MAITASUNARI GORROTO
Ez adi gelditu gure atean
Oakit aurrera. Zertarako aut,
Maitasun, biotz-eden, etxean?
Ordu onean jo dek nere atea!
Biotza zakarretara, ustel-gai,
jaurti nian. Ez egon nere zai.
Pake-lapur,
arpegi gozo, gibel txakur,
ematen dekan ezti-edena,
oiñaze miñagoa sortzearren
eskeiñi oi-dek.
Erruki gabe ixurtzen dakik
beazun-eztena.
Ama bat eman idaken, argi-uts.
Ni samintzeko, erio-mende,
biurtu uan ezur eta auts.
Zertarako niñukan erri baten seme?
Onen ederrez txora ondoren,
eten nedin zori gabe?
Maitasun! Gorroto aut!
Eskein gezurtiz,
amaika aldiz
itxutu nauk.
Maitale eziñen egarriz
zirika niñukan, aiek irriz
utzi ninzaten minbera.
Ire aolkuz lege guziak
jaurti nizkian leizera.
Jainkoa Bera maitatzen ere,
ez didak utzi pakean.
Oben irrikaz nere bizia
josi dek, inpernu-keizez
gal zedin nere zoria.
Zertan ago gel nere atean?
Nere burua sasi zuri dek,
urteen buruz sugai utsa.
Ala ere, gezurti alen!
maite gazteen eskeintza
egiten ez aiz lotsatzen.
Oa emendik, eden galgarri!
Ta kontu
nere biotzean sartu!
Berriro emen somatzen baaut,
madarikatu!
naiz nere bizia galdu,
nere biotza labain zorrotzez
erdi-erditik urratuz,
ilko aut nere eskuz!
|