www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

TXANTXANGORRIA

 

        (Musika-laguntzarako, jo bezate «Jan Juan Anteportaletaña»).

IZTUNA: (Emakumea).— Ipuietara jo nai degu gaurko onetan.

IZTUNA: (Gizakumea).— Eta asteko, entzun ezazue...

IZTUNA: (Emakumea).— Txantxangorria!

GIZAKUMEA: Ipui unkigarria! Bitarte ontan musika ixilpean ariko da.

EMAKUMEA: Selma Lagerlofek moldatutako ipuia.

GIZAKUMEA: Ta gaur guk irratirako antolatua. Indartu bedi doiñua, esaleak arnasa ar dezan.

EMAKUMEA: Bijoa gure aide-orratzetan...

GIZAKUMEA: Txantxangorria!

EMAKUMEA: Txantxangorria!

GIZAKUMEA: Jainkoak gure lur ontako abereak egin zituanean, bakoitzari bere koloreak, bere margoak eman omen zizkion:

JAINKOAK: Atoz, arrosa eder ori. Gorri-gorria izango era. Atoz, lili. Txuri-txuri izan zaitez.

EMAKUMEA: Eta orrelaxe gauza guziak. Ontan ari zala:

JAINKOAK: Ene! koloreak aitu zaizkit. Eta oraintxe nengoen pentsatzen, txoritxo berritxu bat nola sortu.

GIZAKUMEA: Eta txoritxoa Jainkoaren eskuetatik bereala atera zan:

JAINKOAK: Txoritxo maite ori! Zuk Txantxangorria izango dezu izena. Soiñua bizi-bizi. Gero txori-txioak.

EMAKUMEA: Txantxangorria txoro-txioka joan zan aidea egoez urratzen; eta iturri ta errekatan begiratzerakoan, bere burua batera kolorerik gabea, zearo nabarra, grisa, zala konturatu zan. Biurtzen da, ba, triste Jaunagana: Txorro txio batzuek entzun bitez.

TXANTXANGORRIAK: Jauna, nola egin nazu kolorerik gabea? Nere lepapean lumatxo gorri batzuek nai nituzke.

JAINKOAK: Txoritxo maite ori! Lumatxo gorri oiek, zerorrek irabazi bear dituzu. Soiñua oso minbera bedi.

GIZAKUMEA: Joan zan txoria Jaunaren albotik, itun eta goibel:

        Nola irabaz ote nezake nere lumatxoak gorrixkatzea? Emendik aurrera eztet pakerik izango, nere amesa bete arte.

EMAKUMEA: Eta ala... urteak eta gizaldiak joan zitzaizkion txori gaixoari, lumatxo aien egarriz beti goibel eta kezkaz. Txorro txio itunak. Soiñua ere goibel.

        Urte askoren buruan, Jerusalena iritxi zan Txantxangorria, ta bere kabitxoa egiñaz, an zegoen umeak azten. Txorikumeak amari galde egiten zioten:

        Amatxo, zergatik egin gaitu Jainkoak onen nabar eta kolore gabeak?

        Ai, nere umetxoak. Neronek ere, orixe det nere kezka ta naigaberik aundiena. Jainkoak esan zidan, neronek irabazi bear nuela nere lepapeko lumak gorrixkatzea.

        Ta nola irabaziko dezu, ama?

        Orixe eztakit, umeok. Txorro txio ta soiñu zirrarakorra.

GIZAKUMEA: Baiña... ze jendetza dator aldapan gora, istilu ta ardailla? Ene! soldadu gogor batzuek, iru gizakume dakarzkite gurutzetan jostera. Ta or dator Jesus, lapurren erdian, lapurrik aundiena bezela. Txoritxoa errukiz betea dago Jesusi begira. Gerotxoago iltze zorrotzez esku-oiñak josita jaso dute Gurutzean Jauna. Soiñu zaratatsua ta nastua.

        Ai! ta esku-oiñak zulatzea naikoa eztutela, Jesusi burua arantzez koroatu diote. Txantxangorriaren zotiñak! Zer egingo ote du?

EMAKUMEA: An dabil Jaunaren inguruan, urbiltzeko bildurrez. Alako batean Jesusi alboratu zaio, ta bere buruko koiro mingarri artatik, arantza bat mokoaz ateratzen dio. Arantza txulotik, odol jarioa sortu zan, eta txantxangorriari papar-azpiko lumak gorritu zitzaizkion odolez. Soiñu pozkarria.

        Jesusek Gurutzetik itzegin zion txoriari:

        Txoritxo maite, gaurtik aurrera zure lepapeko lumatxoak gorri-gorriak izango dira. Soiñua biziagotzen.

GIZAKUMEA: Kabira itzuli zanean, umeak poz-txioka artu zuten:

        Ama, ama! Bai gorri politak dituzula zure lepa-azpiko lumak.

        Ai, umetxuok! Nere gorritasun au bereala galduko da, iturri ta errekatako uretan bustitzen naizenean. Soiñua zalantzakoa.

GIZAKUMEA: Baiña txantxangorria iturri ta errekatan busti arren, bere luma aiek gorri bizi iraun zioten. Eta arrazkero, txantxangorriaren umeak azten diranean, denak an dituzte lumatxo gorri politak.

EMAKUMEA: Orra nola gorritu zitzaizkion txantxangorriari bere lepapeko lumatxo txikiak. Berriro «SAN JUAN ANTEPORTALETAÑA» entzun bedi.

EMAKUMEA: Bukatu da ipuia... (Txio-txio bizia entzun bedi..).

GIZAKUMEA: Txantxangorria!

EMAKUMEA: Lepa-gorria!

GIZAKUMEA: Aidea urratzen ikusten dezuena.

EMAKUMEA: Jaunari buruko arantza atera ziona.

GIZAKUMEA: Ta arrazkero lepape gorrixka agertzen duana.

EMAKUMEA: Ta ipuiarekin, bukatu da gure irrati-txangoa. Soiñua gora ta bera.

GIZAKUMEA: Urrenarte, agur irrati-entzuleok.

EMAKUMEA: Gabon, adiskideok.

GIZAKUMEA: Loak artzen nau.

EMAKUMEA: Zaudete pakean.

 

 

aurrekoa hurrengoa