www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

EURIA ARI DU

 

        Itz bi aurretik

        Alain Robre Grillet-en nobelak irakurri ezpadituzu, nere ipui au, irakurleari «arpa jotzeko» idatzia dala, uste izango dezu.

        Baiña Alain Robre Grillet, Prantziko nobelagille sonatuenetako bat dezu; ta oraingo idazkera berrizale aitatuenetakoa, ala ere. Ameriketan bertan, onen izenak, alde batetik besteraiñoko arrada eman du.

        Era berri auek, euskal-saillean erakusteko egiña det, beraz, onoko nere ipui au. Bada-ezpada ere, jakiñaren gaiñean jartzen zaitut; irakurten asi ta zakarretara bota ez dezazun nere lan au. Irakurri, arren, azkenerarte; ta gero, nai badezu, neretzat gelatxo bat eska dezakezu... Santa Agedan.

 

        Du... da... da... du... Ari du... ari da... ari da... ari du... Euria ari du... Euria ari da... Euria txirrioan... Euria, goian dana beian...

        Leioa itxia dago... Leilatillak iriki dituzte... Euria, goian dana beian!... Kristalak lausotuta daude... eskumuturrez garbitu ta kanpora begira... sudur bat ikusten det kristalean itsatsita... sudur-punta, zapal-zapal agiri da kristalaren kontra.

        Gela, ezta aundia. Lo ta lan, bertan egiten ditu. Mai bat leiotik urrean. Bi liburu mai-gaiñean, eskui-aldean: Alain Robre Grillet dute azalean egillearen izena. Bata, «Zeleta-ola», (goi ta beko erderetan; «La Jalousie»=«La celosía») da; ta bestea, «Igaz Marienband-en», erderatan: «La année derniére à Marienbad»=«El año pasado eb Mairenbad»)... Leioa, maitik ezkerretara dago.

        Iru silla daude. Bi, mai ondoan, alde bietara bana; ta irugarrena, kama-turka alboan. Oinpekoa, (alfonbra, alegia), maiztua agiri da, ta ertzak listuak ditu. Ormetan, bi kuadro zar. Markuak, urrea janda dute tarteka... Atzo, etzan autsik kendu ta, bai maiak eta bai kuadruak, esku-markak agirian dituzte. Ate bat du trantsitura... Orain, atea iriki da. Emakume ixil bat agertu da atean. Ez da gaztea; ezta zar-zarra ere... Ogei ta amalau urte ba ote ditu?... Eztakit. Emakumea leio aldera dator. An dagoen gizakumearen ondoan jartzen da... Kristala lausotua dago. Eskumuturrez kristala garbitzen du. Sudurra, kristalaren kontra jarri du. Kanpotik, bi sudur-punta agiri dira kristalaren kontra zapalduta. Begira daude.

        Orain, emakumeak gizakumeari begiratzen dio. Emakumea, ezkerreko aldetik dago, gizakumea eskuitik. Gizakumea, kanpora begira dago... Emakumeak, gizakumeari ezkerreko sorbaldatik tira ta berari begira jarri dakion bultz egiten dio... Gizakumea, emakumeari begira dago orain.

        Emakumeak, bere burua gizakumearen bularrera botatzen du. Gizakumeak, itsatsi zaion gonadun gauza arekin zer egin eztaki... Emakumeak, besoak lepora botatzen dizkio. Zotinka asten da... Gizakumeak, bere beso biak zintzilik dauzka. Emakumearen zotiñak entzuten ditu; baiña aren negarra nola ixildu, eztaki...

        Orain, emakumea beragandik pixka bat alderatu egiten du... Badirudi, emakumea koipezko gauza bat bezela dala gizakumearentzat. Onek, arekin mantxatzeko bildurra bai-luan, pixka bat atzera egiten du.

 

* * *

 

        Orain, arnasa artzen du. Emakumeak ez, gizakumeak. Gero, eskuz sudurreko bustia, kristalak egotzi diona, txukatzen du... Emakumea, ixiltzen ari da... Ixildu da. Ezta negarrik entzuten... Gizakumeak, arnasa luzea artu du. Emakumeak, musu-zapia atera ta zintz egin du. Orain, begiak igurtzitzen ari da... Kanpoan, euria goian dana beian... Ez da aterrunerik.

        Tratsiturako atea txirtiriki dago, ta alako «kirrink» otsa atera du... Emakumea, bizi-bizi atera dijoa ta irikitzen du... Ixkillaretan bera, zaku mutur bat izkutatzen ikusi du... Gizakumearengana itzuli ta ajola gabe onela dio:

        —Katua zan.

        Euria ez da gelditzen... Gizakumeak, leiatilla pixka bat batu du, ta gogorik gabe dio:

        —Euria ari du.

        Emakumeak, eztarria garbitu ta bere gogoa urrutian balu bezela, ixilka esaten du:

        —Euria ari da.

        Gizakumeak, leiatilla eskutik utzi ta zorrotz begiratu dio, esanaz:

        —Euria ari du.

        Emakumeak, musu-zapia gordeaz, ate aldera jotzen du. Andik gizakumeari esaten dio:

        —Euria ari da.

        Ta atea iriki ta trantsitura dijoa.

        Gizakumeak, ate aldera begira dagoela, bere artean dio:

        —Euria ari da... ez, euria ari du... Nola?... Euria ari du... euria ari da... Zer ajola dio?... Ari du... ari da... ari da... ari du.

        Gizakumea TO da... emakumea, ÑO.

 

* * *

 

        Leiotik ezkerretara, apala zar bat agiri da, liburuz betea. Tarteka, utsuneak ere ikusten dira, ta aietan amalaunak nabarmen.

        TOk, leioa utzi ta alki bat artu du. Alkia mai aurrean laga, ta bertan exertzen da. Mai erdian, eskribitzeko makiña bat du. Kentzen dio tapa, ta lurrean laga du. Makiña ez, tapa bakarrik... Gero, eskuiko kajoia iriki ta papel batzuek ateratzen ditu... Orain, makiña beregana urreratzen du. Papela makiñan nola ipiñi asmatzen asi da. Ipiñi du. Eragin dio pixka bat gurdiari. TO, orain, makiñari ematen asi da... Kristaletan, kazkabarra danborra jotzen ari zaigu... TOk, begiak makiñan josiak ditu. Beatzak, azkar dabiltz teklak sakatzen. Papela mota beltxez betetzen ari zaio. Letrak, ezkerretik eskuira dijoaz. Makiñaren gurditxoa, eskuitik ezkerrera. Taka-taka ta... taka-taka, ta... papera, erdiraiño bete du... TO, gelditu da.

        Arnasa artu bearrean da. Makiñan ari dala, arnasa artzea aztu egiten zaio, ta noizean bein, makiña utzi ta arnasa aundiak artzen ditu, biriak betetzeko. Orain, arnasa artu du. Berriro, makiñari eragiten dio... Kristalak berriro lausotu dira. Kanpoan jasa itxua ari du. Kazkabarrak, gogor astintzen ditu artaburuak... Taka-taka ta... ka... Papela bete du. Orain, papela makiñatik kentzen du... Orain, arnasa artu bearrean da berriro... Zutitu da ta beso ta ankak luzatzen ditu, arnasa artzeko... Berriro exeri da. Papel berri bat artu ta makiñan sartzen du. Papela berdintzen ari zaigu. Ongi dago... Makiña, eskuitik ezkerrera... Letrak, ezkerretik eskuira... Ttantto beltxak papela illuntzen... Papela, ttantto beltxez betetzen... Taka-taka ta...

        —Zer det?... A! Arnasa artzea aztu zait. Orain, arnasa artu bear det. Ari naiz artzen... Zutik!... Orain, besoak jaso... arnasez bete... Jetxi besoak... luzatu ankak... artu arnasa... biriak bete... Orain, exeri... Zertan nintzan?... A, bai!... Taka-taka ta!... Zer da sukalde ortan?

 

* * *

 

        Sukaldean ÑO ontziak garbitzen ari da... ÑO bakarrik dago ta kristalak, sukaldeko lurriñez lauso-lauso agiri dira... Gelatik, TOren makiña otsa dator... Taka-taka ta... ta-taka!... ÑOk, arraskarako aurreko mantala jantzi du... Besoak, besaterak jasota, agirian ditu. Beso-ondoak, guri-guriak agertzen zaizkio... Ontziak uretan dauzka. Sartu eskuak, eta banan-banan garbitzen ditu ontziak. Gero, sukaldeko zatarra eskuetan artu ta ontziak legortzen ari da... Orain, apaletan ipiñi... Arraska aldea ustutzen...

        Orain, atea ixil-ixillik iriki da. Atean, mutil gazte bat degu. TONI du izena... TONIk, ÑOri begiratzen dio. Onek, txanbra arin bat su soiñean. Txanbrak, lepo aldean atzetik eta aurretik, iriki aundia du... ta bai bizkar aldera, bai papar aldera, illargi betea aiñako aragi sailla bistatzen zaio emakumeari... TONI, atean dago, aurrera egiten ausartu gabe... ÑOren lepaldea ta besondo guriak begiz jaten ari da. Gosea nabari du begi ondoetan... ÑO, ontziak apaletan jartzen ari da.

        Artan, TONI aurreratzen da. ÑO, urretik ikusi nai du, baiña ez dio ikutzen. Bildur da ta nai du... ÑOk asarre begiratzen dio. Ontziak apaletan jarri ditu... Gelatik TOren makiña otsa dator... Taka-taka! taka-ta!... Alboan, sukaldeak beste ate bat du. Traste lekua an dute. Zakuz, janariz eta ontzi zarrez betea dago toki ura. Illun dago traste lekua. Leiorik ez du... TONIk ara begiratzen du. ÑOk, ez dio kasorik egiten... Euri jasa, ixiltzen ari da ta makiña otsa agitzago dator eskritoriotik...

        ÑO, josten asten da... TONI, trantsittuko atetik entzuten jartzen da. Ez da makiña otsa besterik aditzen... TONI, berriro, sukalde erdira sartu ta ÑOri begira dago. Ezpaiñak estutzen ditu irrikaz... ÑOren oiñetan belaunikatzen da, ta emakumearen oiñak bere eskuetan estutzen ditu... ÑOk bultz egiten dio atzeratu dedin. TONI, atzeraka erortzen da lurrera. Ezin da egon. Begiak, gosez josiak ditu ÑOren sorbaldetan... Euriak eman dio berriro len baiño areago kristalak dantzatzeari. Bat-batean, ÑO alkitik jaiki da. Trantsittuko ateruntz egiten du... Iriki du atea ta entzuten jartzen da... Makiña otsa gogor ari da, ixilla urratzen... Itxi du atea, ta traste lekura dijoa pauso azkarrean. Apala ta zaku artean, bada an txoko bat, aukerakoa kristau bat zutik artzeko. An sartzen da... TONI, ero bat bezela ondoren dijoakio... Txokoan emakumearen tranbra argia nabaitu du. Joan zaio gaiñera... Besoak artu dizkio. Ezpaiñak emakumearen beso ondotan, lepa gaiñean, musuan itxasten zaizkio. Ustegabean, ontzi batzuek lurrera botatzen ditu... Azkar-azkar, sukaldera dijoa mutilla... Musu-zapiz, matraillak eta ezpain aldeak igurtzitzen ditu. Trantsittuan, pauso-otsak aditzen dira... Bat-batean azaltzen dira, ÑO traste lekurako atean eta TO trantsitukoan. TO, begira-begira gelditzen... TONI, zaku bat bizkarrean artu ta kanpora irtetzen da... ÑOk bere aria artu ta josteari ematen dio urduri. TONI ta ÑOk, arpegiak gorrixkatuta dauzkate... TOk aopean dio:

        —Atzo ere, emen zan TONI.

        ÑOk, begirik jasotzeke, berekiko bezela esaten du:

        —Katua zan.

        TOk, ez dio kentzen begirik... Orain, ÑO, ari billa asten da. Jostarratza, papar aldean soiñekoan sartzen du. Aria billatu du. Jostarratza, paparretik artu ta aria sartzen dio. Asi da berriz josten... TOk, atea itxi ta bere gelara aldegiten du.

        Euriak, eman dio berriz kristalak jorratzeari... TO, leiora dijoa... Kristalak lausotuta daude. Esku muturrez garbitzen du zati bat. Orain, kanpora begiratzen du. Sudurra, kristalean itsatsita dauka. Sudur punta zapal agiri da kristalaren kontra.

        Kristaletan bera, txirrioka dijoaz euri-tantak. Ezta ezer ikusten... TO, leioa utzi ta kuadroei begira jartzen da.Kuadro bat, bestea baiño aundiago ada. Biak, alkarrekin zer ikusi pixka bat badute. Kuadro aundian, gizakume bat agiri zaigu, belarretan etzanda. Begiak, aurreko zingira uretan josiak ditu. Emakume bat du berari begira. Gizakumeak, ez du aren arretarik. Emakumearen begiak, gizakume egarria nabarmen dute... Baiña gizakumea, ez da konturatzen.

        Kuadro txikian, beste kuadroko emakumea bera da belarretan etzana dagoena. Begiak aurreko mendietan josiak ditu. Mendiak, tontorrean, elurrez zurituak ikusten ditu. Emakumeak, bere gonak, belaunetik goraxeago jasoak dauzka konturatu gabe, ta atzeko arbola itzalean izkutu dagoen gizagazte batek, aren gona barrenak agiri lagatzen duanari, irrikaz begiak zorrozten dizkio. Gaztearen atzean, erensuge ikaragarri bat bistatzen da. Ao aundia, zabal-zabalik du, mutilla irentxitzeko. Mutilla, ez da konturatzen. Jan bear du gizajoa... Ontan, zarata batek bere erdi lozorrotik ateratzen du TO... kuadroa, ormatik lurrera erortzen da, iskanbilla aundiz. Kolpeak, marko puxketa bat ausi dio... Erensugea an dago, ao aundia zabalik.

        TO, lurrera makurtu da. Kuadroa, eskuetan artu ta berriro orman jartzeko asmoetan asten da. Baiña ezin diteke. Orman, len iltzea zegoan lekuan, zuloa besterik ez du arkitzen... Nun ote da iltzea?... Asi da billa... Zerua, iñoiz baiño goibelago jarri da, ta ezin da gela barruan ezer ikusi.

        Orain, ÑO, zarata aren otsera, etorri da. Iriki du atea ta TOk esaten dio:

        —Ez da izan katua. Berez erori da.

        ÑOk ez daki zer esan nai dion. Zerbaiten billa ikusten du TO, ta sukaldera dijoa argi billa. Ekarri du argia ta TOri laguntzen asi da lurrera begira:

        —Ona emen nun dagoen.

        Maiaren anka ondoan zegoen iltze zarra, bere erdoi ta guzti... Jaso du ÑOk. Orain, TOri ematen dio. Artu du onek eta lengo zuloan sartu nai luke. Maillu bat balu... ÑO, berriro sukaldera dijoa, traste lekutik maillua ekartzera... Trantsittuan, pasatzerakoan, zaku muturra ixkillaretan bera izkutatzen somatzen du... Orain, badator mailluarekin.

        Kuadrua, berriz, lengo lekuan dago... Egualdiak, argi aldia du, ta ÑOk, eskuan zerabillen argia itzali du. TO, kuadruari begira gelditu da, ÑOren berririk ezpalu bezela... ÑOri, kuadroko erensugeak bildurra ematen dio ta TO andik kendu nai luke. Joaten zaio TOri ta sorbaldatik tiraka, berari begira jartzen du. TOk, koipezko zerbait balitz bezela, ÑO berarengandik alderatzen du.

        Atea txirtiriki dago ta alako «kirrink» otsa atera du. ÑO, bizi-bizi atera dijoa ta irikitzen du... Trantsittuan zalaparta ixilla entzuten da... Ixkillaretan bera, zaku mutur bat izkutatzen ikusi du... TOrengana itzuli ta bestela bezela esaten dio:

        —Katua zan.

        TOk, galdu du kontua. Ezta egunik, ezta ordurik... Aurrean, makiiña ura du zai. Exeri da ta asi da berriro... Taka-taka!... taka-ta!... ÑOk atzetik larri begiratzen dio. TO, gelditu da bat-batetan... Beatzak aidean ditu... Aopean izketan asten da:

        Orain zer egin bear det?... Makiñan eskribitu?... Ala arnasa artu?... Idatzi dezadan!... Ez!... Arnasa artuko det lenago.

        ÑO, ixil-ixilka atera da sukaldera. Barrua minbera du. TO ez da konturatu noiz atera dan emakumea. Laster illunak jango du, euriak galdu ez duana. Istil otsak ez du ordurik kontatzen laga... Orduak galdu dira.

        TONI, anima galdua bezela dabil trantsittuan batera ta bestera. Bi ate zirriztotatik argi aria dator. Traste lekura dijoa ixillik. Txoko artan du berak maite duan usaia. Gero, ezer ez! Joan da eguna! Makiña otsik ez da TOren gelatik. Ontzi zaratarik ere ez sukaldetik.

        TO, oerako erazten ari da. Silletan utzi ditu erropa batzuek, eta makutsik leio aldera egiten du... Euri zaparradak, illunean aundiago dirudi. Kristalak lauso daude. Esku muturrez garbitu du eskui-aldeko kristal bat.kanpoa, erensugearen aoa da, beltzaren beltzak sakondua. Ez du ezer ikusten, baiña antxe dago sudurra kristalean zapal-zapal duala. Arnasa artu... arnasa artu... bizi!

        Ontan, atea ixil-ixillik iriki da ta norbait dator leiora... ÑO da, erdi erantzia ta oerako bata luzea gaiñetik jantzia. Ez du itzik egiten... ez begiratzen... An jartzen da TOren alboan, onen ezkerretik. Kristala, lausotua dago. Esku muturrez garbitzen du. Sudurra, ezkerreko kristal baten kontra jarri du. Bien arnasa bakarrik aditzen da etxe barruan. Kanpotik, erasoaren txistua dator aizearekin.

        Eztago atzorik, ez gaurrik, ez biarrik... Orduak... gezurra dira!

 

* * *

 

        Nor dabil illunpean?... Trantsittu barrenean du ÑOk bere gela. Aruntza dijoa norbait. Alperrik da begiak zorroztea. Ez da ezer ikusten. ÑOren gela atean geldirik dago keriza bat. Belarriak atean josiak ditu. ÑOren arnasa aditu nai luke, baiña ez da ezeren txintarik. Beste egunetan ederki aditzen zuan, ba... Sartuko ote naiz?... Orduan konturatu da, TOren gelako atea txirtirika dagoela... TONIri, an bularrean, ezkerreko saiets aldera, min zorrotz bat jarri zaio. TOren gelako leioan, bi sudur daude kristalaren kontra zapalduak. Illunak, ikara ematen dio ÑOri... Orain, TOri begiratzen dio. Ezkerreko sorbaldatik tira ta berari begira jartzen du gizakumea. ÑOk, bere burua TOren kolkora botatzen du. Orain, zotinka ari da. TOk, eztaki gonadun gauza arekin zer egin. Badirudi, ÑO, koipezko gauza bat dala TOrentzat. Onek, arekin mantxatzeko bildurra bai-luan, pixka bat atzera egiten du.

        Orain, arnasa artzen du... ÑOk ez; TOk... Gero, kristalak egotzi dion bustia, sudurretik eskuz txukatzen du. ÑO, ixiltzen ari da. Ez da negarrik entzuten. TOk, arnasa luzea artu du. ÑOk, sudur zapia atera ta zintz egin du. Orain, begiak igurtzitzen ari da... Kanpoan, euria goian dana beian...Ez da aterrunerik.

        Bat-batetan, galdu da etxeko ixilla... Trantsitturako ate-ondoan, egundoko danbatekoa izan da. ÑO ta TO, au aurretik, ateruntz dijoaz, zer ikusiko. TONI, ate ondoan lurrean dago luze-luze.

        Eldu kontuz eta kama-turkara eramaten dute. Bien artea, etzan dute kontu aundiz. TO, belaunikatu da ta TONIren eskua artuta, ixillik gelditu da.

        —Sendagillea ekarri bearko degu —esan du ÑOk.

        —Alperrik da! —erantsi dio TOk—. Odolak kolperik ez du zaiñetan.

        —Il da! —dio intziri batean ÑOk.

        Eta bereala, oe gaiñean, gaztea zerraldo dagoen parez-pare, kuadro txikia ormatik zintzilik ikusten du:

        —Erensugea! Erensugea.

        Ta zapi bat artuta, kuadrua estaltzera dijoa.

        Tximista batek, argitu du zerua alde batetik besteraiño... Laiñoetan, millaka erensuge dabiltz burrukan... Aien orrua dirudin trumoi ikaragarri batek, dardaraz ipiñi du etxe osoa.

        ÑO, igesi atera da andik. Atetik irtetzerakoan, lepoa jirata, zurrumurru batean, onela esan du:

        —Euria ari da.

        TOk, ildakoaren ondotik zutituta, erantzun dio:

        —Euria ari du.

        Gero... illunak irentsi du ÑO... Andik pixka batera, emakumearen gelako ate otsa aditzen da... TO, ildakoari begira dago oraindik, eta konturatu gabe, bere artean esan da esan ari da, lena berriz, lena berriz:

        —Euria ari da... ez... euria ari du... Nola?... Euria ari du... ez... Euria ari da... Zer ajola dio?... Ari du... ari da... ari da... ari du... Da... du... du... da...

        TO, gizakumea da. ÑO, emakumea.

 

aurrekoa hurrengoa