www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIZIRIK ZERRALDOAN

 

ASIERA: Ipui guziena...

IZTUNA: (Doiñua: «Artizarra zeruan»...). Ezkurrakoa bear zukean, ba, arek ere... Entzuten al-dezue? (Entzun bitez aizkora kolpeak pagadian...) Or ari da Ezkurra'ko Patxi Kontra, pago adarrera igo ta bere alkitzat duan adarra bera ebakitzen. (Entzun bedi berriro aizkora lana...) Pago ondoko orri ere, begiratu egin bearko diogu. Or du Patxi'k bere astoa, egur-zamaz ongi astundua, etxera itzultzeko amesetan. (Asto arrantzak urra bedi aidea... Doiñua gora ta bera...)

PATXI: Aska gosea al-duk? Ago, ago pixka batean adar au ebaki arte, ta bereala nauk irekin, Nabar. (Asto arrantzak berriro...)

IZTUNAK: Entzun dezue Nabarr'en musika gozoa... Onezkero igarriko zenioten Nabar, gure egurgillearen astoa dala. Ala deitu bai-dio Ezkurra'ko semeak... Nabarr'ek, ostera, zama ura bizkar gaiñetik kentzeko gogo bizia zuan, eta naiago zukean arek garagarrak irabazten astea. Patxi'k aurreratu samarra du bere lana. Ontan... (Bidean mando baten perra otsak adituko dira...)

        Mandazai bat dator bidean urreratzen:

MANDAZAIA: Eup, adiskide!

PATXI: Kaixo, Mandazai. Bideak legor al-dira?

MANDAZAIAK: Bideak legor eta lepoak bustiak lanetik bizi geranok... Baiña zer ari zera or?

PATXI: Adar auxe moztu nai nuke, zama osatzeko.

MANDAZAIAK: Gizona! Zerori gaiñean exerita ariko zera, ba? Laster lurrean zera adarra baiño lenago.

PATXI: Mandazaia egurgilleari erakusten, e? Zoaz pakean zere bidean, mandoari eskola ematen.

IZTUNAK: Patxi'k iñoren esanari begiratu? Ortarakotxe zegoen gure Eskurra'ko seme yayoa. Zerbaitegatik zeukan jarria gaitzizen ura: Patxi Kontra. Mandazaiaren esanak aizkora kolpez ito zituan, eta an joan zan aurrera mandoduna, Patxi adar gaiñean utzita. (Aizkora otsak berriro...)

        Baiña mandazaiak ba-zekian zer esaten zuan eta alako batean: (Adar ots aundia entzungo da, ta gizon garraxia...)

        Or dator gure Patxi Kontra adarra baiño lenago lurrera, mandazaiak esan bezela.

PATXI: Demontre! Mandazaiak zian arrazoia... Arek esan bezelaxe, adarra baiño lenago erori lurrera. Nundik ote-zekian arek neri gertatuko zitzaidanaren beori?... Ia, ia!... Ezurrak osorik zeuzkeat, beintzat, eta ba-natxiak gizon jakintsu orren billa. (Laisterketa aditu bedi).

        —E, adiskide!... Mandazai!...

MANDAZAIAK: Zer dezu?

PATXI: Asmatu egin didazu, zer gertatuko zitzaidan. Zuk esan bezelaxe, adarrak baiño lenako jo det lurra.

MANDAZAIAK: Ori nere mandoak ere jakiña zeukan.

PATXI: Eztu maixu txarra ikasteko... Ta barkatu esanak... Baiña orren jakintsua zeran ezkero, ni noiz ilko ote naizen ere, ba al-dakizu?

MANDAZAIAK: Ikusiko ba-nu bezela.

PATXI: Deabrukeria! Ta nola jakin dezu ori?

MANDAZAIAK: Egurgille buru-gogorrak agirian dute beren azkena.

PATXI: Neronek ere, ordu ori jakitea nai nuke, ba...

MANDAZAIAK: Baiña kontuak ongi atera, e?

PATXI: Egingo det alegiña.

MANDAZAIAK: Ba, begira... Asto orrek, zamatuta dijoala, iru aize-bolara atzekaldetik botatzen dituan orduan, zureak egin du. An ilko zera besterik gabe. (Doiñua irrizkoa... gora ta bera...)

IZTUNA: Joan zan ala bere etxera, ta ustu zuan astoaren gaiña. Egunak eguna ekarri zuan ondoren, eta asteak astea... Eta gure Patxi Kontra'ri joan zitzaion burutik mandazaia'k esana. Aldi luze edo laburra izan zan, eztakit, baiña egunen batean, atera zan beste askotan bezela mendian gora bere astoarekin. (Bidean astoaren oin-otsa ta Patxi'ren zantzuak...)

PATXI: Aurrera, Nabar, aurrera! Zaartu al-aiz?... Gaur ongi zamatua etorri bear dek, ba, ta ez atzera gelditu. (Soiñua tipi-tapa tipi-tapa...)

IZTUNA: Iritxi ziran basora, ta berriro asi zan Patxi adarrak moztu ta Nabarr'i egur-zama leporatzen... Astoa ler zorian zetorren etxera bidean, eta barrua etzekarren pakean. Basoan jandako belarrak ere, aizetu zizkion nunbait, bere esteak, eta an zijoan asto gizajoa, bizkarreko ta estetako zama paketu eziñik. Alako batean, aizeak kanporako bidea eskatu zioten, eta an dijoa aize beroa, trumoi txiki baten antzekoa. Patxi Kontra larritu zan, mandazaiaren esana gogoratuta:

PATXI: Astoa zamatuta zijoak, eta bota dik aurrenengoa. Oraindik beste bi bota arte, ba-diat bizia. (Doiñua gora ta bera larri antzean...)

IZTUNA: Baiña arrazkero, Patxi etzijoan lengo lasaitasunean. Astoa etxera orduko, zamaz arindu ta etzegoen arriskurik. Etzan laburra bidea. Patxi kezketan ba-zijoan, astoa etzijoan obeto bere zama astun arekin. Aldapak gora ta bera, ta esteak berriro aizez betetzen. Lau ankadun errukarriak, beste larrialditxo bat somatu zuan bere barrenean, eta atzekaldea lasaituaz, or dijoakio bigarren trumoia kanpora. Len kezketan ba-zan gure Ezkurra'koa, oraingo onekin galdu zuan bere pakea.

PATXI: Ordu laurden baiño lenago bigarrena?... Au dek au! Bat besterik etzaidak gelditzen oraintxe. Etxean ba-nintza! Doiñua larriagotzen... Bidean asto anka otsa...)

IZTUNA: Patxi ari batean zijoan, bere barruko larritasunez. Astoa aize aiek bota ezkero, lasaiago. Eta —jakiña!— esteak sosegua artzen zutela ta lengo bidetik gogoa. Bigarrena bota ondoren, irugarrena atean jarri zitzaion, eta zebillela-zebillela, aidea urratu zuan irugarren aize-aldiak. Patxi'k, mandazaiaren esana itxu-itxuan sinistuaz, bere azkena eldu zala uste izan zuan, eta besterik gabe —punba!— erori zan lurrera... (Musika, illetak jotzekoa... Gora ta bera...)

        An gelditu zan gure Patxi Kontra lurrean luze-luze. Astoak, berea eginda, aurrera jarraitu man. Etxeko atera eldu zanean:

ANDREAK: Ene! Astoa bakarrik dator. Zer egin ote-zaio gure gizonari?

IZTUNA: Eman zion negarrari, ta auzokoak aren karraxiak entzunda, jo zuten mendi aldera, astoak ekarritako bidean aurrera... Bereala ziran Patxi eroritako lekuan:

BATEK: Gizon au illa dago!

BESTEAK: Ez det uste, ba...

IRUGARRENAK: Ain illa eze...

GUZIAK: Illa! illa! (Soiñua illun eta geldia... gora ta bera...)

IZTUNA: Jaso dute lurretik eta ba-daramate bidean etxeruntz... (Bidean, eramailleen pauso otsak...)

ANDREAK: Ai, nere Patxi zoritxarrekoa! Ai, nere bizia! (Negar eta zotiñak.)

IZTUNA: Ekarri zuten zerraldoa ta sartu zuten bertan gure Patxi. Elizkizunak eta illetak egokiak izan ziran. Etxekoak negarrez urtu ziran, eta auzoak lagundu zion alargun naigabetuari bere doluan. Azkenik, zerraldoa bizkarrean zutela, atera ziran gorputz-bidean aurrera. Baiña Patxi'k azkenerarte ezpaiak sortu bear zituan, eta bide gurutzera iritxi ziranean, norbaitek deadar egin zuan:

BATEK: Goiko bidetik!

BESTEAK: Ez orixe! Beko bidetik duk oitura!

BATEK: Goitik esan diat, eta goitik bear dik!

BESTEAK: Ez, jauna!

 

(Istillu aundia entzungo da,
batzuek «goitik» eta besteak «betik» diotela.)

 

IZTUNA: Ezpai arek etzuan azkenik izango, gutxien usten zuten batek abots bildurgarriz itzegin ezpalu, esanaz:

ZERRALDOAK: Ni bizi nintzala, betik joaten nindukan.

IZTUNA: Nundik eta zerraldotik atera ziran itz aiek... Ango iskanbilla! Ango zalaparta! (Istillu gorria entzun bedi ta guziak igesi...)

        Zerraldoa zeramatenak, utzi zuten lurrean eta igesari eman zioten. Ondoren zetozenak, etzuten esan bearrik izan... Eta gure Patxi'ren illetak an bukatu ziran. (Musika indarrean bukatu luze ta jolasti...)

BUKAERA: Ipui guziena...

 

aurrekoa hurrengoa