www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AI, NERE NIRE

        (Maite-kezkak)

 

        Nere

Uste gabe sartu ziñan

nere biotzean,

tximista laño artetik

sortzen dan legean:

arrazkero ezin naite

bizi ni pakean:

aztu eziñikan nabil

oi, nere kaltean!

Biotzak ez du legerik,

maite duanean.

 

        Iñaki

Zertan zabiltz, nere maite

ailperrik nekatzen,

maitasunezko bidetan

biotza kezkatzen?

Txoriak goiz argiari

bezela kantatzen,

ala nai zinduzket pozez

ikusi zoratzen:

kezka gabe asi zaite

biotza gozaten.

 

        Nere

Nundik nora zenebillen

lengo arratsean,

beste arekin ixilka

bide baztarrean?

Erruki gabe zulatu

nazu biotzean:

bizia eman ondoren,

il nazu batean.

Biotzak ez du jolasik

miñez dagonean.

 

        Iñaki

Mingain txarrak ezin dira

egon oi pakean,

biotz onen zoriona

garraztu naiean:

utzi zaiezu miztorrei

beren jardunean.

Erleak, lorerik-lore

ibil oi danean,

eztu eztirik jasotzen

lokatza artean.

 

        Nere

Ez dezadala sinistu

iñoren esanik,

mingain txarren lan okerrak

bertan bera azturik:

neuk baña zoritxarrean

zaitut ikusirik,

biotza urratzeko ezta

alako eztenik.

Maite duanak eztu iñoiz

esaten gezurrik.

 

        Iñaki

Gezurrak eztu nerean

arki ostaturik,

egia da ez dedala

zu beste maiterik:

lengo gabeko arekin

ez nuan maite-itzik:

sinisten ezpadidazu,

kezkaz itxuturik,

banoakizu biotza

ziaro mindurik.

 

        Nere

Agur, nere biotzeko

amesik onena,

bazoaz bertan urturik

nere itxaropena.

Orbel-dantza zoro dabil

basoan barrena,

ego aizeak aidean

dakar Udazkena,

arekin batera ilko da

nere maitasuna.

 

        Iñaki

Ai, nere Nerek eztu nai

nere itzik sinistu:

neri berriz nere Nerek

biotza dit piztu:

nere Nerek neri zenbat

kontu didan nastu!

Atoz, neregana, Nere,

ez nazazu aztu:

Nere neretzat ezpadet,

nereak egin du.

 

aurrekoa hurrengoa