www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Xabier Altzibar

Iturria: Ipuinak, Juan Antonio Mogel (Xabier Altzibarren edizio kritikoa). Labayru, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ipuin 25.a

Leoe ta ardi-jaoliarena

 

        Leoetzar eskerga bat ebillela basuan larren artian, sartu jakon aurreko oin azpi bateti arantzia, ta emendi anditu jakon irme; eldu jakozan oñaza gogorrak, ta ezin ibilli zan errenga baño. Ediro eban ardijaola bat, ta asi jakon erreguka legez, eskatuten laguntasuna, oña eskinirik. Ikusi ebanian artzañak beraganunz joiala leoetzarra, sartu jakon bildur ta ikaria ta eskini eutsan ardi bat, jan ta berari kalterik egin ez egijon. Baña leoiak, ikutu baga ardijari ta osatutia bakarrik billatuten ebala, eruan eutsan bularrera aurreko beso edo oin eriduba. Igarri eutsan laster artzañak zer eban ta, bildur baga beso gaixotuba arturik, asi zan topetan kalte lekuba ta ikusi eutsan arantza kaltegarri ta ondo sartuba. Eztentxu bategaz, min andirik emon baga, edegi eutsan andituba, atera eutsan arantzia, ta gero, egin jakozan ur-ustelak. Ikusi ebanian buruba osatuba leoiak, eskerrak emon gurarik, miazkau eutsan esku gania arzañari, ta jarri jakon albuan. Egunak igarota artu eben leoia gizonak, ta eruana izan zan erri andi batera, aterateko zezenak korrura legez, ta jan eragiteko guztien aurrian eriotza ta kalte andiginen gorputz bizijak. Ez dakigu ze gaiti, baña artu eban Justizijak gaistotzat artzain axe bera, ta agindubak urten eban imini egijela korru edo plazan, ta atera egijuela gose zan leoe bat apurtu ta iruntsi egijan. Batu zan jente asko: artzaña eguan korrubaren erdijan igesik artu ezinda; ateraten dabee leoia; asten da oñak arinik artutera aurrian ekusan gizona. Baña urreratu jakonian, dazau nor zan, edo zala bere ongilla arantzia aterata osasuna emon eutsana. Atzeratuten ditu beso apurtuteko jasuak; eregi zituban arpegi ta begijak ikusten egozan errikuak gana. Gatxen apurrik egin baga artzañari, biurtu zan bere korta edo tokira, eta egiten eutsazan kiñubak bere arduria eukan gizon leoezañari, esan baleutsa legez, joiala andi beste bere zeregiñetara. Biurtu zan gero pozkarijaz artzañagana, jarri jakon albuan ta ez eban bera gandik alderik egin gura, bere zainla edo jaola balego legez. Onegaz igarri eutsan artzañak leoe axe zala zeñi atera eutsan besoko arantzia. Agindu eutsen gizonari urteteko korruti gura ebanian. Baña leoiak ez eban beraganik alde egin gura; jarraikon txakurtxuba legez nora nai. Zurtu zan jente guztia ekusanaz; jakin eben zer jazo jakon basuan beragaz; asi zirian parkazino eske, ta itxi zituben arzain ta leoia nora nai juateko eskubidiaz; leoia juan zan basora ta arzaña bere errira.

        Ipuin onek erakusten dau, eskertsubak izan biar dogula ongillaakaz, ta mesediak geitu biar deutsegubezala mesediak egiten deuskubezanai. Esker gabetasuna dala gatxeretxi ta gorrotoz begiratuba.

 

                Mesediak dituzu artu?

                Ez zaite ez inos aztu.

 

aurrekoa hurrengoa