www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

GAZTE AIZEAK III

 

 

ZORIONEKO KAZKARREKOA

 

ASIERA: Lenengoan bezela... (Eresia, «Neska zarrak joaten dira Madalena'ra...»)

KONTATZAILLEAK: Aldako'neko Anbrux, mutil zar purrukatua, eguzkia artzen degu Zumardiko alki batean exerita. Aurretik igarotzen zaizkion neskatxa gazteak tentatzen du bere griña. Ain zuzen ere, or dator neskatxa pertxenta bat. Anbrux'ek ez dio ixillik pasatzen utziko:

ANBRUX: Nundik nora, Kaxilda?

KAXILDA: Urkiola'tik, Anbrux. Ura da toki zoragarria!

ANBRUX: Ta Santuak zer dio?... Buruakin ez?

KAXILDA: Zu bezelako mutil zar alprojekin ez, beintzat. (Eresia gora ta bera: «Neska zarrak joaten dira...»)

KONTATZAILLEA: Anbrux an gelditu zan bere alkian parre gaiztoz kantatzen:

«Lenago zergatik akordatu ez...»

        Kaxilda'k mutil zarra bere kantetan utzi ta etxe aldera egin zuen. Gero... eskuan kontu aundiz zekarren paketetxoa zabaldu ta salako arasa gaiñean ipiñi zizun barruan zekarren gauzatxoa.

KAXILDA: Ai, nere Aita San Antonio Urkiola'koa! Zuk iritxi bear didazu neri mirari aundia. (Eresia gora ta bera...).

KONTATZAILLEA: Gauzatxo ura, San Antonio'ren zilarrezko iruditxoa zan. (Eresia otoitzerako gisakoa...)

        Biaramonean, Kaxilda'k, bederatziurren polita egin zuen. Onela zan asiera. (Eresia gora ta bera...)

KAXILDA: Aita San Antonio bedeinkatua!... Arren baiño arren! Senargaia iritxi zaidazu lenbailen... Al dala, ez dedilla betokerra izan. (Otoi-eresia gora ta bera...) Aita gurea, zeruetan zaudena... (Otoi-eresia...)

KONTATZAILLEA: Bigarren Aita gurea, onela zetorren: (Otoi-eresia...)

KAXILDA: Aita San Antonio bedeinkatua! Al dala, berrogei urtetik berakoa izan dedilla... Aita gurea, zeruetan zaudena... (Otoi-eresia...)

KONTATZAILLEA: Irugarren Aita gureak, aurretik txorten au zuen:

KAXILDA: Aita San Antonio bedeinkatua! Jaungoikoaren aurrean balia zakizkit!... Neretzako senargaia, Seroreko Anjel izan dedilla!... Aita gurea, zeruetan zaudena... (Otoi-eresia...)

KONTATZAILLEA: Bederatziurren arek, etzuen arrazkero azkenik izan. Gaur bukatu ta biar berriro asi. Kaxilda'k etzizuen egunik galtzen. Eta bederatziurrena bukatzen zanean, Santuari mun eta mun, ba-zigun pixka baterako lana. (Leioa irikitzeko zaratak...)

        Gero, bere Santu on eskuetan artu ta leiotik begiratzera joan oi-zan, eskatutako senargairik sortzen ote zitzaion ikustera.

        (Eresia:

                Ai, Luxe, Luxe, Luxe! Errotapian, errotapian...

                Ai, Luxe, Luxe, Luxe! Errotapian Mari Luxe...)

        Astearte batean, Santuari berarizko otoi eta eskari beroak egin ondoren, beti bezela, leioa zabaldu ta begira zegoela, orra nun irrist eginda, eskutik kalera erortzen zaion bere Santu artua. (Eresi urduri ta nastua).

KAXILDA: Ai, ene bada! Nere Santu bedeinkatua! (Eresia berriro bizi...)

KONTATZAILLEA: Erio-suerrean, kalera jeisten da bere Santua jasotzera, ta ikusten duanak, lurrean josita uzten du... Burutik odola dariola, ta zentzu gabe, an dago lurrean Seroreko Anjel, bere eskarietan aitatutako senargai gogokoa. Parean egokitu mutilla ta Kaxilda'ren eskutik eroritako San Antonio'k buru-erdian jo gizajoa... An zegoen urrean Kaxilda'ren San Antonio, Anjel'en odolez gorriturik, baiña oso-osorik... Mirari aundiagorik!

KAXILDA: Ai, baiña! Zer egin det nik?... Atozte, atozte laguntzera mutil oni! (Entzun bitez Kaxilda'ren kurrixkak. Eresi biziren bat tartean.)

KONTATZAILLEA: Kaxilda'ren kurrixketara inguratu zan jendea, ta jaso zuten mutilla neskatxaren etxera. An ziran estuasunak! Garbitu zioten eriari buruko odola ta Kaxilda'k bere biotz osoa jarri zuen mutilla esna zedin. Ujentu ta igurtzi, Anjel bere onela etorri zan alako batean. Kaxilda, mutillaren errukiz urtu bearrean zegoen. Barkatzeko, arren; ustegabean erori zitzaiola Santua, ta Jaungoikoagatik, zaitzeko ongi bere burua, oker aundirik sor etzekion... Artan eraman zuten mutilla bere etxera.

        (Eresia:

                Askok egiten dio San Antonio'ri,

                egun baten juan da bestean etorri.)

        Urrengo egunetan, Anjel'en berri jakiteko aitzakiz, egunik utsegin gabe, an joaten zan mutillaren etxera gure neskatxa.

KAXILDA: Ta?... Nolatan da Anjel? Obeto al-dago?... Gizajoa! Ta burua?... Zauria sendatu al zaio?... Sakabi'ko Pi Iñazi'k badu orretarako ujentu aproposa... Emen ekarri dizuet. (Eresia gora ta bera...)

KONTATZAILLEA: Gero, aurrera eramaten zuten, Anjel'en oe-ondora. Kaxilda'ren biotza, argizaria bezela urtzen zan orduan: (Eresia gora ta bera...)

KAXILDA: Zer moduz, Anjel?... Buruan miñik bai?... Egin nizun egitekoa!... Ezin naiz aztu... Nere esku txaldun auek!... Leioa isten ari nintzala erori etzitzaidan, ba, eskutik!... Bai, oso polita da. Urkiola'n izan nintzanean erositakoa det. (Eresia gora ta bera...)

KONTATZAILLEA: Ta orrela egunero. Bidean etxerakoan-edo, Anjel'enerakoan, an arkitzen zan Anbrux, mutil zarra. Bereala zuen zirika:

ANBRUX: Urkiola'ra al goaz, Kaxilda?

KAXILDA: Zaude ixillik, pardel ori!

ANBRUX: Ta zer dio Anjel'ek?

KAXILDA: Obeto egingo zenduke zerorren etxeari kargu artzea. (Eresia gora ta azpipe...)

KONTATZAILLEA: Anbrux, eztitan gelditzen zan, eta Kaxilda'k purruztaka aldegiten zion. Zertan luzatuko degu kontua?... Ainbeste joan-etorrik, ondoren ederrena izan zuten Kaxilda'rentzat. Anjel bereganatu zigun, eta egun zoragarri batean, biak aldare-aurrean elkartu ziran... (Eresia: Eztai-martxa...)

        Anbrux'ek, ezkonberriak elizatik irtetzen ikusi zituenean, parre gaiztoz ingurukoei esan zien: (Eresia gora ta bera...)

ANBRUX: Utzi pakean San Antonio'ri! Orrek ba-zekik mutillak noiz buruan jo... Bada-ezpada ere, kontu mutillok, neska zarren leiopean pasa!

BUKAERA: Lenengoan bezela... Buka diteke «Neskazarrak joaten dira Madalena'ra» eresiarekin.

 

aurrekoa hurrengoa