www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Xabier Altzibar

Iturria: Ipuinak, Juan Antonio Mogel (Xabier Altzibarren edizio kritikoa). Labayru, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ipuin 33.a

Esku, oin ta sabelarena

 

        Eskubak eta oñak alkar arturik esetsi eutseen sabelari esanaz:

        —O, lagun dongia! Gure biar ta nekiakaz daruaruz egun gozatsubak. Aseten zara, jaten ta edatendozu gure irabazija. Oñakaz guaz solora; esku ta oñakaz lajetan dogu: mastijak ardaorik emongo badabe, gure eskubak nekatu biar dabee. Askotan beso guztiko alaakaz urten daruagu biarreti. Zeinbat bider zerbait irabazteko egin biar dira oñez bide luziak, ateraten dogula oin azpijetako miña? Zuk, sabel dongia, daruazuz zeure barrura gure izerdi ta neke guztijen irabazijak: ardaua, ogija, ta zer ez? Guretzat ez da ezer enparetan nekia baño. Alan, bada, ikasi ta artu egizu irabazi-bide edo biargintzaren bat eukiteko zer jan; bestelan gosiak ill biarko zaitu, zerren erabagi dogu guk ez alper bategaiti biar egin ta nekatutia.

        Erantzun eutseen sabelak:

        —Ez, arren, orrelangorik egin. Ezdakizube ezin nik ezer irabazi daikedala? Ze opizijo edo biargintza artu nei? Egija da zuben neke ta irabazijakaz gozatuten nasala, asko zor deutsubedala. Baña ez nas ni bere alperra zubentzat. Nire barrura datorren zuben irabazija ez da guztija bertan geratuten; neuretzat biar dodana gorde, alperra bota ta zubek gana bere iragoten da bizi ta sendakaija. Nik jango ezpaneu, galdubak ziñatekez zubek bere. Alkarri biar deutsagu lagundu, bada etxe batekuak gara.

        Esaten deutsee esku ta oñak:

        —Gauza asko asmetandozu guri zoraerazoteko: guzur andijak dira dinozuzanak; ez da gu gana etorten zure barruban bein sartu danik: ez dogu zure biarrik bizi izateko. Alan ez deutsugu jaatekorik irabazi, ez emongo.

        Itxi eben, bada, sabela egun batzubetan jaateko ta edaateko baga, ill jakon barruko berotasuna, liortu ta zetaka zuriz janzi jakon miñ gana egarriz. Dakuse esku ta oñak adore baga sabela; onen gatxagaz jan ezagaiti eurai bere jausi jakeezala indarrak, ta ill biar ebala sabelak; ta au ill ezkero eurak bere ill biarko ebeela. Dakarkuez arin jana ta edana, baña belu etozan, ezin jan ta ezin edan ebalako, indarrik ez eukijaz. Ill zan, bada, sabela ta beragaz batera esku ta oñak.

        Ipuin onek esan gura dau ez dala bakotxa guztiz beretzat, edozein gizonek biar ditubala lagungarrijak senide, adiskide ta ongiñen artian. Errege batek bere ezin esan lei ez dabela ezertako iñoren biarrik; beretzat bera asko dala. Etxe, solo ta baso asko daukazan andikirik aberatsenak, buruba galdu ezpadau, autortu biarko dau alperrak diriala alango ondasunak nekatuten ezpada biargina: ez dabela ogirik jango, ez ardaorik edango nekezalen eskubiar baga. Esku, oin ta sabelak alkarri lagundubiardeutseen legez, alan gizonak batzubek bestiai, dirianak galdubak izan gura ezpadabe. Ezagutza onek ekarriko gaitu alkar maite izatera, beeragokuai ez gogortasunik erakustera. Au goguan baleuke ugazaba ta etxejaubiak begiratuko leuskijue oniritxi ta maitetasun geijagogaz otsein ta errenterubai, zeintzuben neke ta biar egiñaz dagozan ainbeste era ta jauntasunez.

 

                Bat beretzat ezda asko,

                laguntasuna dau biarko.

 

aurrekoa hurrengoa