www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Xabier Altzibar

Iturria: Ipuinak, Juan Antonio Mogel (Xabier Altzibarren edizio kritikoa). Labayru, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ipuin 32.a

Aita ta seme gogorrarena

 

        Guraso batek eukan seme uzu ta dongaro azi bat, zeñek emoten eutsazan atsakaba andijak, ta negar eragin sarri. Askotan geratuten jakon kanpuan gabaz. Agiraka egiten beeutsan, erantzuten eutsazan gogorraguak, ezin beragaz bururik egin eban. Seme donga onegaiti serbitzarijak bere eruezan atsakaba asko. Oneei esan eutseen ugazabak ipuin au:

        Nekezale batek eukan idisko gazte, mardo ta ezi bagia. Bezau ta ezi zedin iminten eban bustarrijan idi ekandubagaz. Idiskuak ekusanian bere iduna katigu, buruba gura eban bestian ezin jasorik, adarka ta ostikoka manketan eban idi bustarrijan geldi eguana. Idisko ta idi jaube nekezaliak artuten eban akulu bat, ta emoten eutsazan galantak idisko uzu bustarriti iges egiten ebanari, zirautsala:

        —Ez zaitut nik bustartu burdija eruan edo soluan aratuteko luurra, ta bai bakarrik ezteko zure sama edo idun gogorra.

        Alan zurra onen kostura geldika geldika gaztetxuti ekarri eban buruba makurtutera bustarrija erakutsi ezkero.

        Ipuin onegaz esan gura eban, leenago azi biar ebala gaztetati bere semia esanak egitera, etxia ta lotsia gordeetara. Au ez egiña gaiti eukala seme idun gogorrekua lotsa galdukua, bizitza txaarrekua, etxe kaltegarrija, guraso ta bestiai atsakabia emotekua.

 

                Daruana gaztetati buztarrija,

                izango da ume ondo azija.

 

                Geratuten bajako idun gogorra,

                belu etorriko jako zigorra.

 

aurrekoa hurrengoa