www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AZERIAREN ZORIA

 

ASIERA: Ipui guziena... (Doiñua: «Bonbolontena, ene laztana...», gora ta azpipe...)

IXTUNAK: Ba omen zan, ba, nunbaiten... Nun ote zan?... Naparroa'ko mendi goietako basoren batean, noski... Beste asko bezela, azeri bat bizi omen zan... Bizi ba-zan, ezpazan, gure kontua alako goiz batean asi zan... Azeri jauna, bere kabian lo zegoen, bere ezur-aragiak atsedenari ematen. Egun argiak begietan jo zuanean, orra! (Arrausi luzea entzun bedi...)

        Esnatu da gure azeria, ta aoa kanabete zabalduaz, arrausi luzea egin du. Ondoren, bere burua pilosopo aizez bete ta esan du:

AZERIAK: Arrausi onek, zalantzarik gabe auxe esaten dit: gaur zorioneko izango naizela. (Musika jostaria gora ta bera...)

IZTUNAK: Nagiak astindu zituanean, kabitik atera zan alai. Basoa txori kantaz soiñu bizitan zegoen... Bereala janari billa joan zan basoan barrena... Etzuan bide luzerik egin bearrik izan. Aren sudurren usnarra, urruti iristen bai-zan. An du begien aurrean, koipez betetako maskuri bat, puxika bat. Gure pilosopoak berriro itzegin zion bere buruari, esanaz:

AZERIAK: Nere goizeko arrausi arek zoriona zekarkidala, uste izan diat, baiña koipe pillo au artzen ba-det, egun guzirako tokoloa egingo zaidak nere urdaillean... Noan aurrera, ta gauza oberik arkituko al-diagu! (Doiñua bideko ibilliari laguntzekoa... gora ta bera...)

IXTUNAK: Esan bezela, an dijoa tipi-tapa, tipi-tapa, basoan aurrera. Ta alako batean, orra nun jartzen zaizkion begien aurrean, zerri-ama ta onen zazpi-zortzi bat zerrikume guri-guriak. Aoa txistuz bete zitzaion, bazkari aren aurrean, eta luzatu gabe zerri-amari diotsa:

AZERIAK: Egun on, zerri-ama! Ume ederrak dituzu nere gosea asetzeko. Jaiki naizenetik, orrelakotxe zerbaiten amesetan nenbillen, eta nere zorionerako Jaunak nere bidean ipiñi zaitu, iñolaz ere. (Soiñua bizi-bizi ta larri gora ta bera...)

IZTUNAK: Urde zorigabea, bere umeen azkena ikusi ta zerbait asmatu bearrean arkitu zan:

ZERRIAK: Egun on, azeri jauna. Nere umeak zuretzat onen aukeran etortzeak, poz aundia ematen dit; baiña kontura zaitez, eztitut garbitzera eraman, eta dauden bezela, zikin eta narras, eztaude iñork jateko. Zaude pixka batean, eta or bertan degun potzura eramango ditut garbi-garbi eginda jan ditzazun. Orrela askoz obeto sartuko dira zure esteetan.

AZERIAK: Ongi da. Goazen osin ortara, ta lenbailen nere gosaria egiteko pozetan nago. (Musika, zineko marrazki bizietan jotzen dan oietakoa...)

IZTUNAK: Potzu ertzera eldu ziraneko, azeria zerrikumeak banan-banan garbitzen asi zan. Bitartean, zerri-ama etzegoen lo. Joaten zaio atzetik azeriari, ta bultz egiten dio muturrez eta an dijoa gure azeri gosea putzu ondora. (Azeria uretara erortzen entzun bedi... Gero, zerrien zalaparta bizia ta kurrinkak igesi...)

        Ene, ba! Gure zerri-amak bere ume-taldea artu ta igesari eman zion, azeria putzuan itotzeko zorian utzita... Andik atera zanerako, zerriak urruti ziran azeriaren agiñetatik. Au, ao bete ortzekin an gelditu zan bere gosea ase eziñik. Uretan blai eginda, berekiko onela esan zuan:

AZERIAK: Merezia artu diat. Nork egin nau ni zerrikumeen garbitzaille? Berriketarik gabe ito ba-nitu, besterik nian gaurko gosaria!... Baiña, tira... oraindik egun luzea zeukeat aurretik eta urrengoan erneago ibilliko nauk. Noan aurrera! (Musika bideko joanari laguntzen... gora ta bera... tinka-tinka...)

IXTUNAK: Azeriak bere gosea ixiltzearren, eman zion kantatzeari:

AZERIAK: (Kantari).

                Labiru, labiru len, labiru, labiru len.

                Labiru, labirulena, labiru, labiru len.

IZTUNAK: Orrela kontuak, bideak gora, bideak bera, gure azeri jauna begiak zorroztuaz, an dijoa bere mokaua nun arkituko. Bat-batean, egitxo batean egundoko mauka agertzen zaio: (Beor irrintziak entzun bitez...)

        Entzun al-dituzue?... An ditu aurrean, beor-ama ta onen beorkume ederrak. Azeriak eztu aukera au galdu nai, ta bereala deadar egiten dio beorrari:

AZERIAK: Neretzak zerate!

BEORRAK: Zer egin bear diguzu?

AZERIAK: Jan egin bear zaituztet.

BEORRAK: Ni jan? A ze nolako mokaua, nere aragi zar elkor au!

AZERIAK: Ortan arrazoi dezu. Beorkumeak jango ditut, zu pakean utzita.

BEORRAK: Ori besterik da; baiña jaten asi baiño lenago, nere umeak iltzen ez ikusteko, norabait aldegin nai nuke. Eta aurrez, emen ankan sartu zaidan arantza bat aterako ba-zenit ortzekin...

AZERIAK: Ori laster egingo degu. (Doiñua gora ta bera...)

IZTUNAK: Beorrak jaso zuan bere anka, azeriak ikus zezaion arantza, ta onen muturra parean ikusi zuanean, egundoko ostikadaz ortzak ausi ta zentzu gabe utzi zuan lurrean. Aren antxintxikada umeak aurrean artuta! (Anka zalaparta igesi entzungo da...)

        Azeria, bere onera etorri zanean, bakarrik arkitu zuan bere burua; mutur mindua miiz gozatuaz, esan zuan berekiko:

AZERIAK: Nork sartu nau, izan ere, ni mediku lanetan? Ederra eman zidak beor gezurti orrek! Obe nian, bai, lenengo arkitu dedan koipe-maskuria ustu ba-nu!... Enauk bereala, berriz, kopletan ibilliko. Arrapatzen dedanari ortzak sartu ta kito! (Bideari dagokion musika gora ta bera...)

IZTUNAK: Onela gauzak, eman zion berriro bideari. Luzatu gabe, an zuan eskura auntz zar maltzurra. Bereala eldu zion:

AZERIAK: Nerea aut!

AUNTZAK: Zer egin bear didazu?

AZERIAK: Jan, ezur eta aragi. Gose luzea bai-diat.

AUNTZAK: Ni jan? Ba-zegok goxoagorik errota ortan. Or zeuzkeat nik nere antxume samur-samurrak... Nai ba-dek ekarriko dizkiat bertara.

AZERIAK: Ongi zegok; baiña azkar ibilli. (Musika bizi-bizi ta urduria, gora ta bera...)

IZTUNAK: Auntzak antxumeak ekarri? Ortarakotxe zegoen! Joan da esan dio errotariari nor daukan atarian, eta onek artu du ixil-ixillik bere txispa zarra... Leio batetik begiztatu du pizti zarra ta... (Tiroa entzungo da...)

        An utzi zuan lurrean muturrez bera gure azeri saloa. Auntzak eta antxumeak, dantzan egin zuten aren gaiñean, eta errotariak, Erri-Etxera eraman piztia ta sana jaso zuan. Gero emazteari eraman zion, ta etxe artako guziak bapo apaldu zuten gau aretan.

        Ta ala ba-zan, kalabazan, orra guzia esan. (Musika indarrean eta luze bukatu...)

BUKAERA: Ipui guziena bezela...

 

aurrekoa hurrengoa