www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Xabier Altzibar

Iturria: Ipuinak, Juan Antonio Mogel (Xabier Altzibarren edizio kritikoa). Labayru, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ipuin 18.a

Otso eta antxumiarena

 

        Auntz batek eukan kortaan beragaz antxume bat, ta amak urten biar eban laar edo basora jaatekua billatutera. Urten baño leenago dirautsa antxumiari:

        —Begira, arerijo mausari, gogor ta asko jakin bat daukagu, zein dan otsua. Etorri oi da etxe onduetara, ta topetan bada nundi sartu kortara, eruan daruez giberrijak. Alan, bada, ni basuan nasan artian badator inor, dana dala, ez edegi aterik; ain da gaisto ta askotakua otsua, zeinda sinistu eragin gurako deutsu neu nasala.

        Urten eban auntzak, gorde-bidiak emonik. Arik laster juanzan otsua, dei egin eban atian ta irudin eragin bere bai ama auntzaren illeta edo beeia. Gomutau jakon antxumiari guraso onaren esana: atia edegi baga, begiratu eban inzirrikatu bateti ta igarri eutsan nor zan, ta erantzun eban barruti:

        —Bantzut amaren berbaro edo illetia legezkua; baña bazaut zariala geure arerijo gaisto odolzalia, amaren estalki ta irudinaz zeuretu gura nozuna. Zuaz ordu gaistuan etorri zarian bideti, ez deutsut aterik edegiko.

        Ipuin onek erakusten deutsee umiai guraso onen irakatsi onak entzun, artu ta gorde biar diriala, galdu gura ezpada; arerijo asko dagozala adiskiden estalkiz jantzita: ezti berbaak ekarri daruela askotan biaztuna. Dongeen auan entzun oidala berba bigun ta labana, ta eskubetan gauza onik ez dabeela.

 

                Guraso onen esanak artutia,

                da arrisku askotati buruba gordetia.

 

 

Ipuin bera erezija,
lelo barri edo bersoz

 

Aunz bat joian basora

antxumia etxian itxirik,

ondo gorde ta kortaturik,

urten ez eijan kanpora.

—«Kontu —dirautsa—, ez urten

neu natorren artian;

eta iñor bada atian

oles oles egiten

ez edegi beinguan,

leenaz ikusi bagarik

eta ondo azterturik

an ni ete naguan».

Zelata jagoke otsua

esan eutsana entzuten;

baña gosiak estututen

eban sabel gaistua:

—«Antxume-aragija

da —dino—, ondo samurra

baña biarda guzurra

neuretuteko giberrija».

Eldu jakon, bada, atera

aunz-amaren illetiaz

dei egin ta ateriaz

eruateko autzera.

Antxumiak dauka goguan

bere amaren esana,

amorez esan eutsana

basora zan orduban.

Ate inzirrikatuti

daruaz bere begijak;

darakutsa argijak

barruko ate osteti

zala bere arerijua

ta ez bere ama maitia.

—«O, otso odol zalia!,

zein asan bai gaistua!».

Alan dirautsa otsuari

toki ondo gordeti

eta ipuin onek beti

darakutsa gaztiari:

Ondo artu goguan

zar onen konsejubak,

ez euki, ez, aaztubak,

ez itxirik albuan.

 

aurrekoa hurrengoa