EUSKAL EGAZTI
Kanta dezagun Iparragirre,
Euskalerriko olerkari;
kanta dezagun gure erri zarra,
seme bikaiñen sorkari;
eta munduak entzun ezaigu
nola ari geran kantari,
Gernikan degun Aritz deunaren
bertsolari yaioari.
Etziñan sortu gure errian
zuaitz geldia izateko.
Zure biotzak, ibil-miña zun,
ludi zabala ikusteko,
ames-egotan, pakerik gabe,
lur berri gose ibiltzeko;
baiña azkenean zure lurrera
ekarri zindun iltzeko.
Milla ta zortzireunetan gendun,
ain zuzen, ogeigarrena,
Urretxu, erri zoriontsuak
jaiota ikus zinduena.
Joxe Agustin, Idiazabalko,
zure aitaren izena;
ta Manuela Franzizka berriz,
Gabiriko amarena.
Zeraingo zure osabarekin,
aurrenengo zure eskola;
Gazteizera urrengo txanda,
sartuaz latin-eskola;
baiña bi urte baiño lenago,
zure guraso kaiola,
Madrileraiño alda zizuten,
zuk jarraitzen zeniola.
Il da Fernando zazpigarrena,
ta sortu zaigu burruka.
Karlosen alde or dator bizi
euskal-jendea oiuka.
Iparragirre egon-gaitz dabil,
(urte geiago baleuzka...)
Goiz baten bere etxea utzita,
gudura dijoa igeska.
Alperrik dabil Zeraingo osaba
mutilla beraganatzen;
Ataunen dago San Gregorio,
an da mutilla kokatzen.
Soldau eginda, Karlosen alde
gogor asten da jokatzen.
Bi aldiz balak zauritu arren,
ez da gaztea atzeratzen.
Iturritza ta Altzaa izan ditu
agintari gerratean;
Karlosen zaiko, alabardero
aukera dute legean;
baiña ordunte bukatu zaie
gudatea ustegabean;
ta Iparragirre, muga igarota,
sartu da Prantzi aldean.
Egazti sortu da gizonari,
ames zaio eguratsa;
gure lur onek jira-biraka
ibiltzeko du ardatza.
Iparragirrek bere emeretzi
urtekin badigu gatza;
mundu guzia txiki iduritzen.
Nork lotu ari oiñatza?
Jaunak emana dute txoriak
erein gabe bizitzea.
Biarko kezka bestentzat bedi;
aien lana, kantatzea.
Onela artu du Iparragirrek
mundu ontako bidea.
Etengabeko kanta-jaia du
lagun arteko legea.
Adarrik-adar, basorik-baso,
gaur egora, biar ipar,
pagausoa bezela dabil
Iparragirre lur-zear.
Paris da Suiza, Tirol da Itali,
berriz Parisera azkar.
Marselesaren doiñu zoliaz
pizten du Frantzin su-txingar.
Bonaparteren zeladoreak
kezkaz jarraitzen diote.
Errepublika sua berriro
arrotz arek piztuko ote?...
Agintariak kantariari
neurriak artzen dizkate;
ta azkenerako Prantzi lurretik
kanpora bialtzen dute.
Ez da itoko gure gizona.
Inglaterrara doa.
Antzokietan mundu guziko
kantaz aidatzen du loa.
Taberna baten, kantari ergel
bat ikusten du lur joa;
ta aren errukiz, jator abestuz,
biltzen du diru-pilloa.
An Mazarredo, jeneral jaunak
entzun ditu euskal kantak.
Onek lagunduz, Espaiñiako
enbajadore zegonak,
iristen dizka Iparragirrei
emen sartzeko baimenak.
Luzatu gabe, Santoña aldean
jarri ditu bere oiñak.
Bilbon asita, erririk-erri,
asi du kanta-mataza;
txibia bere saltsan bezela,
biotza du emen lasa.
Euskal jendea zoratzen dauka,
ardangela eta plaza;
jan-edanetan, kontu ta kanta,
badu aretxek arnasa.
Iparragirre, txori bezela,
zotzetik zotzera arin;
ta an da Madrilen, lengo tokiak
ikusiz bere kantakin.
San Luis kafea beteta dago
euskaldun jendearekin;
Iparragirrek badaki nola
aien biotzak irakin.
Milla ta zortzireunetik gora
berroi ta amairugarrena;
euskaldunontzat aztu eziña,
aurten eunurteurrena,
Iparragirrek San Luis kafean,
euskal koplari gurena,
jaiki ta kanta zigula amesti
bere kopla ederrena.
Gerninako Arbola
da bedeinkatua!...
Asi da txertatuaz
biotzetan sua.
Entzule danak arri,
dardaraz kolkua.
Euskalerriak arki
du bere oiua!
Euskaldunen artean
guztiz maitatua...
Negarra begietan,
txaloka eskua,
Aritzak irabazi
digu gaur jokua;
Gernikan degu gaurtik
biotza lotua.
Eman da zabal zazu
munduan frutua...
Bekaitz-arrik gabeko
biotz-loratua;
gorrotoari kendu
diogu lekua.
Mundua, gure pare,
nai degu poztua.
Adoratzen zaitugu
arbola santua...
Gure lege, oitura,
ta erri zintzua;
guraso zarren arnas
ta odol sutsua,
zuk dituzu. Zu zera
gure eliz autua!
Bizkaiko mendi eta ibarrak,
jaso zuten oiartzuna;
euskal biotzak esnatu zuten
guraso zarrei entzuna;
zapaldutako lur maite onek
astindu zigun illuna.
Mendi ostetik eguzki izpiak
sor zezaketen eguna.
Erromeri da. Iparragirre,
an dute jai-suspergarri.
Giza taldeak sua dario;
guardazibillak an larri.
Olerkaria atzeman dute
ta Tolosara ekarri;
t'Euskalerritik gure txoria
kanpora dute igorri.
Iru urteren buruan emen
da berriro olerkaria;
baiña jendea etzan lengoa;
illa zegon gure erria.
Zer egin? Egan! Urrutietan,
ames-zai du lur berria,
ta Ameriketan agertzen zaigu
alai bidari ermia.
Buenos Airesen euskal-emazte
argia aukeratzen digu.
Kerexeta-tar Maria Angela,
Alegriko alaba du.
Maitasun onek seme-alabez
koplaria digu poztu;
baiña txoria urruti artan,
kabi miñez da gaixotu.
Lagun karta bat idatzi dio
Lertsundi jeneralari,
Euskalerrira etor-gosea
adieraziz berari.
Euskal jendeak laguntzen dio,
ta aize emanaz amesari,
Burdeosen da, agur egiñaz
aurrez bere sendiari.
Euskalerria piztua zegon
Canovasen lege-miñez.
Urretxu eta Donostin badu
arrera beroa ziñez.
Iparragirre urteen buruz
zuri da buru-bizarrez;
eztarria latz, baiña biotza
etzaio aldatu urtez.
Santa Lutzia ondoan dago
Txapartegi baserrian.
Bizkai, Gizpuko ta Arabako
iru Aldundik batian,
diru-laguntza eskein diote.
Iparragirre, lenian:
kanta ta edan, kezkarik gabe,
bizi da lagun artian.
Zozoarro du azkenik berak
aukera duan etxea.
Etorkizunak ez du kezkatzen
aren barruko pakea.
Gau baten, alai, mai-inguruko
batu da lagun taldea,
ta ardangelako txoko batean
egin apari-legea.
Jatordu arek eta gau-pasak,
sortu dio azken gaitza;
ta bi astetan ebaki zigun
koplariaren bizitza.
Bilboko lagun batzuengandik
artu du gaixo-laguntza,
ta arekin ordain al izan zuten
eliz-illeten langintza.
Onela il zan Iparragirre,
azkenerarte koplari;
prantzizkotarren jantziz zutela
aren gorputza estali.
Urretxuraiño ekarri zuten
auzo ta lagunen erdi,
kutxa ondoren negarrez zula
Zubiri, napar kantari.
Geldiegia izan zan, nunbait,
azken bizialdi ura,
eta egonak Iparragirrei
sortu zion ituzura.
Andik sartu zan biotz aretan
eriotzaren landura
ta emen geio ibil eziñik
iges zitzaigun zerura.
Euskalerriak negartu zuan
zijoakion semea,
eta geroak maitez gorde du
ark utzitako ondarea:
abestietan eskeiñi zigun
biotz gorroto gabea,
gizon guziei opa ziela
ARITZAREN ITZALPEA.
|