 |
ITURRI AGORTUA
Ai, Iturritxo, Iturri!
Maitale biurri!
Iturriak maite bat
omen zun ixillik.
Bat ixillikan eta
bestea gorderik.
Ai, Iturritxo, Iturri!
Maitale biurri.
Eguzkia goizero,
an dijoa egan,
gallurretik jauzika,
aitzik aitz irristan.
Nora joango? eta
—ez iñori esan—
iturrira ixillik
maite-joalsetan.
Ai, Iturritxo, Iturri!
Maitale biurri.
Euzkiak iturrian
sarturik burua,
aren bustiz gozatzen
zun bere berua.
Ain zan iturri polit!
ta ain gozo ingurua!...
Eguzkiak antxe zun
biotza lotua.
Alde egiterakoan,
gabero malkua.
Ai, Iturritxo, Iturri!
Maitale biurri.
Lizar-landare gazte,
iturri-ondoan;
ezkoaren indarrez
goraka zijoan.
Nork esango? Lizarra
iturri alboan
onen maitez zearo
galdua zegoan.
Ai, Iturritxo, Iturri!
maitale biurri!
Euzkiari musu ta
Lizarrari xirri.
Lizarrak Eguzkia
andik kentzearren
asi da gaiñetikan
adarrak luzatzen.
Beretzat bakarrik nai
iturritxoaren
kanta txanbeliña ta
Eguzkia andik ken.
Ai, Iturritxo, Iturri!
Maitale txoroa!
Arrisku aundikoa
den ire jokoa.
Eguzkiak amorroz
lurra kixkaltzen du
Lizarra igartzeko
asmoz, gar eta su.
Baita ere azkenik
asmoa burutu,
ta Lizarrari muiña
ondotik igartu.
Baiña Lizar-ostoak
eror ziranean,
Iturria ere il zan
aiekin batean.
Ta Eguzkia pozik
biaramonean,
aitzik aitz Iturrira
etorri zanean;
maiterik etzun arki
lur soil elkorrean.
|
 |