 |
ILLUNALDI
Alboko pagadian
pago zar bi;
besoak emanak dituzte
alkarri,
giroak narama
aruntz sarri.
Pagondoan apatx egiñik,
buruak illuna dario,
inguruan aize epelak
lurrunean dakar erio.
Armiarma andrea alborago,
arilketan dabil,
euli ta xamorroak nai.
Argi txoratil,
begietan dabilkit ozka;
aizea, ixil.
Pago-besoak, eguzki aterpe,
oriketari eman diote,
joan mendeak gaztearoa
il zuten. Biar... zer ote?
Alaxe elizpean oi-dira
agure zarrak kontu-kontari,
beranduko astegun-meza
entzun ondoren marmari.
Gerri lodi, sustar zaintsu,
lur bati lotuak beti,
basoko praille bakarti,
pago zar biak beren bakarra
aitatzen dute negarti.
Baña berago, lagun bat
badute bakarrago
alargun basoan.
Pago bakarrak
eztu lagunik ondoan,
ta kontu zarrak itotzen
zaizkio kolkoan.
* * *
Lañoak lore bustiak
dakarzkidate.
Jaiki naiz pago ondotik,
gogoan neke.
Beti da munduan
norbait triste;
auzoan besteren bat
tristeago daite.
—¿...?—
Laño?
Izar?
Ames?...
Zoaz
zere bidez!
|
 |