www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ALKARTUAK

 

ASIERA: Ipui guzientzakoa... (Doiñua: «Artolak dauka»... Gora ta azpipe...)

EMAKUME ABOTSA: Bein batean, Bizkai'ko lurretan, ba omen zan gizon aberats bat, bere etxean pakerik etzuana... Mundua ikusi nai... Ta mundua etxe barruan ezin sartu. Orratx!... Beruari eragin eta eragin... berotu zan azkenerako: (Soiñua gora ta bera...)

ABERATSA: Ba-noa munduan zear, zer ikusten dedan begiratzera. (Doiñua gora ta bera...)

EMAKUME ABOTSA: Biderako bear bearrekoa artu ta atera zan etxetik. (Atea isten eta bidean pausoak entzun bitez...)

ABERATSA: Ze aldetara joko ote det?... Noan bide ontatik!... Zerbait ikusteko bidea izango det, noski... Ara! baso artan norbait agiri da... Ia zertan ari dan. (Doiñua bideari laguntzekoa, gora ta bera...)

IZLARIA: (Emakume abotsa komeni da Izlari onen esanetarako). Basora iritxi zanean, egurgille bat ikusi zuan, egundoko egur pilloa lotzen. Ortarako, eldu zion aritz sendo bati, sustraitik atera ta lokarri bat ba-litz baiño errezago, eskuz biurritu zuan aritza ta arekin lotu bere egur-txorta aundia.

ABERATSA: Kaiso, adiskide! Zertan ari gera?

EGURGILLEA: Agirian dago nere lana. Egur-pillo au etxera eramateko, lotzen ari naiz.

ABERATSA: Gizona! Eztezu indar makala, aitza orrela okertzeko! Atoz nerekin eta zure indar oiekin egurretan baiño geiago irabazteko bidea sortuko dizut.

EGURGILLEA: Ongi da! Itzetik artzen zaitut.

IZLARIA: Ta besterik gabe, egur txorta bertanbera utzi ta batu zitzaion gure aberatsari. (Doiñua gora ta bera...)

        Gizon biak aurrera ta aurera ba-zijoazen... Igaro zituzten erri batzuek eta aietako batera urreratzen ari zirala, orra nun arkitzen duten beste gizon bat gora begira:

ABERATSA: Egun on, lagun! Egualdiari begira, ala?...

BEGIRALEA: Ez, jauna, Egualdiak ez dit kezkaik ematen. Beste zerbait det or goitik itzultzekoa.

ABERATSA: Or goitik?

BEGIRALEA: Bai. Oraintxe ordubete, dunba bat, tiro bat, jaurtiki det, eta beste ordubete barru jetxiko da nik jaurtitakoa.

ABERATSA: Gizona, gizona!... Orrelako doaia ba-dezu, atoz gurekin, eta etzera gaizki izango.

BEGIRALEA: Ezta gaizki esana. Berealaxe naiz zuekin.

IZLARIA: Eta iru gizonok, andik pixka batera alkarrekin ziran bidetan barrena... (Doiñua gora ta bera...)

        Ta orra nun arkitzen duten beste gizon bat, bere belarriak lurrean josita entzuten bezela zegoena.

ABERATSA: Kaixo, gazte! Zer egiten dezu or belarriak lurrari emanda?

ENTZULEA: Nik, nere belarri auei eskerrak, munduko berri guziak jakiten ditut. Baiña ala ere ba-det gauza bat oraindik ikasi gabea.

ABERATSA: Ze gauza?

ENTZULEA: Gariak ernetzerakoan nolako otsa ateratzen duan.

ABERATSA: I ere egoki etorriko aiz guretzako. Utzi zak lurrrari galdezka egote ori, ta ator gurekin.

IZLARIA: Eta ura ere batu zitzaien... Or dijoaz laurak aurrera bidean... (Soiñua gora ta bera ta pauso otsak bidean...)

        Eldu dira ola zar baten aurrera, ta an ikusi zutenak, geldi-arazi zituen gure bide lagunak. Ola aretan, gizon bat bere sudur zulo bat beatzez estali ta beste sudur-zulotik aizea botaka ari zan. Lagunetatik zarrena joan zaio ta galdetzen dio:

ZARRRENAK: Zer ari gera, konpañeo?

AIZE-EMAILLEAK: Sudur-zulo bakarretik botatzen dedan aizearekin, alboko ola onetxen gabi ta ardatza erabiltzen ditut. Zulo bietatik aize-ematen asiko ba-nintza, ola au sustraitik atera ta aidean zear jongo litzake.

ZARRRENAK: Motel! motel! ez aiz makala. Gurekin etorri nai al-dek? (Soiñua gora ta bera ta pauso-otsak bidean aurrera...)

IZLARIA: Eta ala, ugaldu zan beste batekin lagunen taldea... Ala kontuak, joan da joan da joan... Erregeren uri nagusira iritxi dira bost lagunok. Etziran ixillik egotekoak, eta kaletan barrena sartu ziranean, asi ziran erronka jotzen ezker-eskuitara:

ABERATSA: Zama jasotzen gu aiñakorik ba-da, betor bide-erdira!

EGURGILLEAK: Prakadunik ba-da, aurreratu bedi emen!

BEGIRALEAK: Anka bikorik ba-lego, joka beza gurekin!

ENTZULEAK: Probintzian iñor ba-da!...

AIZE-EMAILLEAK: Munduan gauza danik ba-da!... (Mar-mar aundia entzun bedi ta soiñua gora ta bera...)

ERREGEK: Zer da kale ortan orrenbeste zarata ateratzeko?

MORROIAK: Bost gizon dira, Jauna. Ta oiu aundiak egin dituzte.

ERREGEK: Zer bear dute?

MORROIAK: Uri ontan zama-jasotzaillerik ote-dan galdetzen dute. Ta berak aiña jaso ezetz, diote.

ERREGEK: Joan adi kalerik-kale ta jo zak pregoia. Uriko gizon indartsuenak bildu ditezela nere jauregi aurrean. (Soiñua gora ta bera. Gero, danbor-otsa ta pregoi-oiua...)

MORROIAK: Aditzera ematera noa, gure uri nagusi ontan bost gizon agertu dirala, ta erronka jotzen digutela, ia nork jaso dezaken berak aiña zama. Orregatik, Errege Jaunaren aginduz, etorri ditezela Errege-Jauregi aurrera uri ontako gizonik indartsuenak, eta joka dezatela bost gizon oien kontra, nork zama aundiagoa jaso. (Marmarra ta jende otsa... Soiñua indarrean bukatzeraiño.)

IZLARIAK: Bildu ziran uriko gizonik aipatuenak, beren indarrak gure bost lagunekin neurtzeko... Erregek, urre ta zillarrez betetako zaku batzuek saritzat ekarrarazi zituan aurrera. Zaku ikaragarriak ziran, eta irabazteko aiek jaso bear zituzten jokalariak. Errege-etxeko oiulariak, deadar egin zien:

OIULARIAK: Or dituzue zaku oiek, bata baiño bestea astunagoak. Asi bereala, ia nor gelditzen dan nagusi jokoan. (Marmarra geitzen... Oiu batzuek: Ia, Patxi! Irea dek jokoa!... Ogei bosti Patxi'ren alde!... Ba-ziak... Soiñua gora ta bera...)

IZLARIAK: Patxi ta bere lagunak, denak uri artakoak, banan-banan jaso zituzten zakuok, txikienetatik asi ta astunenetaraiño. Onek errezago, arek nekezago. (Txalo aundiak eta oiuak: Ori dek gatza!... Etzegok i bezelako ardatzik!...)

        Uriko gizon indartsuak bukatu zutenean, Erregeren ordezkoak oiu egin zien gure bost lagunei:

ORDEZKOAK: Orain zuen txanda da! Ia ontzen dezuen uriko gizonen marka.

IZLARIAK: Aurreratu zan aritza sustarretik ateraka arkitua izan zan laguna, ta zaku guziak batera artu ta bizkarreratu zituan, jendeak «Amen» esan baiño lenago. Ango txaloak!

        (Txalo biziak entzungo dira... Ta oiu biziak: Ori dek besoa!... Txapeldun dek kanpotarra!... Soiñua ta oiuak nasi...)

ORDEZKARIAK: Errege jaunaren aginduz, kanpotarrak jasoko ditu beretzat zaku guziak, duten urre ta zilarrekin! (Txalo ta oiuak berriro...)

IZLARIAK: Artan, bukatu zan jokoa ta gure bost gizonok, artu zuten etxerako bidea. Zakuetan, beren bizitza guzian aberats izateko lain diru bazeramaten. Baiña ainbeste dirurekin bidean joatea, etzan arriskurik gabeko lana, ta bada-ezpada ere, lurrean belarriak jartzen zituan arek makurtu ta entzun zuan, ezer okerrik ote-zetorkien jakiteko:

ENTZULEAK: Adiskideok! Galduak gaituk!

ABERATSA: Zer, ba?

ENTZULEAK: Erregek soldadu talde aundia bialdu dik gure billa. Gaiñean dizkiagu laster. (Soiñua bizi-bizi ta naste aundian...)

TIRODUNAK: Etzaitezte bildurtu, lagunok. Gauden ementxe geldirik, eta gero ikusiko diagu nor zein dan. Emen dituk! Ez bildurtu! (Zaldi azkarren otsa... Gero, tiro ta dunba zarata...)

IZLARIAK: Eskopetadunak zaldizkoak iritxi-ala, bere txispaz jo ta lurreratzen zituan lasai. (Berriro zaldi-zarata ta tiro-otsak...)

TIRODUNAK: Mutillok! Auek joan dituk. Etzigutek geiago kezkarik emango. Itxasoa aurrean diagu, bai, ta arrapa gaitzatela berriz. (Soiñua larri ta azkarra... gora ta bera...)

        Bost lagunak, ontzi bat beren kontura artu ta jo zuten itxasoan aurrera. Zapiak aizez puztuta, ba-zijoazen olatuak gainduaz... Baiña lurreko zarata guziak entzuten zituanak, etzuan geiegizko pake-usterik. Jarri zan, ba, entzuten eta bereala deadar egin zien lagunei:

ENTZULEAK: Ez poztu azkarregi, mutillok! Emen dizkiagu berriz ere, erregeren ontzietan millaka gudari. (Aizea ta arraun-otsak entzun bitez... Soiñua larritzen...)

IZLARIAK: Baiña an zegoen, aize-emaillea, ta etsaiak inguratu zitzaizkionean, asi zan sudurzulo bietatik aizea astintzen... Ura ardailla sortu zuana erregeren ontzietan! Errege bera ere an baitzan; sudurzuloetako aizeak jaso zituan egundoko ekaitzak, eta olatu asarre aien azpian, an galdu ziran errege ta bere mendekoak. (Deadar larriak, aize-erasoak... olatu arroak... dunba ta oiuak...)

        Onela, bost adiskideok alkarren laguntza batu zutelako, irabazitako urre ta zillarrarekin ederki bizi izan ziran andik aurrera.

        (Soiñuak poza dariola bukatzen du gure kontu zarra...)

BUKAERA: Ala ba-zan, ezpazan, Bitoriko plazan sagu xarra dantzan...

        Ipui guzientzako bukaera emen azkenerako.

 

aurrekoa hurrengoa