azeri maltzur eta oillar moko txuriarena, basaurde betortz bakardunarena ta otso beltzarena, txantxangorri ta arrano egalariarena, ta nik al dakit beste zenbat eta zenbat kontu, nexka-mutkoen zeru ziranak.

        Baiña ipuirik ederrena, elbarriaren bizitza bera zan. Ipui guziak baiño ukigarriagoa. Ipui guziak, ori bai ziran; ipui utsak. Elbarriarena, ez ala. Egi garbia ta biotz-barruraiño sartzen zana.

        Noiz ote zan?... Orain eun... berreun... urte?...

 

* * *

 

        Ara! Ikusten al dezue an gaiñean, tontor-tontorrean, basarri ura?

        —Mendiak zeruari ikutzen dion gain artan?

        —Bai, maiteok. Tellatu gorri arekin, badirudi basarria, mendiari jarri dioten txapela dala.

        —Ene, ta bai.

        —Ba... antxe bizi da gure ipuietako elbarria.

        —Bakarrik?

        —Ez. Badu andrea ta semea ere. Gaztetxoa oraindik, aitari basoan laguntzeko; baiña mutiko pijua bere amairu urterekin.

        —Bai urruti bizi dirala irurak.

        —Bai, enetxuok. Urrutitxo erri artatik, eta askoz urrutirago zuek bizi zeraten erri aundi auetatik. Irurak mendi-mendiko izena zuten. Aitak (artean etzan elbarri), Arkaitz; amak, Iturri ta biengandik sortutako semeak, Erreka.

        Orra iru izen polit. Kontuan artu, gero! Arkaitz, Iturri ta Erreka... Udaran, eguzkiak antxe ameten zion lurrari lenbiziko musua; eta illunabarrean, argia lotara zijoanean, an uzten zuan egunaren azkenengo urre-tantoa. Ori, udaran eta egualdi ona egiten zuanean.

        Baiña euri ta aizea neguan, izotz eta elurrarekin burrukan asten ziranean, errukarriak orduan Izarpeko kristau ta ardiak!... Orra! Esan dizut basarriaren izena ere, Izarpe. Izarrak bai zituan bere sapai, gau ozkarbietan.

        Egoak baztarrak gozatzen zituanean, ardiak aisa zebiltzan maldarik-malda. Mendiko belar zapaldugabea bazkari zutela, aiek larre-aldiak! Zelairik-zelai zijoan artaldearen ezkilla soiñua, zeruari eskerrak ematen. Nabarrek ederki zaitzen zituan albora gelditzen ziran ardiak, zaunkaz inguruak esnatuaz. Bego otso beltza bere basa-zuloan urruti! Etzuten aren aztarranik udara-aldean; ezta bearrik ere.

        Damurik! Egun guziak etziran ala. Neguteak jotzen zituanean, etzan giro goi aietan! Egunak labur eta gabak luze, bazan antxe nekea ta lorra! Orduak joaten zitzaizkien aurreko mendi Gurutzeari begira; andik sortzen bai-zan argi unea.

        Iturrik, amak, presta oi zuan mendirako ogi-artekoa. Gazta, urdai zatia edo al-zana. Arkaitz, aita, goiz ateratzen zan artaldearekin eta Erreka, semea, mutiko sendoa bai-zetorren, asia zan noiz-beinka aitarekin artzaitzan. Ala egunak eta ala urteak.

        Irurak osorik iraun zuten bitartean, poliki zijoazen Izarpeko gora-berak. Amak etxekoa, aitak erdiekikoa ta semeak aldiz etxekoa ta aldiz ardiekikoa egiñaz, ederki menderatzen zituzten eskuarteko lan guziak. Inguruetako zugaitzak, pago, lizar eta aritzak, aientzat bear zan egurra oparo eskeintzen zuten. Nekeak-neke, pozik bizi ziran Izarpeko guraso ta semea; irurak mendian jaioak eta mendian esiak ziranez, beko aiderik etzuten atsegin.

        Batez ere, beren etxea maite zuten. Ura bai-zan guraso zaarren arnasa ta itzala, gizaldiak zear mamitua. Orma zarretako arri bakoitzean, aurretikoen lan eta izerdia gordea zuten.Artegian, artaldearen aterpe ta beroa nabaitzen zan, gabetako ta neguko orduak beee! gozoz beteaz. Etxearen be-alde erdia, artegiak artzen zuan. Beste erdia, sukalde ta labe aldeak betetzen zuten; ta goian zeuzkaten lo-gelak eta mandioa.

        Zenbait gizonen lekuz eta ondasunez ase eziña! Izarpeko guraso ta semeak etzuten alako gaitzik. Beren etxea naikoa zuten munduko aberatsenak baiño zoriontsuago bizitzeko. Kutizi gabeko biotzak,zeiñen gutxi bear duten pozik izateko! Mendiko aize garbiak, etxe ondoko baratzatxoa, ta ardien esne ta gazta, bizigarririk ederrenak ziran iru menditar aientzat. Danez gain, iruren arteko alkartasun eta maitasun sakona zitzaien, ondasunik bikaiñena.

        Onela zijoazkien egunak,asteak eta urteak. Noizean bein errira jetxiaz, alde guzietan ongi artuak oi ziran,eta sukalde guzietan izaten zuten alkiren bat; baita mokau beroa artzeko lekua ere.

        —Sartu, sartu barrura, Iturri! Erri aldetik, beraz?

        —Bai, Malen. Etxerako zerbait inguratu bear.

        —Ta onik al dira gizona ta semea?

        —Oeak ozten ditugu, beintzat...

        Iturri, aztu ezpazaizu, Izarpeko amaren izena dezu. Urrengoan, gizona, Arkaitz, jetxiko zan, gazta-sasoia zala-ta, etxerako bear etzutena, errian saltzera. Arkume garaiak ere, bere lanak sortzen zizkien, eta semea, Erreka, azten zetorren bezela, aitaren lagun izango zan aurrerantzean arkumeak errira jetxi bear zituztenean.

        Erritik mendi aldera begiratzen zutenak baziran:

        —An —esango zuten— Izarpen piztu dute sua. Begira, nola dijoan tximinitik gora ke-mataza.

        Orrela igartzen zuten Izarpen eguneroko lana ta osasuna bide onez zebiltzala.

        Laiñoak tontorra izkutatzen zuanean, etzegoen alakorik. Egun aietan, Izarpe erritarrentzat galdua gelditzen zan, eta urdiña zeru-jabe egiten etzan artean, basarria ere, itxu egongo zan inguruko berri jakiteko. Urte artan ere eroso ziran kontuak. Izarpeko guraso ta mutillak, beren zoriona osatzeko, etzuten iñoren bearrik. Irurak osasunez, irurak mendiko aidez indartuak.

        Giroak lagunduta, zuzen eta goiz asi ziran arkumeak jaiotzen. Ardiak oparo ematen zien esnea ta gaztak egunero zeuden su-gaiñeko kea artzen. Artzaiak ezin eskatu urte oberik. Zelaiak belarrez gozo ta aberats, eta basoak eguzki orduetan itzal preskua eskeintzen zien beroari iges egiteko.

        Arkaitz, larrerik-larre zebillen bitartean, Iturrik etxea ta etxe ondoko lorategia zaitzen zituan arreta aundiz. Eztizut len ezer esan, baiña Iturriren biotzean, loreak berebiziko lekua zuten. Mendiko lore guziak ezagunak zitzaizkion. Lore txuriak, orixkak eta gorriak, denak bere izenez ezagutu ere. Ta politenak bere lorategian aldatzen zituan. Etxeko orma zarraren ondoan, bai lorategi ikusgarria! An zeuden lili txuriak, larrosa gorriak, krabelin, kukuprakak... lore txuri-gorri, more argi ta illunagoak, konta-ala. An ikusten zan Iturriren eskua ta biotza.

        Izarpe, zeru txiki bat zala, esan zitekean. Izan ere, lurrean etzan erreza alako zorion eta pakea arkitzerik. Baiña lurreko egoerak ez izan betikoak, eta uda eder baten ondoren, udazkenak arrotu zizkien Izarpe aldean sarkaldeko aizeak. Eta udazkenaren atzetik, eldu zan negutea. Uste baiño lenago laiñotu ziran gaillurrak; kazkabarrak Izarpeko atari aldea goiztxo zuritu, ta goiko ta beko aizeak, auts koloreko laiko pilloak inguratu zizkieten otzaren lagun.

        Gero, elurrak estali zituan bideak. Basoa aguretu zan, adar erantziak elur maluta zuriz jazten zirala. Zelai ta aitzak, maindire zuri aren azpian, illak ziruditen, eta otso beltzaren aztarranak, inguruan agertu ziran.

        Eguna joan eta eguna etorri, luze zijoan elurte ikaragarri ura, ta izotzak gogortuak zeuzkan errekalde ta maldak. Nork burutu Izarpen? Poliki-poliki etxean gordeta zeukaten apurra, bereala aitu zan. Kristau ta abere, jatekorik gabe, argalduta zebiltzan. Besterik ezean, ardiren bat il bear izan zuan Arkaitzek; baiña ardiak ere, goseak zeuden eta laster gaitzak eraman zituan sail bat. Bizirik iraun zutenak, argalak eta erdi gaixoak gelditu zitzaizkien.

        Bitartean, Iturrik, Arkaitz eta Errekari zerbait gordetzearren, bere buruari ukatu egiten zion bear zuan janaria ere. Udaberria sortu zanerako, oso galdua zegoen ama gaixoa. Bere lorategia zaitzeko ere, gauza etzala, bularretik gaixotu zan zearo.

        Konturato ziraneko, berandu zan. Gaitzak aren biri biak ondatuak zeuzkan ordurako, ta Maiatzeko Gurutze egunean, aitu zan emakume errukarriaren bizia. Senar eta semeak jantzi zuten Iturriren gorputz illa; ta gero, inguruko zelaietatik bildutako lorez estali zuten emazte ta amaren zerraldoa. Antxe, orma ondoko lorategian —ain maite zituan lore aien tartean—, lur eman nai izan zioten.

        Deitu zuten apaiz jauna, ta lurra bedeinkatu zuan. Errian egin zituzten illetak, goenekoak izan ziran. Lorategian obia, euri ta aizetatik gordetzeko, aterpetxoa jaso zuten aita-semeak, eta an gelditu zan amaren gorputz maitea, zurezko Gurutzearen babesean. Izarpeko sendia, len bezin osorik gelditu zala esan zitekean. Arkaitz eta Errekak obia beti lorez edertua zeukaten, eta aman antxe lotan zutela, zeritzaien.

        Baiña etxea etzan ez osorik gelditu. Sukalde ta inguruan, emakumearen eskua palta izan zan andik aurrera, ta aita-semeak basotik edo artzaitzatik nekatuta eltzen ziranean, etxea otza ta gauza guziak ipurdiz gora arkitzen zituzten.

        Arkaitz, bere emaztearen eriotzak oso mindua utzi zuan. Erreka, bere amasei urterekin, artalde gutxiruaren ondoren ateratzen zan geienetan. Ama zana lore-zale bezela, semea txori-zale purrukatua zan. Larrerik-larre zebillela, mendi ta basoko txori guziak ederki asko ezagutzen zituan. Beti, aientzako jan-ondarren batzuek zorroan sartu ta aterako zan. Txoriak ikasiak zeuden, eta iñungo zugaitz adar eta sasi artetatik, an inguratuko zitzaizkion artzai gazteari, jateko pozean. Mutillak bazekian txori bakoitzari bere txorro-txioz otsegiten. Orregatik, artalde ingurua txori-kantaz alaitua izan oi zan egun guzian. Artzai txakurra ere, Nabar, oitua zegoen lagunarte artara, ta txoriak etzioten bildurrik aren zaunkari.

        Erreka, aitz muturretara igo ta bere artalde ta txoriekin, mendiko errege zan goi aretan. Gaztetxoa artean, zoritxarrez, eta arriskurik etzuan ikusten. Andik sortu zitzaion etxeari urrengo ezbearra. Egun eder bat zan. Basoa bere apaingarri guzian zoragarri agiri zan alboko maldan. Zelaiak lroetan eta eguzki erraiñuak mendia urre argiz josia zeukaten. Erreka, aitzik-aitz ta larrerik-larre zebillen edertasun aien artean. Txori lagunak eta bere ardiak ondoren zituala, luzatu zitzaion arratsaldea... ta illunak, etxeratu baiño lenago, aurrea artu zion.

        Txoriak beren adarretan lotaratu ziran, eta Erreka, bere artalde ta txakurrarekin, erreka-zuloak eta aitz arteak zear, etxerako bidean zetorren.

        —Fiii! Fiii! —jotzen zien ardi txuriei.

        —Nabar! Ardi ori ekarri! —urrengo txakurrari deika.

        Illunabarra oso aurrera zijoan, eta bere kezka arekin, mutillak aitarengana lenbailen agertu nairik, etzuan bear zan betarik artzen. Bazan bidean aitz arte estu bat. Ardiak bultzatuaz, txakurra axaxatuaz, geroago ta itxuago zetorren gaztea.

 

* * *

 

        Aita etzan asieran larritu. Noizean bein, atarira irten eta zelai bide aldera begira jartzen zan.

        —Nun luzatu ote zaio gure mutillari bere egona? Kabiren bat edo perretxikoak izango zituan gaur ere, orduak igarri gabe onela joateko.

        Artan joan zitzaion illunabarra, ta ardian txintxarri otsik ez baztarretan:

        —Nabar! Nabar! —dei egin zion zakurrari; baiña deiak etzuan zakur zaunkarik esnatu.

        Apari legorra, zegoen lekuan utzita, jo zuan bidetan zear erreka zulo ta aitz arte soilletara. Geroago ta larriago zijoan gizajoa, txistu zorrotza joaz, belarriak ardi zintzarri edo zakur zaunka zai ernetuaz. Basoak eta aitzak, bere txistu soiñua besterik etzuten ematen. Erantzunik etzan iñun. Alako batean, etsita gerora, zerbaiten zantzua urrutira:

        —Fiii! Fiiii! —jo zuan txitua, arnasa entzuteko geldituaz.

        Bai... Aitz ondotik zetorren Nabarren zaunka otsa. Artzai makilla lurrean gogor tinkatuaz, eman zion lenaz gain laisterketari:

        —Erreka! Erreka! —oiu egin zuan bere indar guziz.

        Semeak erantzunik ez.

        —Ai, ene! Galdua det, noski, mutilla.

        Urreratzen eta agitzago Nabarren zaunka eta uluak. Ardiak ere, beren zintzarriak dantzatzen asiak ziran.

        Artan, egunsentiaren argiak esnatu zituan txoriak, eta eman zioten guziak batera kantatzeari. Aita nastua zebillen, nora jo asmatu eziñik. Oraintxe alde ontatik, oraintxe aruntzatxeago iruditzen zitzaizkion ardi ezkilla ta txakur uluak.

        Txoriak etzuten zalantza aundirik izan. Egoak zabaldu orduko, ikusi zuten jaten ematen zien artzai gaztea, ta denak arengana jo zuten txorro txioka bizian. Ala arkitu al izan zuan azkarrago aitak Erreka gizajoa.

        Aitzean irrist eginda, pendizean bera eroria zegoen mutilla. Zentzurik gabe, baiña artean bizirik.

        Arkaitzek igurtzi zion arpegia bere semeari; ta onek, aren ikutura, begiak zabaldu ta begirasun larriz jaso zion pixka bat bere burua.

        —Aita.

        —Seme! Nola erori aiz?

        —Berandutu ta illun...

        Erantzun zion ozta-ozta Errekak. Biotza erdi bi, jaso zuan semea lurretik eta artu etxerako bidea. Iturri ondoan, geldiunea egin zuten. Antxe mutillaren arpegia busti ta preskatzen egon ziran. Bide guzian, artzai gazteak ain maite zituan txoriak zerbait igarri baliote bezela, txio larrietan lagun egin zieten. Nabarrek ere, uluka aidea urratuaz jarraitzen zien ondoren eta ardi gaixoak, gau guziko egoeraz izututa, bee! zetozen bidean.

        Aita gizajoa!... Etxean sartu zanerako, semearen gorputz illa besterik etzuan besoetan. Bidean zekarrela aitu bai-zitzaion Errekari bizia!... Ta an eten ziran Arkaitzen artzaitzarako gogoak.

        Deitu apaiza ta amaren ondoan lurperatu zuten semea, bientzako aterpea zerbait zabalduaz. Errian esan bearrik ez. Illetak eta ezagunen naigabea oso biziak izan ziran. Aitak bere erabakia artua zeukan ordurako. Etxea etzijoan uztera, ez; an bai-zituan bere biotzeko puxkak eta guraso zaarren eskuz jasotako orma urtetsuak. Mendiko gizona zan, gaiñera, ta nola jetxi erri aldeko zuloetara? Ez, antxe eramango zuan, bakarrik izanda ere, bere azkenengo bizialdia. Baiña bizikera aldatuaz.

        Labe aldean, alako lekutxo bat itxiko zuan,ardi pare bat gordetzeko laingoa. Sukaldea ere, beretzat bakarrik etzuan ain zabala bear. Beraz, aren zatia ta artegia, baselizatxo bat egiteko artuko zituan. Mandioan beste ainbeste egin zitekean: beretzako gela ta gorde-lekutxo bat utzi ta beste guzia, elizatxoari emango zion.

        Elizatxoan, Gurutzeko Jauna jarriko zuan aldare gaiñean. Apaizarekin itzeginda gero, onek oso ontzat artu zion bere asmoa, ta ala egin zituan lanak. Etxeko orma, illobia zegoen aldera ideki ta onela, ama-semeen gorputzak, elizatxo alboan, kapillatxo baten antzera sortu zuan tokian gelditu ziran ondo gordeak. Ermita, Maiatzeko Gurutze egunean zabaldu zan lenbizi; andrea il zitzaion urteburuan, ain zuzen; eta andik aurrera, Arkaitz, ermita zai ta bere maiteen lur-gordetzaille bizi izan zan.

 

* * *

 

        Egun batean, elizatxoko kanpaia jo ta jo asi zan. Errian bildu zan gizataldea ta jo zuten mendi aldera... Arkaitz, perlesiak jota, gerritik bera elbarri arkitu zuten. Errira eraman nai izan zuten gizajoa, baiña arek iñola ere ez jetxi nai. Antxe mendian eramango zituan bere gaitzak uzten zizkion egunak. Orduan norbaiti elbarriarentzat gurditxoa egitea bururatu zitzaion. Erri guzian dirua bildu ta eskeiñi zioten alako polit bat. Besoak ongi zeuzkan Arkaitzek eta aiekin eragiñaz, bidean aurrera egin zezakean nai zuan aldera bere gurdi aretan. Onela jeisten zan arrazkero, errira zijoan bakoitzean. Aurrenengo erriko plazara joango zan, aurrez inguratua. An, intxaurpean bere ipuia kontatu ondoren, etxe guzietako limosnak ekartzen zizkioten aurrak, eta gero berriro bere mendiko kabira bidean galtzen zan...

        Orra nun datorren gaur ere, bere ipuia bukatuta, aurrez inguratua. Guziak kantari datoz erriko irteraraiño, elbarriari lagunduaz. Onek, aurrei agur egiñaz, artu du bere etxerako bidea...

        Kontu auek aspalditxo ziran. Gerora, elbarria il eta bere emazte ta semearen ondoan sartu zuten Gurutze Santuko ermitatxoan. Onela iraungo zuten betiko batuak, mundu onetan ain alkarrenak izan ziran iru maite aiek.

        Eta orain, Maiatzeko ta Agorreko Gurutze-egunetan, apaiz eta agintariak aurrena direla, erri osoa an izaten da, Izarpeko gizonak sortutako Gurutze Santuko Ermita xarrean. Eta iñork ere ez du andik irtetzen, aurrez alboko kapillatxoan iru Aita Gure esan gabe.

 

aurrekoa hurrengoa