www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

GAZTE AIZEAK I

 

 

MATILDE TA ZEZILI

 

ASIERA: (Eresia: Gaztetasunak bai nerabila...)

EMAKUMEAK: Ta orain...

GIZAKUMEAK: Urratu beza aidea, gure saio berriak; (Eresia gora ta bera...)

EMAKUMEAK: Or dijoakizue... GAZTE AIZEAK!

GIZAKUMEAK: Gazte-aizeak!

EMAKUMEAK: Neska-mutillak bere sasoian!

GIZAKUMEAK: Elgorria dutela biotzean!

EMAKUMEAK: Ta gaurko saio ontan, entzun: MATILDE TA ZEZILI!

GIZAKUMEAK: Matilde ta Zezili! (Eresia gora ta bera...)

KONTATZAILLEAK: Lengoan, bizi-bizi ari ziran elkarrekin Matilde ta Zezili; bi Mari-Puntta moda-modakoak: (Eresia gora ta bera...)

MATILDE: Ago ixilik, Zezili. Ori ezten legea. Ori gizon petralen batzuek beren alde asmatutako txatxukeria den.

ZEZILI: Baiña, Matilde; nola joango gaitun, ba, oitura orren kontra?

MATILDE: Ederra kontua! Mutil bati neskatxa bat gustatzen ba-zaio, joan da —zapla!— arpegira botatzen zion bere barruko gogoa... Ta neskatxa bati mutil bat gustatzen ba-zaio, ezin ezer adierazi. Mutil kaiku oiei burura etorri-zai egon bear guk, ezer aurreratzeke.

ZEZILI: Orrela den kontua, Matilde.

MATILDE: Ba... ezten orrela izango nerekin, Zezili.

ZEZILI: Ez aiz, baiña, mutillei aurrea artzen asiko!

MATILDE: Bai! ta ez naun ixillik prijitzen egongo, Zezili.

ZEZILI: Ire gustoko norbait ba al-den?

MATILDE: Zerbait egin bearra zegon; eta amua bota gabe, ez naun geldituko.

ZEZILI: Neska, irekin ibiltzen ere, bildurtu egiten naun. (Eresia gora ta bera...)

KONTATZAILLEA: Urrengo jaian, an dijoaz neskatxa biak, zein baiño zein, erriko pasiera-lekura. An dabiltz gazteak, nexka ta mutil, elkarri begiak zorrozten. (Eresia gora ta azpipe...)

MATILDE: Ikusten al-den ura, Zezili?

ZEZILI: Zein?... Altzibarreneko Niko?

MATILDE: Ber-bera! Orixe bear diñat, itoko ezpanaiz.

ZEZILI: Iretzat zegon!... Aize onak dizkin mutillak.

MATILDE: Ba... aize ta guzti bear diñat.

ZEZILI: Mokau goxoegia aukeratu den, Matilde.

MATILDE: I mikatz-zalea al-aiz, Zezili? (Eresia gora ta bera...)

KONTATZAILLEA: Nolabait asi bear zuala, Matilde'k, eta an ezertan ez asteko, Zezili'k... Baiña ortarakotxe zegoen Matilde! Gora ta bera dabiltzala, ustegabean mutillak, eta ondotxo neurtuta Matilde'k, mutil taldearen aurrean, bidea itxita, aurrera eziñik gelditzen dira nexka biak. Ain zuzen, Niko pare-parean du Matilde'k. Mutillak tentari:

NIKO: Baratze batean al-gera?

MATILDE: Ze baratze ta porru, gero?

NIKO: Onelako loreak aurrean izateko...

MATILDE: Etzaude zu lore txarra. Orrelakoak esaten al dizkiezu neskatxa guziei, Niko?

NIKO: Guziei, ez. Zu bezelako pertxentei bakarrik.

MATILDE: Orduan, ez nau ezerk arritzen...

NIKO: Zerk etzaitu ezer arritzen?

MATILDE: Jendeak aotan artzea.

NIKO: Ni?

MATILDE: Zu ta orrelako loreak entzun bear dizkitzun neskatxak.

NIKO: Zein neskatxek, Matilde?

MATILDE: Ez emen asi iñoso plantak egiten, Niko.

NIKO: Egia! Ez dakidala ezer ere.

MATILDE: Ederra dago, ba, jendea ixillik egoteko!

NIKO: Baiña, zer esan du jendeak, eta zeiñi esan dio?

MATILDE: Onoko oni; emen nagoen oni. Beraz, ezer ikusi baiño len berriketan asten ba-dira; emen ikusten ba-gaituzte, zer ez dute esango?

NIKO: Zuri berriketak, eta neregatik? Nola izan da ori?

MATILDE: Zezili, goazen. Geiegi luzatu degu egon au.

NIKO: Zaude, Matilde. Ori ezin diteke erdizka utzi.

MATILDE: Bost ajola dizue mutilloi, nexka errukarrioengatik!

NIKO: Zuk uste baiño geiago, Matilde.

MATILDE: Pikuak ez dira Ilbeltzean etortzen, Niko.

NIKO: Nai al-dezu gauza bat, Matilde?

MATILDE: Zer?

NIKO: Jendeari musuan emateko, gaur arratsaldean elkarrekin ibilliko gera.

MATILDE: Jolas polita zuretzat, Niko; baiña ez neretzat. Neskatxok, asko galtzen degu gezurrezko jolasetan.

NIKO: Jendearen kontura parre egingo degu. Atozea arratsaldean Zezili'rekin eta egundoko jostaketa asiko degu elkarrekin.

MATILDE: Ederki eman ere!

NIKO: Zergatik ez? Bostetan ementxe itxoingo dizut. (Eresia gora ta bera...)

KONTATZAILLEA: Joan ziran, bai, neskatxak. Besterik nai al-zuan, ba, Matilde'k?... Etziran joan, baiña, bost-bostetan. Ordu laurdentxo bat mutilla zai euki ta gero, noski... (Eresiak, jo beza «MAITIA NUN ZIRA?» biziago). Ta jolasean asi zana, benetan bukatu zan andik sei illabetera.

 

* * *

 

        Elizako eztai-meza bukatu ondoren, Zezili'k txokora deitu Matilde, ta galdetu zion:

ZEX: Zorioneko al-aiz, Matilde?

MATILDE: Nola ez, Zezili?

ZEX: Pozten naun. Eta gauzatxo bat jakin nai niken...

MATILDE: Ze gauzatxo, Zezili?

ZEX: Niko'rekin lenbiziko aldiz itzegin genduenean, gogoratuko aiz, nola esan ionan, norbaitek berriketan jardun zuala bioi buruz.

MATILDE: A, bai!... Asmaketa polita!

ZEX: Nola asmaketa? Gezurra al-unan, ba, guzia?

MATILDE: Gezurra... gezurra... Amua nolabait bota bear nitxionan Niko'ri-ta...

ZEZILI: Eta bete-betean arrapatu unan arraia, Matilde.

MATILDE: Zertarako asi nintzala uste unan, ba?

ZEZILI: Orra bertan itxura gabeko trastea! (Eresia bizi-bizi...)

KONTATZAILLEA: Eta lagun biak parre-algara batean joan ziran, gertu zegoen eztai bazkaritan mokau goxoak jatera. (Eresiak bete-betean jo beza «Maitia, nun zira»...)

BUKAERA: (Emakume ta Gizakumeak...)

EMAKUMEAK: Eta ontan bukatu da gure saio berria... Gazte Aizeak!

GIZAKUMEAK: Gaurkoa: MATILDE TA ZEZILI izan da.

EMAKUMEAK: Urrengoan, beste GAZTE AIZEAK ekarriko ditugu.

GIZAKUMEAK: Urrenarte, ba... Bizi amesak, eta jan azak!

 

aurrekoa hurrengoa