www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

GAZTE AIZEAK II

 

 

GORROTO BIDEZ EZKONDUA

 

ASIERA: Aurrekoa bezela asi... (Eresia, «Lurrarenpian sar nindaiteke» izan diteke.)

GIZAKUMEAK: Ta gaurko saio ontan, entzun: «Gorroto bidez ezkondua»!

EMAKUMEAK: «Gorroto bidez ezkondua»! (Eresia gora ta azpipe...)

KONTATZAILLEA: Landola apain batean gera... Ofizina dotore batean, alegia. Ikuste al-dezu neskatxa ille kixkur ori?... Irene du izena, ta bere ofizioa, taki-meka da. Eskribitzeko makiña aurrean du, ta or aritzen zaigu egun osoan taka-taka, taka-taka... (Entzun bedi makiña-otsa...)

        Ames bat du biotzean: an beste txoko artan, beste mai batean, lanean ari dan gizaseme gazte ura: ENDRIKE... (Eresia gora ta bera...)

        Mutil ura, narru zarra baiño legorragoa zaio neskatillari, ta Irene'ri eztio arreta pittinik ere artzen... Jaiki da neskatxa bere papelekin eta ba-dijoa Endrike'gana: (Makiña-otsa aditu bedi ta pauso otsa ere bai...)

IRENE: Emen dauzkatzu gaurko kontuak.

ENDRIKE: Ia ikusi?... Ostolaza'ri bialduak... Otamendi'ri salduak... Almazeneko irterak... Gaur, lan aundia degu.

IRENE: Ba-dakit. Egunero lan aundia degu.

ENDRIKE: Beste papel auek lenbailen bete bear dituzu. Argi ibilli, laster izango degu emen landolako nagusia-ta. (Eresia gora ta bera...)

KONTATZAILLEA: Au guzia, begirik jasotzeke esan dio Endride'k Irene'ri. Neskatxa, papel berriekin exeri da berriro bere makiña aurrean. Makiña-otsa berriro...)

        Neskatxaren ondoan, beste mai batean, or dezu Migel, mutil azkarra bere lanerako ta azkarragoa Irene'ren barruari igartzeko. Entzun zaiozu:

MIGEL: Etzazu negarrik egin, Irene. Kaiku orrek eztu merezi-ta.

IRENE: Eztet negarrik egiten, Migel.

MIGEL: Zer dira, ba, bi begietatik irristan dijoazkitzun malko-intz oiek? Gezurra dirudi!

IRENE: Zerk dirudi gezurra?

MIGEL: Bi begi euki ta geiago ez ikustea. Endrike on itxu dago, zu bezelako izarra aurrean ez ikusteko.

IRENE: Ta neri zer?

MIGEL: Zuri asko, Irene. Ta nik konponduko det oker au.

IRENE: Etzaite sartu iñoren etxean, deitu gabe. (Eresia gora ta azpipe...)

KONTATZAILLEA: Baiña ba-zekian Migel'ek zer eta nola egin gauzak. Endrike'k, izeba neska zar bat du, tipula baiño miñagoa. Beti ari zaio mutillari:

PILLOMENA: Nun izan zera?... Zer egin dezu orren berandu etortzeko?... Nor zenduen lagun?... (Eresia gora ta bera...)

        Ai!... Ia aztu nintzan. Izeba onek, Pillomena du izena... Izeba aspergarriagorik!... Leporaiño egiña du bere illoba Endrike. Ta illobak naikoa du izebak au agintzea, okerrekoa egiteko. (Pauso otsak bidean...)

        Migel'ek ba-daki Pillomena nun arkitu... (Errosario marmarra elizan...) Errosariotik irtetzerakoan, an du mutilla zirikalari:

MIGEL: Gabon, Pillomena.

PILLOMENA: Ala zuri ere, Migel. Nola joan zaizu eguna?

MIGEL: Ala, ala. Alboko Mari-tente orren makiña otsarekin, belarriak gortuta.

PILLOMENA: Zein Mari-tente?

MIGEL: Txomin txikiñeko Irene, emakumea. Aize batzuek ba-ditu neskatxa orrek!... Ezta markesaren alaba ba-litz ere.

PILLOMENA: Zer diozu?

MIGEL: Entzuten dezuna. Eta bada-ezpada ere, kontuan jartzen zaitut.

PILLOMENA: Zer ba?

MIGEL: Endrike'ren ondoren asia da-ta.

PILLOMENA: Nere illobaren ondoren?

MIGEL: Bai, Pillomena. Neskatxa ori etxean sartzen ba-zaizu, erruki zaitut.

PILLOMENA: Orrela, beraz. Zaude, zaude. Nik artuko ditut neurriak. Eta eskerrik asko, Migel. (Eresia gora ta bera... Gero atea irikitzen eta isten...)

KONTATZAILLEA: Etxera iritxi zanean, bereala inguratu zitzaion Endrike apaltzeko amorro biziz. Pillomena, ordea, neska zarra izaki, ta apal aurrekoa ematen asi zitzaion illobari:

PILLOMENA: Endrike!

ENDRIKE: Zer degu, izeba?

PILLOMENA: Ze moduz lantegian?

ENDRIKE: Beti bezela.

PILLOMENA: Zein lagun dituzu bertan?

ENDRIKE: Dakizkitzunak, izeba. Ezta berririk sartu.

PILLOMENA: Ta nexka ori? Nola du izena?

ENDRIKE: Irene?

PILLOMENA: A, bai! Txomin txikiñeko Irene. Zer tankerako nexka dezue ori?

ENDRIKE: Ez diot geiegi begiratu. Eztet uste betokerra danik.

PILLOMENA: Baiña... nolako aidea du? Langillea, zuzena, umilla?

ENDRIKE: Eztu burrukarik egin nerekin, izeba.

PILLOMENA: Ta... ez al-da geitxo aurreratzen diran aietakoa?

ENDRIKE: Ez. Bere maiean exerita geldirik egoten da.

PILLOMENA: Ai, mutil auek!

ENDRIKE: Zer degu mutillok?

PILLOMENA: Bi begi ezer ez ikusteko, ta lenengo aurrean jartzen zaizuen neskatxak engañatzeko.

ENDRIKE: (Maia ukabillaz jotzen du asarre): Izeba. Etzaitez asi.

PILLOMENA: Nola ez asi? Gero, markesa aideko neskatxa aizeti batek burua berotu dezaizula, ta gure etxeko pakea galtzera etorri dakigula.

ENDRIKE: Aizu, izeba. Irene'k eztu aizerik, eta eztulik ere eztu egin nere aurrean. Etzaite, beraz, aparia garrazten asi beti bezela.

PILLOMENA: Ori da! Asi zaite mukizu auei bidea erakusten, gero lotxabekeriak jasotzeko. (Maia ipintzen, edaten... entzun bedi...)

KONTATZAILLEA: Azkenerako biak mutu bukatu zuten jardun aldia. Izebak Irene buru-arintzat joaz; eta Endrike'k, ordurarte gogoan etzuan neskatxa urrengo egunetik arreta geiagoz begiratzeko asmoa artuaz. (Landolako zaratak... makiña-zarata, tiki-tak...).

        Biaramonean, Migel'ek ixillik Irene'ri belarrira esan zion:

MIGEL: Irene!

IRENE: Zer dezu, Migel?

MIGEL: Gaurtik, kontuak ziaro aldatuko zaizkitzu emen.

IRENE: Ze kontu?

MIGEL: Zure ta Endrike'ren artekoak. Atzo Pillomena'rekin itzegin nuen.

IRENE: Ta zer esan zenion?

MIGEL: Zu, aizetia ziñala, ta kontu artzeko Endrike'ri, zuk engaña ez dezazun.

IRENE: Ta ori neri esatera al-zatoz orain? Etzaude lagun ederra naste oiek neri sortzeko.

MIGEL: Ikusiko dezu, Irene. Orain, dena sedia baiño legunago joango zaizu. Pillomenak berotuko zion burua, ta izeba zure kontra jartzea naikoa du Endrike'k, bera zure alde jartzeko.

IRENE: Diabrua zera benetan, Migel.

MIGEL: Laster ikusiko dezu, Irene. (Eresia aldagarri: «Itxasoa laño dago»)

KONTATZAILLEA: Egun artan, Irene bere papelekin Endrike'gana joan zanean, onek lenbiziko aldiz begiak jaso zituan neskatxari begiratzeko. (Eresia gora ta bera...)

        (Makiña-otsa. Irene'ren pauso-otsa gerotxeago...)

ENDRIKE: Azkar egin dezu lana, Irene.

IRENE: Etzegoen lan aundirik ere.

ENDRIKE: Ia ikusi... (paperak ikuste-otsa). Ederki!... Egon... Auxe pixka bat zuzendu bearra dezu.

IRENE: Ekatzu. Bereala egingo det.

ENDRIKE: Zaude. Neronek zuzenduko dizut istan batean. (Makiña-otsa... gero eresia gora ta azpipe...)

KONTATZAILLEA: Pillomena geroago ta erreago zebillen bere illobarekin. Egunero ba-zuten ezpairen bat:

PILLOMENA: Orain ere or ibilliko intzan?

ENDRIKE: Ez nago geldirik egoteko nere ogei ta bost urterekin.

PILLOMENA: Ta nexka petral ori alboan?

ENDRIKE: Nexka petral orrek, zenbait neskatxa zintzo-usteko jantziko lituzke.

PILLOMENA: Utsa aurrez kontuan jarri izan ezpanu...

ENDRIKE: Orretxegatik argi ikusten asi nintzan, ba... (Eresia gora ta bera...)

KONTATZAILLEA: Lantegian, Migel'ek parre gaizto asko egiten zion Irene'ri:

MIGEL: Zer esan nizun, Irene?

IRENE: Geroago ta gaiztoago zaude, Migel.

MIGEL: Laster, Endrike'k gorroto izango nau.

IRENE: Zergatik, gero?

MIGEL: Zelotan daukat mutilla, zure ondoan lan egiten dedalako.

IRENE: Au gaiztoko! Zu bezelako endredatzaillerik ezta inguruan sortu.

MIGEL: Asarre al-zera? Senargaia eskura ekarri dizut, eta oraindik berriketan ari zera.

IRENE: Pillomena'k jakiten ba-du, larrutuko zaitu. (Eresia gora ta bera).

KONTATZAILLEA: Baiña Pillomena'k etzuen ezer jakin. Eta andik urtebetera, denak aldare aurrean ziran. Irene ta Endrike alkarri eskuak emanda. Pillomena ta Migel, ezker-eskui, aita-ama bitxi zituztela. (Organuan eztai-martxa...)

        Pillomena'k bere barru-barrutik zotinka esaten zion Jesus'i:

PILLOMENA: Jauna! Jauna! Illoba auek eragiten dizkiguten okerrak!... Pakean bizi giñana, orain neronek lagundu ezkontza au burutzen! (Eztai-martxa bizi...).

KONTATZAILLEA: Eta bere begietatik, bi malko-anpolai zerizkion izeba gajoari.

BUKAERA: Aurrenengoan bezela... (Eztai-dantzako soiñuren bat jarri diteke.)

 

aurrekoa hurrengoa