 |
DEBARI ABESTIA
Erbestetutako debarrak bere erriari.
Debako erri maite,
nere sor-lekua,
urruti nabilkizu
zugatik mindua.
Etzait beñere aztu
zure ingurua,
biotzean bai zaitut
barrura sartua.
Itxasoak ertzean
egin zizun leku:
amak aurra bezela,
or laztantzen zaitu:
zu lotaratzeko du
olatuen katu:
urak txirla ain politik
eztu iñoiz baztartu.
Mendi oñean zauden
seaska txuria,
arrizko mirari da
zure eliz-nausia.
Ondartza gorriaren
atze zumardia:
kabi bat dirudizu
zerutik jausia.
Alostorreko belak,
Maspeko mollarri,
Zubeltzutorren il zan
andre gorulari;
Buztiñaga ta Iturtza,
burrukan alkarri:
antziñatik ditugu
Deban oroigarri.
Zure alboan dezu
Santa Kataliña,
debarrak San Juanez
dantzatzeko gaña:
itxasoari munka
Andutzek dun oña,
zerurako armalla
dan muño liraña.
Artzabaldik aurrera
baratza zabala,
emaitz guzietatik
ugari damala,
Jaunaren mirari bat
esan leike, dala:
Paradisua ortxe,
itxura da, zala.
Sasiolatik dator
ibai aberatsa,
illargi berrietan
angula arratsa,
ujola-egunetan
egurra ta zotza,
apakiñez berotu
dedin etxe otza.
Andutz ta Arno dituzu
zure zeletari,
gallurretan dutela
Gurutzea agiri:
arri biurtutako
otoitz bi iduri,
zerua nun dagoan
erakusten guri.
Jaso ezazu, Deba,
goi zure begia,
menditik datorkizu
zeruko Argia,
mariñel larrituen
Izar pozgarria:
zurea da ITZIARKO
AMATXO maitia.
Etzazu negar egin,
ezkutuan, maite;
burua zuri baña
biotza det gazte.
Debara noa berriz
zure biotz-eske,
Itziarko Amatxok
bedeinka gaitzazke.
|
 |