www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Zer?

 

        Gure biziak bere azken-muga urreratzen nabaitzen du. Amairu urte barru, bizi bagera, larogei urte, alajaiña!... Artuko al-ditugu?... Gure lagun eta ezagunak, ezker-eskui, galdu zaizkigu lurpean eta bakar-giroa loditzen ari da gure inguruan.

        Gure bizitzari begiratu bat botatzeko ta egin degun lanaren onaurkiak gure ondorengoentzat liburu batean biltzeko ordua degu, beraz. Or-emen, euskal-leiaketak ugaltzen ari zaizkigu. Onenari bere saria ematen diote, baiña idazlanak maiz argitaldu gabe gelditzen dira.

        Ala neuzkan nere lanb atzuek, noiz argitalduko zai. Aita ponteko bat bear zuten nere lanok. Gaur liburuak kostatzen diranarekin, auen argitalbena etzan gure poltsikoarentzako lana. Norbaiten babes billa saiatu bear izan degu, ta zerbaiten laguntza usteak, aurrera eragin digu.

 

* * *

 

        Gure bizitza osoa, euskal-miñez jota ibilli gera lanean. Gure amesak beti alde batera jotzen zuten: euskerari Lur Berriak eskeiñi nai genizkion; gure izkuntzari bide berriak urratu nai izan dizkiogu. Eta ortan joan zaizkigu egunik onenak. Aldiz, gure amesak eta asmoak bete al izan ditugu; aldiz, gure lanak eztu bear zuan mugarik eta maillarik iritxi.

        Euskaldunok olerkietan beste errietakoen mailla ondu al izan degu. Baiña euskal antzerki ta nobela, oraindik idazle yaio baten zai daude; ta beste sail batzuetan ere, atzeratxo gaude, noski.

        Nere aldetik, egin ditudan lanetatik onaurkiak artu ta geroko gizaldiei eskeiñi bear nizkien nere Azken-Itz bezela. Euskal Testamentu bat bezela dijoakizue, beraz, nere liburu au.

        Esango banizue bezela: «Ni, euskera lanean, oneraiño iritxi naiz. Zuek, ortik aurrera joka zazue bikain, gure izkuntzaren burruka irabazi arte».

 

* * *

 

        Datozen lanak, ez dira sail batekoak. Nere lan guzietan, aukera egin det: Nobela, Irratsaio-Txangoak, Ipuiak, Antzerki-jolasa, Olerkiak. Gure ikastoletako aurrak kanta berri izai zeuden eta ortan ere lan egiñak gera. Kanta-Kantari liburuan asitako lana, aurrera joan da, ta emen datozkitzu gerora sortu ditudan abesti berriak.

        Lengo liburuan or gelditu dira; batzuek salduta guziak, eta beste asko oraindik erosle-zai. Nola idatzi euskeraz?... Kanta-Kantari... Izeko Aberatsa ta Irulearen Negarra. Kulixka Sortan argitaldutako Antzerkiak eta Kontu Kontari. Erderaz: Curso de vascuence, diskoekin...

        Oiek izan dira nere lanik nagusienak. Gero, zenbat lan-puxketa, euskal egunkari ta aldizkarietan zabalduak! Eguneroko ogia irabazteko, ostera, gogoz kontrako lanetan, zenbat ordu alperrik galduak! Eta gogozko lanetarako astirik ez.

        Gure biziak egun gorriak ikusi ditu. Euskal-miñak, ala ere, gure nekea jasotzen eta gure illunpeak urratzen erakutsi digu. Gure erriaren burrukak eman dio gure biziari bere argi ta lanerako akulua. Ondorengoak jasoko al-dute noizbait gure lanaren frutua.

 

* * *

 

        Gure «ortografia» ikusita, norbaitek onezkero begi-tartea zimurtu du, esanaz:

        —«Oraindik «-r» ta «-l» idatziaz al-datorkigu kaiku au? Setatsu alena!» Baiña setatsuok amor ematen jakin degu. Nik, nere liburu batzuetan, «-rr» ta «-ll» erabilli izan ditut.

        Kanta-Kantari-ko abestiak ere eman jarri ditut; liburu orren ale batzuek bakarrik gelditzen bai zaizkit. Letra auen aldekoak, berriz, ez ditut beiñere -r" ta -l"-ri amor ematen ikusi.

        Gai ontan esan bear diran guziak, esanak ditugu. Ez noa, beraz, alde bateko ta bestekoen arrazoiak aitatzera.

        Bakar-bakarrik, auxe esango det: «Eztabaidak utzi ta bakoitzak bere bidez lan egin beza gogoz. Denbora zabalagoak datozenean, euskaltzale guziak eskubide ta askatasun berdiñarekin itzegin dezatenean, orduan izango da gauza oiek betiko erabakitzeko ordua».

        Bitartean, guk eztegu idazkera aldatzeko arrazoi gogorrik arkitzen.

        Donostian, 1966-go Otsaillak 15.

Amillaitz

 

aurrekoa hurrengoa