www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SUGE LANA

 

        Lagunak lagun, uraxe bai lagun benetakoa! Gure azkeneko gerratean, apaiz-lagun, kapellau, ibillia zan. Etzan gorrotoz itxututako oietakoa. Bazekian alderdi bietako akatsak eta argi-uneak ikusten.

        Aren lana, batez ere, giza-biotzak ondoraiño neurtzen eta orrela, al zuan onik geiena egiten, oi zan. Alkartzen giñanean, bion irizpideak batera ekartzen aritzen giñan. Aietako batean, nere laguna, (don Justo deitu dezaiogun, nolabait deitzeko), bere maira urreratu zan. Kajoi bat iriki ta andik aterata, papel batzuek eskeiñi zizkidan, esanaz:

        —Tori! Giza-biotzak noraiñoko leize beltzak dituan jakiteko, badek or agiri on askoa.

        Eskutitz sail bat zan; karta sail bat, alegia. Besterik gabe, exeri ta irakutzen asi nintzan... Gori-alde?... Zuri-alde?... Zertarako zauri zaarrak berritu? Alderdi bati Eguzki-alde deituko diogu lan onetan; eta besteari, Ospel-alde. Bakoitzak asma beza ze aldetatik ze aldetara dabiltzan eskutitzok. Erri ta giza-emakumeen izenak aldatu edo ixildu, ta or dijoakizue nik irakurria.

 

 

OSPEL ALDETIK EGUZKI ALDERA

Aznar-en Laura Nuria Andrea

X-en

 

                Nere Laura:

        Egunak kezka larritan dijoazkit. Zuen berririk gabe, emen ari naiz nere buruari milla jira-bira ematen. Gerrateak alkarrengandik eten giñuanetik, ez det egun onik. Azkenean, Prantzi-ra dijoan ezagun bat inguratu zait, eta onen bidez, bialtzen dizuet eskutitz au.

        Nolatan zerate? Gure koxkor biak ongi al dira?... Egunero irakurtzen ditut paperak, ezer garbirik atera ote-diteken igartzeko. Au nastea sortu zaiguna! Bildurrak eta gorrotoak, erabat, aizatu ditu egundoko berri nolabaitekoak. Ezta errez egia jakiten.

        Naste au sortu zanean, guziok alde batetik izan bagiña... Zoritxarrez, ni nere eginkizunetara etorri berri nintzan X-ko uri aundi ontara, ta nere zorigaitzerako emen gelditu nintzan zuengana itzuli eziñik. Onelako estualdietan ez da errez nola jokatu asmatzen. Emen ibilli naiz egun batzuetan zoroarenak egiten. Jo alde batera, jo bestera; itzegin oni, deitu ari. Azkenean, orko gure etxearen ordezkariak, nere burua obeto gordetzeko lan lekua iritxi dit. Janariak banatzeko sortu zan Batzorde batean sartu naiz orrela (Batzorde, zera... Komisioa esan nai det). Emen lan egiten det egunero zortzi edo amar orduan, lanak eskatzen duan neurrian. Paperik iñorik eskatzen badit, nere lan lekuko agiria erakusten diet eta onela pakean uzten naute.

        Eztira egun ederrak auetxek! Guzion bizia ari batetik esegita darabilgu. Gerra giro onek, errezeloa ta susmo txarra errez pizten ditu, ta guziok alkar zeletatzen bizi gera. Ta ni, nere etxetik urruti, ez-ezagunen artean, txarrantxa gaiñean etzandakoa baiño areago nabil, noiz arteko saltsa izango ote degun galdezka.

        Au lana! Ta zuengana joateko bideak itxita! Ezta laburra egoera au!...

        Laguna zai daukat eta bukatzera noa nere lenengo eskutitz au. Al dezuen bezin laser, Prantzitik zear, ia zuen erantzuna artzen dedan.

        Gure txiki biei laztan asko; ta zuri, nere biotza zabal-zabalik. Erantzun zai irrikitzen gelditzen da, zure

XABI

 

 

EGUZKI ALDETIK OSPEL ALDERA

Xabier Aznar Jauna

X-en

 

                Nere Xabi:

        Zure eskutitza oraintxe jasoa det. Au da lasaitasuna artu dedana, ongi zerala jakin dedanean! Guregandik aldendu ziñanean, nori bururatu bear zitzaion onelako egun estuak zetozkigunik? Gu lotan geundela, batenbat esna ibilli da, gerra bildurgarri au gertatzen.

        Nereak naikoa eztirala, gure txiki biak albotik naikoa lor sortzen didate. Nork geldirik euki ume auek? Katakumeak baiño jolasgure ta zarata-gogo geiago dute biak. Eskerrak osasunez ongi diranari. Baiña auen galderak ez dute azkenik:

        —Nun da aita?

        —Ama, noiz dator aita?

        —Zergatik ez da etortzen?

        —Laster etorriko al da?

        Jesus milla bider! Burua bere lekutik aterako lukete ume auek. Xabitxo oso gogor dabil eta Lauratxok eztul pixka bat izan du, baiña joan zaio, Jainkoari eskerrak.

        Zure orko estuasunak eztira makalak; baiña nereak ere, ez. Or bezela, emen ere, alkarren susmo ta bildurrez bizi gera. Ori berekin dakar gerrateak; alde guzietan etsairen bat jaikiko ote zaigun kezkatan, eta utsagatik galtzen da erne eztabillena.

        Emen nagusi gelditu diranak, indar asko biltzen ari dira, ta nik uste, azkenean auek irabaizko dutela gudua. Orregatik, ni ere, nere aldetik neurriak artzen ari naiz, andik eta emendik ezaupideak sortzen. Noizbait alde ontakoak irabazi ta zauden erri ortara sartzen badira, norbaiten bearra izango degu, zu pakean utzi zaitzaten. Onelako unetan itz-erdi bat naikoa izaten da gizona ondatzeko. Zure bururik ez nastu beiñere odoletan. Al dezun izkutuen ibilli, ta emengoak orruntza elduko balira, ez iñori aitatu or izan dezun lan-leku ori. Obe orrelakorik iñork ez jakitea.

        Nere burua obeto gordetzeko, gaixotegi batera joaten naiz astean iru aldiz. Egunero soldadu erituak datoz gudu-lekuetatik, eta mutil gizajo oiek zaitzen eta sendatzen, bada naikoa zeregin. Gaixotegi orretan ezagutu det kapitan bat, eta oso lagun egiñak gera alkarrekin. Nik —jakiña— urrutira begiratzen det, eta kapitan onen lagunartea egoki etorriko zaigu, zu ortik onez ateratzeko. Kapitanak, Alvaro Gartzia duizena. Kontuan ar zazu, noizbait emengoak or sartu ta galdezka asten bazaizkitzu, kapitan orren izena emateko. Orrela eztezu kartzelara joateko arrixkurik izango.

        Ume auek ez didate pakean uzten. Xabitxok zerbait ausi du, ta Lauratxo negarrez asia da. Banoa zer dan ikustera... Beti bezela, utsaren urrengoa. Ala ere, ixildu diranean, ezta ezer.

        Xabitxok zaldi bat nai du, ta Lauratxok, ortik zatozenean, andera begi urdin bat ekartzeko, esaten dit. Badakizu, ba. Azkar-azkar erantzun nere oni.

        Aurren eta nere laztan asko ta asko. Zure-zurea dezun

LAURA

 

 

EGUZKI ALDEKO X-tik X-ra

Aznar-en Laura Nuria Andrea

X-en

 

                Ene andre begiratua:

        Zurea jaso det eta pozik irakurri ere. Senarraren berri jakin dezu azkenean. Ezta gutxi, gauden egunetan, guztiok arrixkuz inguratuak bizi baigera. Zorionez, gizonarengatik izan dituzun kezkak, arindu dira. Nere aldetik ere, ez det okerrik, eta nabillen lanetan gordeago izango naiz aurrerantzean.

        Estuasunak alde batera bota ditzakezu, beraz; eta orain zere buruari begiratu bear diozu. Erri ortan sartuta ezin zindezke egon. Zu bezelako emakumeak leku zabalagoak eta atsegiñagoak bear ditu, mundu onetan bere edertasunaren argia inguruan barreiatu al izateko.

        Zure gaztetasuna ezin lotu zenezake, senarrarekiko kezketan. Beste asko gaituzu, zure ezaupidez poztuak eta denen artean neroni aurrena. Gure lagunartea geiago estutu bear genuke bion onerako.

        Zure senarrarekikoa errez egingo degu. Gure soldaduak aruntza iritxi bezin laster, aren galdera egingo det, eta guzia ongi aterako da.

        Datorren igandean X-en izango naiz eta egundoko dantzaldi ta jaia eratzekoak dira egun ortarako. Ortik gertu dezu erri ori, ta errez egin zenezake araiñoko bidea.

        Agertzen bazera, gau osoan lagun izango nazu; eta bion artean sortu dan artu-eman pozgarri au, sendotu ta argituko zaigu, noski.

        Poz orren itxaropenetan, ar zazu nere agurrik barrukoena. Zure ederrean zorabiatuta dezun

ALVARO

 

 

OSPEL-ALDETIK EGUZKI-ALDERA

Aznar-en Laura Nuria Andrea

X-en

 

                Nere kuttun ori:

        Zure erantzunak eztit poz txikia ekarri, Laura. Onik zerate irurok, eta Jaungoikoari eskerrak, gure etxeko zoriona oraindik osatzeko bidetan gera. Ezta gutxi egun negargarri auetan. Berriz ere, lagun bati eskerrak, Prantzitik zear dijoakizu nere eskutitz au. Lengoa bezin zuzen iritxiko al zaizu.

        Txiki biak aitaren galdezka dira, beraz? Noanean, zaldia ta andera nerekin eramango ditudala, esaiezu. Noiz izango ote da egun eder ori? Ez guk nai bezin laster.

        Emengo kontuak, geroago ta estuago ta nastuago dijoaz. Ta utsagatik galdu diteke edozein. Beti bildurrez eta begi biak zabalik dirala ibilli bearrean gaude. Gauzak oker dijoazenean, susmo ta salaketak ere, ugatlzen asten dira. Ala ere, nere aldetik ongi noa. Auzitegi ta odol-kontuetatik urruti nabil, eta onela iñori kalterik egiteke, edozeiñen aurrean agertzeko ez det kezkarik. Nere jokaera garbia izan da ta gorroto bideetatik etena.

        Zuk diozun kapitan orren izena gogoan izango det, noizbait zuen aldeko soldaduak uri ontan sartzen badira. Bitartean, zaitu itzazu ongi gure txiki biak. Diru-premirik ez al dezue? Ezer bear badezu, orko gure etxeko nagusiari eska zenezaioke.

        Erantzun azkar eta berri asko emanaz. Gudua azkenera urreratzen ari dala uste det.ia, ba, guztiok lenbailen alkartzeko zoria izaten degun. Orduantxe bai laurok pozik.

        Xabitxo ta Lauratxori milla musu. Ta zuri nere besarkadarik estuena. Oso-osorik zurea dezun

XABI

 

 

EGUZKI-ALDEKO X-tik X-ra

Aznar-en Laura Nuria Andrea

X-en

 

                Ene maite zoragarri:

        Oraindik ezpaiñetan det X-ko gau-jai artako eztia. Nere zorionerako etorri ziñan nere deira, ta bion izarrak argi egin zigun egunsentiak gabeko illuna uxatu arte.

        Zuk eztezu merezi senar orren loturarik. Bizitza oberako egiña zera, maite; ta nere biotzak etorkizun argiena eskeiñi nai lizuke. Ez al zenduan garbi ikusi gau artan, alkarrentzako egin-egiñak gaudenik?

        Bai, Laura. Nik, beintzat, garbi ikusten det atsegiñezko urre-bide argia biontzat. Eta gauzak eskura datozkigun ezkero, zergatik ez jaso aukeran deguna? Zure gizon ori, bestaldean ainongi artu dutenean, gure etsaietakoa izango da, noski. Eztu merezi gure errukirik; ez orixe. Eten itzazu bein arekiko lokarri negargarri ta estuak, eta zatoz zure edertasunak eskatzen duan eguzki-argitara ta zabaldi atsegiñera.

        Beti bere besoetan nai zinduzken zure

ALVARO

 

 

EGUZKI-ALDEKO X-tik X-ra

Justo Roman, Apaiz Jauna

X-en

 

                Adiskide:

        Gerra bukatzera dijoala zirudik Gure bideak ez dituk berdiñak izan. I, bestekaldeko soldadu artean kapellau ibillia aiz, eta ni, kartzela ontako kapellau natxegok, gureak uri ontan sartu ziranetik. Denbora gutxi, baiña asko ikusi diat epe labur onetan. Atzo ikusi nuana, etzaidak beiñere aztuko. Makiña bat gizajok galdu dik bizia, bere bidean zitalkeria ta makurkeria sartu dalako.

        Egunak ituan, gure kartzela onetan zazpigarren gelan, itxura oneko gizon bat barruratu zutela. Joan nintzaion, eta oso minberatua arkitu nian. Kapitan baten izena eman zidakean,eta arek zekiala bere emazte ta etxeko berri. Etzekian asko gizajoak, kapitan ura zuala bere galtzaillerik amorratuena. Bere paperak ikustera joan nindukan, eta irakurri nuanak, nere barru guzia irakiten jarri zidakan. Alako belzkeririk enian ames egingo nere bizi guzian. Kartzelako gizajo ura nork salatu zuala uste dek? Bere emazteak,gizona! Ta emaztearen salaketa aregatik, galdua zegoan senarra. Beta geiago izan banu, zerbait egin al izango nian, baiña gauzak azkarregi joan dituk. Berandutxo jakin diat, emazte galdu ori, dalako kapitan orrekin itxutua dabillela, ta arekin bere griña-bidea ase al izateko egin diola bere gizonari egin diona.

        Azkenerarte lagundu zioat senar zorigabeari. Ta gizajoak, bere andreari utzi nai zizkioan bere ondasun guziak. Neronek alda-erazi zioat erabakia, bere azken-agiria seme-alabatxoen alde egin zezan. Emaztea alda ditekela ta beste norbaitekin ezkondu, agian. Obe duala bere txikien etorkizunari begiratu ta aien alde utzi duan guzia. Onela egin dik. Emaztearen billaukeria etzioat aitatu nai izan. Bere azken ordua zertarako geiago mindu? Aitortza zirrarakorra uraxe! Gizon aren ondrautasuna, garbi asko agiri uan aren esanetan. Gaur goizean, egun-txintak ozta-ozta argitzen ginduala, eraman diate, soldadu taldearen aurrera. Azkenerarte, bere alboan egon nauk.

        Nerekin esan dik Kredoa, agitz eta sendo:

                Sinisten det Jaungoiko Aita alguztidun,

                zeru-lurren egillea, eta aren seme bakar Jesukristo...

                Pontzio Pilatoren mendean nekaldua,

                gurutzean iltzatua,

                illa!...

                Pum.

        Kartzelako ormak dardaraz eman ditek erantzuna. An gelditu dek errukarria lurrean... odoletan.

        Polbora kez itxutua, biotza erdi bi, zabuka atera nauk andik.

        Agur, adiskide. Enauk jarraitzeko gauza. Urrengoan berri obeak izango al dizkik ire lagun minberatu

MILLAN-ek

 

aurrekoa hurrengoa