SANTA AGEDA ABESTIAK
Abesti au, aldaketa txiki batzuak sartuta dago,
Azkoitin kantan genduan bezela.
Nai duanak, kanta beza
Guridik ematen duan bezela.
Nik jarri dizkiodan itzak sartzeko,
erosoago etorriko zaizu goian dagon bezela abestea.
Zorion, etxe ontako denoi,
oles egitera gatoz:
aterik-ate oitura zarra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ez ta ere oñetakoz:
baña estarriz sano gabiltza,
ta kanta nai degu gogoz.
Santa Ageda bezpera degu
Euskalerriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna.
Santa maitea gaur artu degu
gure bideko laguna;
aren laguntzaz bete gentzake
egun ontako jarduna.
Siziliako ugarte ederrak
emana degu lorea:
an jaio bai zan gure Ageda,
zorioneko gaztea.
Txikitatikan gogoz artu zun
Jesukristoren legea:
maitasun onek ekarri zion
biotzeko poz betea.
Edertasunaz Jaunak apaindu
zuan Ageda gaztetan:
aren begiak izar bi ziran,
arpegi gozo aretan.
Gizon gaiztoen griña zitalak
esna zitzaken benetan;
laster itxutu zan Kintziano
Agedaren ederretan.
Agedak bere maite bakarra,
Jesus aukeratu zuan:
orregatikan beste maiterik
etzan arentzat munduan.
Kintzianoren eske guztiak
errez baztartu zituan:
baña agintari gaizto arek
kristautzat salatu zuan.
Emakume gaizto baten mende,
sartu zuten giltzapean,
Agedaren biotz garbi ura
zikin ote-zezakean.
Alperrik baña alegindu zan
andra lizuna lanean:
onen esanak etziran
sartu Agedaren biotzean.
Amorro biziz oñutsik jarri
dute Ageda zintzoa,
txingar gorien gañean gero
ibil-arazi gaxoa:
ondoren, bular bat ebakita,
uzten dute urratua:
baña Jainkoak biurtu zion
gau artan bular mindua.
Ailperrik gizon gaiztoak zuten
oñazez erdi illik utzi:
Jesukristoren maitasun artan
etzuan iñola etsi:
otoi gozotan gozoa ixuriz
mundu ontatik igesi,
zeruetako zori ederra
betiko zun irabazi.
ALKATE JAUNARI
Alkate Jauna, legean gatoz
baimen-eskean atera,
kanta zarrak galdu ez ditezen
lengo oitura piztera.
Guraso zarren legean pozik
goaz danok kantatzera:
Santa Agedak ekarri gaitu
beorren etxe-aurrera.
BIKARIO JAUNARI
Apaizburu Jaunaren atean
jo nai degu gaur aurrena,
Jaungoikoaren ordezkoari
gure agurrik onena.
Zeruko Jaunak argitu beza
beorren jardun zuzena,
zeru goietan izan dezagun
guztiok gure azkena.
ETXEKO JAUNARI
Mendi-tontorrak elurrez zuri,
atai-aldean laiotza:
etxe ontako nagusi jaunak,
urrezkoa du biotza.
Santa Agedak kendu digu gaur
eskean asteko lotsa;
dirurik ezpada, berdin zaigu
gizendutako bildotsa.
ETXEKO ANDREARI
Zelai erdian loreak argi,
larros, krabelin da lili:
etxe ontako etxekoandreak
Ama Birjiña dirudi.
Etxe onetan urdaiazpiko
asko, kakutik zintzili;
ta lukainka gorriak ugari
poltsa betetzeko guri.
SENAR-EMAZTE GAZTEEI
Itzal berria zabaldi digu
atai aurreko intxaurrak:
abe berriak sendotu ditu
etxeko sakape zarrak.
Senar-emazte gazteak neurtu
dituzte beren indarrak:
arto ta gariz beteko dira
aurten mandio baztarrak.
ETXEKO SEMEARI
Tantai luzeak gerria zuzen
darama zeru aldera:
etxe ontako seme jatorrak
badu maitale aukera.
Alaba gazte asko dabiltza
zugatik biotz-minbera:
mutilzartuta bizi izateko
Jaunak egiña etzera.
ETXEKO ALABARI
Mutil gazteak atean gera
Nun da etxeko larrosa?
Atera bedi azkar leiora
begiak ditzagun goza.
Eguzki berak ikusi nai du
orren arpegi panpoxa:
nere emazte izan nai balu,
betea nuke nik poza.
Mutil taldea ementxe gaude,
danok gazteak eta gai:
mundu guztia igaro degu,
itxas, legor, mendi, zelai.
Neskatx ederrak utzi ditugu
negar-malkotan gure zai:
baña guk nexka danen artean
emengotxe alaba nai.
ETXEKO AURREI
Gau ederrean illargi inguru,
izarrak zeru urdiñean:
sukalde ortan amaren albo,
aur ederrak jolasean:
zerua uztu zaigu aingeruz,
oiek emen jaiotzean:
zeruko Jaunak gordeko ditu
gizon egin bitartean.
DENDETAN
Eskean gatoz, baña ez gera
ez ijito, ta ez praille:
Santa Agedak atera gaitu
kaletara kantatzalle.
Denda onetan jakoitxo asko,
danak giltza, ta zerralle:
estraperloko kajoitik bota
peseta pare bat mille.
TABERNETAN
Aspaldi ontan ura garesti
dabil esne ta ardotan:
mats gutxi izan arren, ardorik
ezta palta tabernetan.
Jesusek ura ardotu bazun
Kanaango eztaietan:
orain ikasle azkarrak sortu
zaizkio ardangeletan.
Ura gustatzen zaigu eskuak
ta arpegia garbitzeko:
baña napar beltza bear degu,
eztarria bustitzeko:
txanpaña ere edango geunke,
norbait balitz emateko;
pattarra ez da gaizki etortzen
bizkarreko otza kentzeko.
PERNANDO AMEZKETARRARENA
Amezketako Pernando zanak
jo zuan bein il-kanpaia,
erri guzian zabaldurikan
nor il zan galdetu naia.
Erri osoa batu zanean,
Pernandok kiñu eginda:
erri onetan, esaten die,
karidadea gaur il da.
Euskalerriko erri onetan
Pernandok ez du lanikan:
karidadea bizi da emen
kale ta baserrietan.
Gaurkoagatik, beraz, Pernando,
zaude zure ezurretan:
zure zirien bearrik ez da
erri ontako etxetan.
|