www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

DOMINISTIKU

 

ASIERA: Ipui guziena... (Soiñua: «Bolon bat eta bolon bi...», gora ta azpipe...)

IZTUNAK: Ba-ziran, ba, aiek ere... senar-emazte pijuak, alajainkia! (Soiñua gora ta bera...)

EMAKUMEA: Izenak esango al-ditugu?... Mari Joxepa ta Peillo, ez oillar eta ez oillo. Ta okerrago zana: ez alabarik eta ez semerik... Onetxek galtzen zuan aien zoriona...

GIZAKUMEA: Urtea... urte bi ezkondu zirala, ta Mari Joxepa beti melar. Peillo, berriz, alakotxe sabel zorroa erakusten.

PEILLO: Ai, Mari Joxepa! Zuk bear zenduke, nik dedan aurrekalde arro au.

MARI JOXEPA: Ai, Peillo! Neronek eskuan ba-nu!... Ez naiz gutxi aritu, errezo ta kandela. Aita San Antonio Urkiolakoa, balia bekit!... Aita San Jose doatsua, arren, seme bat lenbailen!... San Pazifiko bedeinkatua, erruki guri!... Baiña emen eztator alerik gure etxera. (Soiñua gora ta azpipe...)

IZTUNAK: Emakume batzarretan ere ba-zituan Mari Joxepa'k lagun artuak. Aietako bat, zera... Patxiñeko Maiñixi...

MAIñIXI: Onik al-zerate, Mari Joxepa?

MARI JOXEPA: Oker aundirik eztegu.

MAIÑIXI: Ta?...

MARI JOXEPA: Ezer ez oraindik, Maiñixi... Auxe da gure etxea illuntzen duana. Nere erreguak eztute tutik ere balio.

MAIñ: Ba-dira, ba, belar batzuek...

MARI JOXEPA: Belar eta sustar guziak agortuak ditut aspaldi.

MAIñ: Ortarako, ilbera bear du, baiña... Ilberan batu belarrok, ilberan egosi ta artu, eta zera ere, ilberan egin.

MARI JOXEPA: Ilberak eta ilgorak alperrik izan dira guretzat, Maiñixi. (Soiñua gora ta bera...)

IXTUNAK: Gizonak zakarragoak ziran Peillo'rekin. Ako kirten ura ikusten al-dezue?... Bai, orixe... Urruzkiñeko Ximon... Peillo ikusten duaneko, or asiko zaio:

XIMON: Bejondaikela, Peillo! Andreari aurrea artuta, ala?... A ze martopillak egin ditezken ire aurrekalde orrekin!

PEILLO: Goseak al-aiz? Gure txerri-askan arkituko dek puska bat. (Soiñua gora ta bera...)

IZTUNAK: Onela ziran senar-emazte aien solas-aldiak. Eta auzoan ongi bai-zekiten aien miña ta akatsa nundikoak ziran... beti ere, ba-zuten inguruan zirikatzailleren bat.

MARI JOXEPA: Nundik zatoz, Peillo? Gaur ere izan al-dezu norbait?... Jakiña! ardangelako lagun zabar oien artean sartuko ziñan-da... Alper zorri oiek lana auzoan, eta miztorra aoan izango zuten.

PEILLO: Ez, Mari Joxepa, ez nintzan ardangelan... Bidean natorrela arkitu det lagun jaxo bat.

MARI JOXEPA: Ikusi ba-nu bezela... Egingo nuke Ximon Urruzkiñeko zala tartean!

PEILLO: Asmatu dezu, Mari Joxepa. Ximon zan gaurkoa ere... Baiña bereak eta bi entzunda joan da, arranoak ezpaitu! (Soiñua gora ta bera etsi-samar...)

MARI JOXEPA: Gureak egin du, Peillo!

PEILLO: Ez al-zaizu gelditzen santuren bat?

MARI JOXEPA: Zeruetako santu guziak pasatu ditut... baiña, alperrikan denak.

PEILLO: Onela bearko degu, orretan. (Soiñua luze ta geldi gora-beran...)

IZTUNAK: Senar-emazte biak izketa oietan ari zirala... (Zarata aundi bat eta aize-burrunda bat-batekoa entzun bitez).

MARI JOXEPA: Ene. Peillo! Zer da au?... Egundoko erre-usaia entzuten det.

PEILLO: Ala da... Auxe txerri erre usaia!... Ta kez bete da sukaldea. Zapi zarren bat utzi al-dezu su ondoan?

DIABRUA: (Abots lodi ta izukorrez:) Ze zapi zar arraio, gero?... Neroni naiz.

IZTUNAK: Senar-emazte biak, ao bete ortzekin gelditu ziran, ke artetik atera zan abots larri ura adituaz... An zeukaten aurrean, alako gizontxo xistrin bat. Aren sudur-kakoa ta aren arpegi azal ximurrak, etziran esatekoak, eta botatzen zuan kiratsa!

MARI JOXEPA: Ama Santa Ana, Arrukoa!

IZTUNAK: Aitaren egitera zijoan andrea, baiña gizontxo agertu berri arek gelditu zuan esanaz:

DEABRUA: Ez al zera aspertu zeruetara deika?... Ongi ikusia dezu, ba, andik ezer ez datorrela.

IZTUNA: Peillo, artean ixillik egona zan, bere onera etorri ezinda, baiña alako batean, bere senean jarri ta galdetu zion bixitalariari:

PEILLO: Aurrena, ez ate otsik, eta ez krisketa-zaratarik, emen sartu zeran ori, nor zeran jakin dezagun.

DEABRUA: Zuen alperrikako eskariak entzuten aspertua dagon zuen lagun bat.

PEILLO: Izenik ez al-dezu?

DEABRUA: Bai, jauna, ta ongi ezaguna, gaiñera, baztarretan.

PEILLO: Nor zaitugu, ba?

DEABRUA: Ni, deabrua.

MARI JOXEPA: San Pedro'ren abarkak! Deabrua gure etxean!

PEILLO: Esaten nuan, bai nik, erre-usai ori etzala parte onekoa.

DEABRUA: Etzaudete zuek iñoso pare makala! Erregu ta erregu alperrikan zeruetara. Ez al-dezue ederki asko ikusten, andik ezer ez datorkizuela?

MARI JOXEPA: Andik ezpada, nundik etorriko zaigu, ba?

DEABRUA: Neronengandik, emakume. Aurreko dendan ezer billatzen ez danean, jo beste dendaren batera. Ori da zentzuzko jokaera alde guzietan.

PEILLO: Zer aiz, ba, i Jainkoarekiko?

DEABRUA: Ura aiña edo geiago... Tira, naikoa da berriketaz, eta emen jokatu egin bear da.

PEILLO: Zer da jokatu bearreko ori?

DEABRUA: Ez al-zerate seme-eske gau ta egun?

PEILLO: Ori da gure gogoa.

DEABRUA: Ba... tratu egiña. Semea izango dezue, baiña aren anima gero neretzat izatekotan. Itz ematen al-didazue? (Soiñua zaratatsua... gerora ixiltzen...)

IZTUNA: Bederatzi illabeteak joanak ziran, eta seme ederra bularrean zuan Mari Joxepa zoriontsuak. Etzan ixillik pasatzeko gertaera. Urrengo egunerako, zikiro gizendu bat ekarri zuten etxera, ta senide ta ezagun, bazkaritara deituak ziran. Urrengo egunean iltzekotan, sartu zuten zikiro ori ukulluan. (Soiñua gozo ta itxaropentsu...)

        Zikiroa iñork ikusi ezpalu, ezer ez... Baiña or zegoen koxka, ba. Norbaitek begiak ongi zorroztu zituan, Peillo'k zikiroa bere etxean sartu zuanean. Eta begi aiek, Txipillo'renak ziran... Txipillo nor dan? Erri guzian ezaguna dan alper alproja aundi bat. Bereala asmatu zuan arek esku lana:

TXIPILLO: Au dek aukera, Txipillo! Ba-gera edo ez gera. Emen zeruak sortzen zidak egundoko mauka. Peillo'k sartu duan zikiro ori, gaur gabean ostu ta kito. Peillo'k bere seme jaio-berriarekin naikoa ba-dik pozteko. (Soiñua gora-bera nastua indartsu ta samurrago...)

IZTUNAK: Esan bezela, Txipillo'k bere itza zintzo asko bete zuan. Peillo'nean lo zurrunka zeuden ordurik egokienean, an dijoa gure mutilla ukullu aldera soka lodi bat eskuetan duala... Iriki du ixil-ixillik atea ta... (Zarata aundi bat eta musika zakarra aidean...)

DEABRUA: Kaixo, Txipillo!

TXIPILLO: Deabruak aurrea artu neri?

DEABRUA: Zer uste uan, ba, ik? Lo egongo nintzala?

TXIPILLO: Zer dek emen egiteko?

DEABRUA: Ik zikiroa, beiñepein. Ezta ala, Txipillo?

TXIPILLO: Ta deabruak zeren gosea ote lezake etxe ontan?

DEABRUA: Nik, jaio berriaren anima nereganatu bear diat. Eta onezkero bideak legunduak zeuzkeat. I nerea aut, eta begira nola izango dan gauza. Kontu iñori ezer esan, Txipillo. Aurrak iru «Atxi!» egingo dizkik eta doministiku!» iñork esaten ezpadu, aurra il eta nerea diat. (Soiñua naspilla aundikoa, gora ta bera...)

IZTUNAK: Artan kontuak... andik pixka batera, aurrak goian sudurretako premiren bat somatu zuan bere baitan, eta ukulluan garbi-garbi aditu zan aren «atxi!» bat... Txipillo'k berekiko esan zuan:

TXIPILLO: Lenengo «atxi!» egin dik aurrak... Au ere ba-dek, ba, istillua. Zikiroa nere etxean obeto zegok emen baiño, bai... baiña aurra deabruak inpernura eramatea, gauza beltza uke.

IZTUNAK: Andik denbora laburrera berriro aurrari lenagoko premi berbera sortu zitzaion, eta ukuillu gaiñean, aurraren lo-gelan, aditu zan bigarren aldiz: «atxi»!.

DEABRUA: Aditu al-dek, Txipillo? Aurra bereala nere atzaparretan izango diat.

TXIPILLO: Ez al-diok orrelakorik egingo Peillo'ri!... Eta Mari Joxepa'k artuko duan min zorrotza...

DEABRUA: Tratua tratu oi-dek, eta nik nerea orrelaxe egiña diat. Irugarren «atxi!» aditzen dedan bezin laster, aurrarenak egiña dik.

IZTUNAK: Txipillo etzegoen trankil. Berak jakin zer egin bear zan, eta deabruari aurra galtzen utzi,... Bera alproja izango zan, baiña alakorik... Bere barruan zerbait sortu zitzaion bat-batean, eta geiago itxoin gabe, esaten du deadarka:

TXIPILLO: «Doministiku!» zikiroa galtzen ba-det ere. (Zalaparta bizia ta musika zaratatsua...)

IZTUNAK: Ura zan deabruaren amorroa!... An joan zan igesi, atzeko otzagatik! Goian, esnatu ziran Peillo ta Mari Joxepa, ta or datoz ukuillura, zer ikusiko.

PEILLO: Zer milla demonio pasatzen da emen?

TXIPILLO: Ederretik libratu zerate, Peillo!

PEILLO: Ta ik zer egiten dek emen, Txipillo?

TXIPILLO: Ara ba; gauzak diran bezela. Emen etorri nauk, zikiroa nere etxera eramateko asmotan. Ez dek asmo zuzena, baiña egia aurrena. Emen zegoan deabrua, zuen aur ori inpernura eramateko uste osoan. Baiña nik jakin diat arengandik, zer egin bear zan aurra aren eskuetatik askatzeko, ta orregatik deadar egin diat: «Doministiku!» Onela galdu dek deabruaren lana.

MARI JOXEPA: Ama Doloretakoa! Orrenbestean gelditu geranean, ezta ezer. Peillo, ba al-dakizu zer bururatu zaidan? Txipillo'k orrelako lan ona egin digun ezkero, zerbait merezi duala.

PEILLO: Ederki esana... Txipillo! To gure zikiroa ta gure izenean egin zak bazkari ona ire etxean.

IZTUNA: Txipillo'k bi aldiz esan bearrik etzuan izan. Artu bere zikiroa ta aste artan egundoko eztaiak egin zituan aren kontura. (Musika alai ta ariña gora ta bera indarrean...)

 

aurrekoa hurrengoa