www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Xabier Altzibar

Iturria: Ipuinak, Juan Antonio Mogel (Xabier Altzibarren edizio kritikoa). Labayru, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ipuin 17.a

Erbi ta ugarasijuena

 

        Egin eben bein erbijak batzaar bat ta igaro zituben euren artian berba oneek:

        —Zerda guri jazoten jakuna? Egun on bat ez daukagu, beti bizi gara kezka gogorrian, gagoz arerijoz ingiraturik, txakurrak ta gizonak gure atzian dabilz alan basuetan, zelan ibarretan: gorde gura baditugu burubak otatza, gisats arte ta tokirik ezkutubenetan, arkituten gaitube txakurrak oñatzetati. Jasten bagara garitzetara, ezin jan dogu ezer bildur baga. Gabaz darraikuz baso-txakur azerijak. Zeinbat geure lagun jausi dira txakur ta azerijen autzetan? Zeinbat beinguan illik geratu ots andija, suba ta keia egiten daben zuraz ta burdiniaz eginiko erremientiaz? Au ezda bizi izatia, ezpada beti eriotziaren atzamarretan ibilltia. Obe ditugu bota geure burubok ibai batera, ito uretan, ta kendu betiko kezka ta ikaria.

        Erabagi ebeen alan egitia ta juan zirian ibaibaten egi edo ondora. Orra nun dakusen zelan ugarasijotegi edo eli bat lurreti botaten burubak errekara bildurturik eurak ikusita. Orduban, dinue esan ebala erbien arteko batek:

        —Ezgara gu bakarrak bildurrian. Dakuskuz guganik iges egiten gu baño bildurtijago batzuk. Itxaran daigun ernegaubaga: etorriko jakuz biar bada egun obago batzuk; ez dira betikuak gatxak. Eruapenak on andijak ekarri oi ditu. Guazan, bada, burubak galdu baga etorrigarian bideti.

        Ipuin onek argituten ditu gizon ta andra irritu, ernegau ta eruapen baga euren burubak galduteko asmuetan dabiltzanak. Ez dira egun guztiak bardinak; beeti igon leite gora ta goiti jausi beera. Larga gaitian Jangoikuaren eskubetan.

 

                Ona etorri oida gatxaren ondoren.

 

aurrekoa hurrengoa