 |
LIZARDI OROIZ
I. ILLUNPETIK ARGITARA
Itxasoak garratz ura,
animak aren mindura,
zure eriotzak piztu ninduan
euskal olerti mundura,
argatik nere lanak badute
kanposantuko tristura.
Zeru ertzetik ertzera
izarra doa galtzera;
ala jo zendun gure artean
sortu orduko illunpera,
argi bizizko dizdiz laburrez
gora jasoaz euskera.
Oi, Parisko txolarrea!
Nun galdu dezu bidea?...
Eriotz deiak lañotua du
portu gaiñeko aidea;
naigabe miñak itxia dauka
biotzetako atea.
Gure biziaren latza!
Oztu da otartxo utsa!
Aita alargunak biotzean du
alabaren eriotza;
ta ari jarraituaz, aterpe ordez,
utzi digu negar beltza.
Zeru-azpia, izarrez;
zeru barrua, areago;
goi-argiaren itxaropenak
egan narama arutzago,
ekaitz orruak jaiotzen diran
alorrak baiño gorago.
Amonak egin zun jira,
Egun Aundiko argira;
Xarbiertxoren Gabon negarrak
jo zuten bizi berrira;
aita ta ama etxekoekin
zeruetan batu dira.
II. OROI BIDETAN
Ames-min diat,
joan egunak
nere baitan berritzeko,
otaloreak negu illean
nolatan zaitzen duan
elurtea ikusteko.
Elurpean lo
dagoen lurra,
illobi aundia ote?...
Ire ezurrak betiraueko
arnasez iraun-azteko
maindirepea dala uste.
Orra pagoa
etsigaitz, bere
azken-ostoak galtzeke;
ire oroipen maitagarriak
ala zirautek josiak...
Ai, gurekin baintzake.
* * *
Bizi berria
lotatik esna
zaiguk baso-mendietan.
Udaberria eztaietan dek;
sorgin lana norbaitek
egiña dik zugaitzetan.
Or zegok ire
sagar-lorea,
aidea zuriz arrotzen...
Elur-maroak?... Pinpilinpauxak?...
Maitagarrien mamuxak?...
Orrela itukan amesten.
Zeruetan erne zaikan
argi berriaren antza
zetorrek lur-azpitikan.
* * *
Eguzki-sua
erretzen ari
dek gurdibieko larra.
Sasiak esker ona agertu dik
masusta-lorez jantzirik
goitik datorkion garra.
Eskerrak ire
Baso-Itzalari!
An ager zitzaidakan
ostope illun azpian lerden
esku emanaz erregin baten
gisa bere etxe-atakan.
Gogoan dik ark
irekin izan
zuen egonaldi ura,
ire alboan eseriz gero
aopekotan ain bero
gozatuz bion ardura.
Ai, maiteminduen itza!
Ta bai laburra izaten dala
berekin dakarren atsa!
* * *
Ondar gorritan
galdu nauk, lagun;
Udazkeneko bidetan
itxas-etzeko arkaitzak gorri
agiri dituk, ziurri
erdoiak jota zaiñetan.
Zartzaroaren
oiñatz baldarrak
jo dik etxeko atea.
Ego-aizeak astindu dizkik
orbelak adarretatik...
Gaiñean dek negutea.
Ai, gure bera bearra!...
Odolean zetorkiguk
galduko gaituan arra.
III. GARAIPENA
Kanpai alaien otsa ari dek
dilin dalan...
Ogi berria gordea zegok
gari-balan...
Iñularreko negarrak badik
ama gabaren azia;
ozkarbiko izarretan
zetorrek egun berria.
Erniopean aldarrika dek
Urkizuko oroitarria.
IRE KOPETAK AGIRIAN DIK
ILLEZKORREN GOI ARGIA!
|
 |