www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lur berri billa
Nemesio Etxaniz
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lur berri billa, Nemesio Etxaniz. Izarra, 1967.

 

 

aurrekoa hurrengoa

EZKONGAI ZAARRA

 

        ...ni, ezkongai zaarra naiz... Ori, mutil zarra polikiago esateko bidea besterik ezta. Badakizue, ba: ni mutil zarra naiz, eta nere brrogei ta amar urteak, nakak ditut. Orra guzia esan... Baiña, bai zera!... Ori ezta guzia. Ori, matazaren asiera besterik ezta. Eta orain, ari guzia jakin dezazuen, emen dator Niko, gure morroe zaarra:

        —Nagusi jauna, lan guziak egiñak dira.

        —Ederki da, Niko. Exeri zaitez pixka batean.

        —Morroeak eztu exertzeko betarik izaten, nagusi.

        —Utzi zazu «nagusi» itz puztu ori, ta txikitan bezela, esaidazu «Pelix».

        —Ai, nagusi! Ez, ez... Ai, Pelix! Urte aiek joanak ditugu.

        —Orregatik, ba. Urte luze auetan, etxeko egiña zaude; ta koplatan ibilli bearrik eztegu alkarrekin. Tira, exeri ta berriketaldia bota dezagun patxaran.

        —Badakit nora zoazen. Betiko leloari indarra ematera.

        —Bai, Niko. Nere buruari eragiten asten naizen bakoitzean, nere kazketa su berean berotzen zait. Emen naukazu, etxe aundi onetan, etxe uts onetan, munduan zertarako nagoen ere, asmatu eziñik. Mutil zar legor onek, eztu bere bizitzan elkor-bidea besterik.

        —Burua berotzeko beta geiegi dezu, Pelix, eta orrek galtzen zaitu.

        —Baditeke ori ere, Niko.

        —Amaika aldiz esan nizun, nagusi... Ai, ez!... Pelix. Ezkondu egin bear zenduela zure sasoian.

        —Nere andregaia, Niko, txiki-txikitatik milla puska egin zidaten. Badakizu gure etxeko aidea nolakoa zan.Etxetik elizara, ta Jaungoikoak aparta emakumerik gure bidean sartu. Gonadun gauza orri urrutitik begiratzen erakutsi zidaten. Oso urrutitik, gaiñera. Emakumea ta deabrua, gisa bereko ziran guretzat. Emakume egarria nuela esan?... Lenago lurpean sartu! Orrelako lotsagarrikeririk nola iñori adierazi?

        —Zure ama ere, emakumea zan, ba.

        —Bai, baiña, ori ere, aztu eragiten ziguten. Ama, etzan emakumea guretzat. Ama, beste gauza bat zan.

        —Arek, apaizetarako nai zinduan. Etzuan poz ori iritxi.

        —Gure errietan, izan ere, apaiza baiño goragokoriketzan. Eta orduko batentzat, seme apaiza, amesik zoragarriena zan. Baiña nik egin bear nuan apaiz, eta Meza berriko pozik enion eman amari.

        —Min ederra izan zuan zure amak, Seminariotik irten ziñanean.

        —Ori ere berandutxo egin nuan. Nere gurasoei min ori emateko billurez, erabakia atzeratu ta atzeratu, ta badakizu gero... Nere bizia orrela joan da beti: berandu esnatu, berandu jakin ezkontza-bideak nola ziran, eta berandu utzi nere apaizetarako ikasaldiak.

        —Bazenduan neskatxarik pranko, ezkon-eskea egiteko.

        —Baiñan txikitan txertatu zidaten emakumeekiko lotsak, ziaro lotzen ninduan.Beiñere ez det jakin emakumeengana nola urreratu diteken. Ortan, moldakaitz purrukatua izan naiz beti, Niko.

        —Gauza oiek aztutzeko, edari pixka bat aiñakorik ezta.

        —Egia, ta nere muiñak zorrozteko, egoki etorriko zait, garagardo pixka bat.

        —Bereala nator, Pelix.

        —Ekarri biontzat. Zuri ere kalterik eztizu egingo-ta.

 

* * *

 

        Entzun dezue nere morroiarekin izan dedan alkarrizketa. Edari billa dan bitartean, bakarrik gelditu naiz berriro ta nere buruko garunak, lanean asiak dira lenez gain.

        Ezkongai, bizitza guzian... Urik gabeko iturria bezela; okerrago, Jaungoikoak etxea jasotzeko bear dana eman, eta etxerik ez jaso; lur ederrak alperrean edukitzea bezelatsu; emaitzik gabeko landare edo zugaitzaren pare; ondorengorik utziko ez duan gizona.

        Askotan pentsatu oi det: Jaungoikoagatik emakumerik gabe bizitzea, goragarri nola ote diteken. Jaungoikoak emandako begiak, belarriak, besoak, oiñak bizi guzian erabiltzeke gordetzea, goragarri ote liteke? Jaungoikoak orrelakorik nai al du? Ta zergatik nai izan bear du, gu seme-alabarik sortzeke mundu ontatik joatea?

        Ba, ba!... Etzaitezte berotu nere kontu auekin. Neronek ere, zer diran ba al dakit, gero? Baiña burua duanak, burutapenak oi ditu, ta neri orrelakotxeak sortzen zaizkit nere ontan. Ain zuzen ere... emen dator Niko garagardoarekin, eta barkatu jaun-andreok.

        —Ari al zera orain ere, Pelix?

        —Zer dezu, Niko?

        —Zere buruarekin izketan ari al zeran, ba... Tira, edan zazu muiñak pixka bat argitzeko.

        —Orrela egingo det, baiña zuk laguntzen didazula. Exeri ta bete zere ontzia edateko, Niko.

        —Esana egiteko nago emen, eta ori ere egin bearko det.

        —Jakiña, ba! Zaude... zertan nintzan, ordea? A, bai!... Zu edari billa ziñan bitartean, emakume bati nere itzala eskeiñi gabe, zergatik gelditu ote nintzan pentsatzen ari izan naiz.

        —Onezkero alperrik dezu, ba, illetak jotzea. Gaztetan ezkontza-bidea artzeko gatzik izan ezpazenduan, orain are ta gutxiago izango dezu, noski.

        —Bai, Niko. Nere ordua igaro zan antziña; ta onezkero, egindako kaltea ezingo det osatu... Amaika aldiz zoritxarreko emakume ezkongairen bat ikusten dedanean, galdetu izan diot nere buruari: «Emakume ori ote zan nik poztu bear izan nukeana? Ta nere erruz galdu ote du, nere alboan izan zezakean zoriona?».

        —Bizitzari geiegi galdetzea da ori, Pelix. Guk utzi ditugun bideak, ugariak izan dira, ta beste bide batzuetatik jo bagendu zer gerta zitekean, Jainkoak bakarrik jakin dezake.

        —Zer dio Ixabelek?

        —Muruaneko Ixabelek, ala...?

        —Bai, Niko.

        —Gaurko berririk eztet, Pelix. Atzo, zerbait obeto zegoela entzun det. Orrek ere, zure gaitza du.

        —Ala da, bai. Ni bezelaxe, bakarrik gelditu da. Guraso gaixoak zaitzen, joan zitzaion bere sasoia, ta orain soil bizi da ta ez ni bezela ondasunez ongi.

        —Ez, Pelix. Ondasunik eztio Jaunak eman, ezta osasunik ere. Bere bakarrean, naiko premi izango du.

        —Beartsu ta gaixorik, ezta giro. Sendagillearekin egon zaitez, eta bear duana, gerok bialdu bearko diogu.

        —Lengo astean ere, lagundu zenion bere estuasunean, eta poz izango du oraingo onekin.

        —Orrelaxe egin naiko nuke emakume bakar eta zorigaiztoko guziekin. Aietako bat izan zitekean, ba, nere emazte; ta nere mozkeriagatik galdu zutena, beste bidez ordaindu nai diet... Baiña zertan zaude edateke, Niko?

        —Zure buruauste oiekin nun nintzan ere, aztuta naukazu. Busti dezagun, beraz, zintzurra.

        —Lagunduko dizut orretan... Bapo!... Edan degu biok eta jarraitzeko ederki gaude. Atzo, emakume eskale bat etorri zan atera ta aurrera sartu nuan... Nork daki bera ote zan Jaunak nere seme-alaben ama izateko gordea zeukan andrea?... Ta nere epelkeriagatik ez ote zebilen aterik-ate eskale, nere etxekoandre izanbearrean?

        —Zuk egiteko ezta asko. Oraindik adituko ditugunak! Orduan, emakume bakarrari zure izena eskeiñi etzeniolako, munduko emakume ezkongai guziei laguntzen ibilli bear dezu, ezta ala?

        —Alatsu, Oso pozik joan zan gaixoa, egin nion arrera arekin.

        —Alajaiña! Bapo jan eta diru-laguntza biderako artuta, etzan gaizki joan.

        —Ala ere, badu naikoa berekin... Au mundua! Zenbat emakume errukarri diran baztarretan.

        —Emakume ta gizakume asko errukarri alde guzietan, Pelix.

        —Egia ori ere; baiña nik emakumeekin det nere zorra.

        —Alako batean nastu bear zaituzte, nagusi.

        —Berriz ere «nagusi»? Niko, nere urteetan, emakumeak naste gutxi sortu dezakete. Ezpainago xamurra.

        —Kontuz ibilli, Pelix. Emakumeekin eztago arrixku gabeko urterik.

        —Ongi da. Nere biotz oni zerraillen bat jarriko diot.

        —Denen bearrean arkutiko zera, bide labain orretan... Eta edan degun ezkero, noan nere azkenengo eginkizunetara. Beste pixka bat edan nai badezu...

        —Ez, ez, Niko. Jaso ezazu guzia... Orrelaxe... Ederki.

 

* * *

 

        Joan da Niko, ta berriro bakarrik naiz nere buruausteekin... Azken-aldi ontan, leio orretxek sortu dit lana. Ortik, ordurik-ordu, aurrekaldeko etxean eta baratzean gertatzen dan guzia, zaitu bai-diteke.

        Emakume ixilla ta saiatua orixe. Lanean aspergaitza; ta ikustekoa izan da urterik-urte, umezurtz gelditu zanetik, etxea nolatan jaso duan.

        Emakume ori, zera... Aurreko etxean bizi dan Anjela da. Beti lanean ari dan errota. Diruz erosi eziñeko emakumea, gajoa. Bere bost anai txikirekin umerzurtz gelditu zan, eta arrazkero bera izan da mutil oien ama. Sukaldean eztanean, baratzean; baratzean eztanean, zapi jotzen... Gabean berandu oeratu; goizean egunsentiarekin jaiki...

        Ara!... Oraintxe ere, egingo nuke sukaldean argia itzaltzeke egon baietz!... Noan leiora... Esanda bezelaxe... Or ari da dalako Anjela ori, bere ontzi ta zapiak moldatzen... Onezkero etxekoak oeratuak ditu. Beretzat eztu oerako ordurik. Ori emakumea.

        Noiztik ezagutzen det?... Urteak dira. Umezurtz gelditu zanean, biotzak esan zidan: «Orra etxea ondatu»... Baiña etxea, emakume orri eskerrak, etzan ondatu. Ta nola aurrera atera dituan bere anai txikian.

        Gizajoak! Ez dute eskola aundirik izan, baiña arrebak lanean erakutsi die ondo, ta orrek ekarri ditu, neke ta izerdi, gaurko egoera jasora. Anai zarrenak ezkondu zaizkio banaka. Aien andreak izan dute zoria! Arreba orren ondoan urrezkoak egin bai-tira. Orrelako senar langilleak artutako emazteak, eztira bereala galduko.

        Nere motzean, emendik ikusten nituan kontu oiek guziak. Baiña barruak ez ninduan erabakitzen, nere gogoa zan bezela, anai-arreba oien alde ezer egiteko. Nere betiko lotsak atzeratzen ninduan.

        Alako batean, anai gazteena gaixorik zutela jakin nuan... «Oraintxe edo beiñere ez!» esan nuan nerekiko. Eta besterik gabe or joan nintzaion Anjelari. Baratzean ari zan... Eskual lenbiziko aldiz urretik ikusi nizkion... Aiek eskuak, Jauna! Lanean ongi laztuak, noski. Zaiñak nabarmen agiri zaizkio azal lanpetu aren azpian. Ta artan joango da mundu ontatik; ezpaitaki geldirik egoten. Eskeiñi nion nere laguntza, ta etzuan entzun ere nai. Lotsa gorritan gelditu zan, zer erantzun asmatu eziñik.

        Arrazkero noizean bein ixillik lagundu izan diot, eta aukera dedanean, itz bi egiteke enaiz aren etxe-aurretik pasatzen, Anaiak, bata bestearen ondoren ezkondu zaizkio. Gazteena etxean artu du, ta beti bezela, guzien etxekoandre bear lukena, etxeko neskame bizi da, bere lana guzien alde etengabe eskeiñiaz. Beste guziak bizimodu lasaian jarriak ditu; berak, berriz, betiko lorpean diardu, bere buruari, orren merezia duan atsedena ukatzen diola.

        Egunak ziran Angelarik etxe aurrean ikusten ez nuala... Anjelak, ez agertzeko, zerbait bazuala, esaten zidan biotzak. Zai nengoen, eta gaur eguardian, sukaldeko leioa zabaltzen nabaitu det... Ai, Jauna! Aren arpegia!... «Emakume orrek badu gaitzen bat berarekin» —esan det nerekiko, eta luzatu gabe beraren etxera jo det. Su-ondoan arnasez bete ezinda zegoen. Ala ere, lanean.

        Kosta zait nere laguntza arek onartzea. Bere lanez orain arte etxa jasotzen oitua, ta lotsagarri jotzen du iñoren laguntzaz baliatzea. Azkenean, jardunaren-jardunez lertu zaio biotza ta, negarrari emanaz, bere burua nere bular-gaiñera bota dit. Aingeru bat bere amaren magalean bezelaxe itsatsi zait nere biotz gaiñean. Eztu griñarik agiri; baiña aren begirasunak ederki asko erakutsi dit, uraxe zala nere maitasunak poztu bear izan zukean emakumea.

        Nere bizitzan, lenbiziko aldiz, emakumearen eskein garbi ura nabaitu dedanean, zeruko izar guziak lurreko lore denekin dantzan asi zaizkit...

        Nere lotsa madarikatua!... Biotz-leize ura ondoraiño ikusi ta itz-erdirik esateko gauza enintzala, atzeratu egin naiz.

        Anjela gaixoa!... Nere biotzak darion odola ikusiko bazendu!...

 

aurrekoa hurrengoa