www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbait sanduen biziak asteaz datozinak
Joakin Lizarraga
1793-1813, 1994

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesukristo, Maria eta Santuen bizitzak, Joakin Lizarraga (Juan Apecherearen eta Francisco Ondarraren edizioa). Nafarroako Gobernua, 1994.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Maiatzaren 15.an
S. Isidoro Nekazaria

 

        1. Estimatzen duela Jangoikoak nekazalgoa, da señale ona paratzea bere Ebanjelioan anitz konparazio nekazalgotik artuak, nola ardantzearena, azaroarena, eraizio, ta eultzi, ta aizerarena: baña zer honra, zer estimazio egitea ezta Jesu Kristok berak errate gura, naiz dela konparazios, ni naiz aien egiaskoa, ene Aita da Nekazari? Alaere señale obena da izatea Nekazari asko sandu ta Janoikoaren adiskide onetsiak. Alakoetaik bat da S. Isidro edo Isidoro Nekazaria, Madrilen aioa, baña pobre zerbitzuan egona, ta alokatzen, irabazis ogia bere izerdias, ta alaere ain sandu, ezi Erregeen Kortean da Patrono andia, ta erregeek ta Jaundiek adoratzen dutena. Ze beti agitz deboto, Jangoikoaren gizona proprioki, humila, ixila, bakeskoa, erretiratua, onesten zituena guziak, ta guziek onesten zutena bera. Agitz ze goixtarra; ta lena beti Jangoikoa estimatzen zue, ta ala lanera baño len bisitatzen zitue Madrugo zenbait Eliza, faltatu gabe obligaziora, ezi bazekie obligazioa kunplitzea dela prezisoago ezi debozioa, baña bazekie ere konpon daizkela elkarreki obligazioskoak ta debozioskoak, delarik dilijenzia prudentea, ta diona Jesu Kristok, haec oportuit facere, et illa non omittere, obligazioak kunpli, eta deboziak ez utzi. Guziareki zenbait aldis zebatzen ze bere debozioan berant artaño, baña nioren perjuiziorik gabe, ezi gero suplitzen zue berak aplikazio dobleareki, ta Jangoikoak laguntzeareki. Paratu ze Maxter bekala Madrilgo kaballero Juan de Bargas deituaren, kuidatzeko hazienda ark zuen bates aldamenean, onenberze alokairutan. Zenbaitek, dela inbidias, dela berze gisas, eman ziote kontu Nausiari, nola Isidro egoten zela Elizaetan espazioreki, ta berantegi joaten zela alorrera lanera. Nausiak egin zio kargu, nola zuken eraman soldata oso, trabajatu gabe oso? ta etzela ere Jangoikoaren zerbitzu ona errezatzen egotea trabatzen egon bearrean. Errespondatu zio humil, etziola in nai kalterik, ta iten bazio, paga zeiela arenetik: beira zezala ongi, ta ezpazue kalterik, utzi zezola kunplitzera Jangoiko Jaunareki; Nausiak admiraturik Isidroren onas utzi zue bakean: baña nai zue bein bere begis ikusi pasatzen zena. Joan ta altxaturik kanpoan ikusi zue Isidro berant nola zoeien alorrera: Bazoeie akar in bear ziola, ta urbildu zelarik ikusi zue erdian Isidro idi pare bateki lanean, ta aren alzinetik ta gibeletik berze bi pare elurra bezain txuri. Alegratu ze, bide zela milagrosko gauza, zekielarik etzuela Isidrok posibilidaderik paratzeko bere kostus. Ellegatu zelarik ia etzue ikusten, baizik Isidro bakarrik bere idieki. Galdegin zio nor ziren lagun in ziotenak lentxago? Errespondatu zio senzillki, ezta gizonik lagun in didanik, baizik sollik ene Jangoiko ona da lagun iten didana beti, zeñi enkomendatzen bainaiz ni ere, ta beñere eztida faltatzen bere anparoa. Oneki seguratu ze Nausia, ta erran zio enkomenda zeiela nai zuen denbora guzian; etziotela kasorik eginen murmurazaleei andik alzina.

        Berze bein aurkitu zuzte idiak bakarrik berak lanoan, nior etzela ageri kidatzen zituenik, ta anitz lur landu zutela. Abisaturik Nausiak ikusi zue miragarri gura: sospetxatu zue bide zegola bitarteo Isidro Elizaren batean; itzuli ta aurkitu zue S. Andresen Elizan nola zegon debozio andiareki. Berze egun batez ezin entzun duzue mezarik: gero arratserat lana bukatuas geros joan ze bisitatzera Eliza gura, baizego ia ertxirik: paratu ze belauriko atarian; bereala elebatu ze espirituan, ta idikirik Zeruko atariak, an ikusi zue zelebratzen meza solemne miragarriro, ta entzundurik itzuli ze berebaitan konsolazio andiareki. Bete ze biotz gura Jangoikoarenganako amoreas, afizioneas, ta errespetoas ain guzis, ezi etzue ajolarik, ez gogorik, ez memoriarik ere mundu guzias aren aldean, ez bere buruas ere, ez konbenienzies, ez deskansuas, ez sustentu prezisoas ere apenas. Emengo ondasunak anbat estimatzen zitue nola loi edo lur-puskak, ezpaze emateko beartsuei, iago ezi bere buruai. Jangoikoaren amoretik itxeki zekio proximoen amore fiñ jenerosoa. Etzio niori inbidiarik, guziei bai atenzio, ta pobreei konpasione, baita egasteei ere ta lurreko animalettoei. Elurketa batez zoeie errotara iotzera bizpiru erregu gari: ikusi zitue arbole batzuetan usoak, ta goseak bide zeudela, garbitus elurretik lur zati bat, an bota ziote bere gari gartaik porzione bat jan zezaten. Laguna asi zekio irri egiten ta murmuratzen ortas: baña mostratzeko Jangoikoak zuela plazer afekto on gartas, kostala ain bete aurkitu ze nola len. Oroat eraikitzera zoeielaik, bidean ematen ziote pobreei, baitare botatzen lurrean egasteendako: ala arindurik zakua bidean, alorrean aurkitzen ze ain supliturik. Eraikitzerakoan zio, Jangoikoaren izenean au Jangoikoarendako, au guretako, ta au txinurrien, ta txoriendako. Pobreei ematen zue zuken baño iago fiaturik Jangoikoan, zeñek asko aldis suplitu zue milagrosoki, ia errotan gari gutitik atras anitz irin, ia etxean elze ustutik atras jateko pobreen, ori anitz aldis, ezi anitz ze andia zioten konpasionea: ez ala bere buruai. Zego bein erri bateko Elizan bere orazioan, utzirik kanpoan bere astokoa. Etorri zekizkio mutiko batzuk abisatzera, nola otsoa jokatu zekion astokoari. Sanduak sereno, ene humeak, zoazte bakean; Jangoikoak nai duena izanen da; kunpli bedi bere borondatea: ta segitu zue geldi bere orazioan: baña Jaunak kuidatu zue arren partez bitarteo. Bukatu ondoan atra ze, ta aurkitu zue otsoa ilik astoaren aldakan, eta astoa sano mellarik gabe. Sanduak kuidatzen zue berzeren bearres obeki berzes baño. Nausia joan zelaik bein heredajeen ikustera, il zekio an zaldia. Ellegaturik an Sanduak eman zio palmada bat, ea, Jangoikoaren izenean jaiki, ta erman Nausioi gañean. Istante jaiki ze bizi, ta bizkor. Animaleareki in zuenak obeki inen zue personareki. Bero andi bat zegolarik, egarritu ze Nausia alorrean: galdegin zio ia bazuen urik. Sanduak mostratus eskuas tufar bat, erran zio, an aurkituko zela un Joan ze billa, baña etzue aurkitzen ur errestorik ere. Deitu zue Isidro, non da diozun iturria? Ellegaturik Isidrok eman zio pertikas tufarrai ziola, emen Jangoikoak nai badu, ur atrako du. Momentuan atra ze ur garbi garbia, dirauena orai arteo, ta egiten asko milagro. Berze iturria franko emen dire Madrilaldean Sandu gonek atreak.

        Jangoiko andiaren adiskide andia ze pobre gau, ta pobre gonen adiskide andia Jangoiko andia, ta onen medios iten zitue milagro anitz ta andiak nola nai. Guti dela agotz solletik gari atratzea, ta gari gutitik irin abasto, ta emanes ez gutitzea, ta idorretaik iturriak abasto jaioaraztea, heriak sendatzen, ilak ere zitue bizten milagrosoki. Zue bere Nausiak alaba bakar bat agitz maite: iltze au, Isidro zegolaik kanpoan: Itzuli zelaik aurkitu zitue negarres guziak, ta prestatzen ilaria. Joan ze ilaren ikustera, ta asi ze Jangoikoai egiten orazio; gero bere aurpegias ukitus ila, itzuliarazi zio arima, guziak arriturik zeudela bedeikatzen Jangoikoa. Ezkondua izan ze S. Isidro; bere gisakoa zue bizikidea, S. Maria de la Cabeza: izan zute seme bat, zein izanas geros, ia biak elkarren konsentimentus bizi zire anai ta arreba bekala kastidadean, iago plazer emateagatik Jangoikoai. Mutikoa azi zelaik erori ze butzu batean; ta kanpotik etorririk S. Isidrok, ta aiturik desgrazia, paratu zire biak belauriko butzu-pokalean eskatzen Jangoikoai fabore tranze gartan. Ala daudelaik ikusten dute igaten dela ura pokaleraño, ta ur gañean mutikoa bizirik; zein arturik Aitak eskutik atra zue sano, emanes Jangoikoai esker milla, batak eta berzeak. Baña Deabruak nai izan zue eraiki diskordiaren zizaña bien ertean. Sandua bizi ze Madrilen, ta Sanda Karakiz deitzen den erri batean, Ama Birjinaren hermitan. Errian biltzen zue olio lanparaindako, eta egunoro itxekitzen zue pasatus Xarama deitzen den ugaldea. Berze errietan ere eskatzen zue berze hermita batzuendako, baizue debozio goi. Gaixtoek gaitzera bota zute joanetorriketa gura; ta akusatu zute Sanduari, bere andrea debozio-idurian, edo atxekian gaizki zebilala. Naiz ez sinetsi, nai izan zue ikasi. Joanik Madrildik esperatu zue ikusi etzuken lekuan. Andik ikusten du nola eldu den olio ta argi zekarrala, ta ugaldera ellegatu zelaik zeñaturik, ta mantelina edaturik ur gañean, artan bera oñes busti gabe pasatu zela berze aldera, ta gero lanpara itxeki ta bere debozioak in ondoan itzuli zela oroat ur gañean. Konsolatu ze Sandua, ta konfirmatu ze artas zuen opinione onean. Baña denborain buruan berriz ere akusatu zute: eta Sanduak sentitus Jangoikoaren ofensa juizio gaixtoa egiteas ala fundamenturik gabe, erman zitue bereki desengañatzeko, ta paraturik lengo lekuan, eldu ze bere Hermitarat Sanda, ta guziak beira zeudelaik, edatus mantellina uren gañean, pasatu zue ugaldea aratakoan ta onatakoan, ta gelditu zire arriturik, ta desengañaturik.

        Anitz urtes bizitu omen ze S. Isidro, ta ellegaturik plazoa, errezibiturik debozio andiareki sakramentuak, entregatu zue bere espiritu humila Jaunaren eskuetan Azaroaren 28.an 973 urtean. Ortzi zute S. Andresen Elizako zemeterioan, non egon zen atzendurik bekala 40 urtes. Baña Jangoiko Jaunak nai zuenak honratu munduan ere ere sierbo ona, ta erakutsi Madrildarrei artan zuten ondasuna, Patrono, ta anparoa, ezauntzen etzutena, disponitu zue aparezi zeien bere adiskide izan bati, Elizara urbil bizi zenai, enkargatus abisatzeko Sazerdoteak ta Kargudunak, pasa zezatela gorputza zemetoriotik Elizara. Gizon gura etze izan trebe erratera bisionea, etziotela sinetsiko, ta orgatik erori ze berla heri. Aparezitu zekio berriz ango Matrona noble bati; ta onek in zue manatua, ta izan ze sinestatua, Nekazari Sanduak Madrilen utzi zuen fama onagatik. Joan zire guziak zemetorio gartara, ta obia idikirik, aurkitu zute gorputz sandua oso batere korrupzionerik gabe, ta mortaxa ere oso, eta guzia barratzen zuela ain fragranzia ona, ezi guziei paratzen ziote debozio, zein aumentatu ze milagro berri bateki, soñatzeareki beren kabo, niork ukitu gabe, ango ezkila guziak pasatzerakoan Elizara. Zeude bitartean pobre batzuk estropeatuak ta itsuak bide errealean eskean, ta aiturik asatzen zena joan zire nola zeizken, ta obia utsa ukitu orduko aurkitu zire sano ta sendo. Milagroen podores asi ze famatzen Sandutako. Erregeak ere izan dire beraren deboto; ta Alfonso VIII. irabazi zuena biktoria Moroen kontra Nabas Tolosako deitzen den lekuan, zelebratzen baita Elizan guruzearen triunfoaren nonbreareki Garilaren 16.an, enkomendatu ze lenik S. Isidrori, ta Sanduak kidatu omen zue leku gaietan. S. Fernandoren denboran aumentatu zire S. Isidroren milagroak, berexki logratzean euriak idorketaetan. Eta arren Ministro erreale batek etzuelaik nai sinestatu, master pobre batek nola S. Isidrok in zukela ainberze miragarri; bereala progatu zue Jangoikoaren kastigoa gorputzeko gaitz erru batean, ta penaturik erranas ermanarazi ze Sanduaren obrara prozesioan guziak kandelaeki eskuetan: an eskaturik barkazio, ta ofraturik zenbait presenta, itzuli ze sano pregonatzen Sanduaren laudarioak. Obiara eramanik aur bat ila buratsoek logratu zute itzultzea bizirik etxera Sandu gonen medios. Moroen kautibo zegon bat libre kateetaik paratu zue bi aldis Sanduak leku seguroan. Berze bat sentenziaturik eriotzera atra zue libre karzeletik. Kaballero batek artu zue pobre bat lanzeko lur batzuk urteaz; onek nai zue urte guziko saria alzinaturik; baña fiadore nai ta ezin izanes, Sandu gonen obian eman zue itza, kunplituko zuela; ta orreki eman zio arrek. Baña esker-gaitza ajolarik gabe itz emanas bazoeie iges, ta gauas pasatzen ze ustekabean S. Andresen Eliza alzinean. Gauza miragarria! gau guzian lasterka ibilirik, goizean aurkitu ze an berean; eta Kaballeroa zoeielaik eskatzera Sanduari fianza, aurkitu zue an gizonoi ingur ingur zebilala. Onek eskatu zio barkazio Sanduari ta Nausiari, ta kunplitu zio gero bere obligazioa eskarmentaturik.

        Arimen libratzean izan da señalatua. Gizon bat onen deboto izana iltzerakoan beiratzen ze inguraturik Demonioes, eramateko esperan, baizego bekatu mortalean: klamatzen zue biotzas Sanduari: ta agerturik an bota zitue Espiritu gaixto gaiek, eta konfesarazi zue ongi. Berze bat goatzean zegolaik nai zue Demonioak bota butzu batean: Sanduak agerturik erran zio, etzuela ikustekorik gizon gartan, zeñen fiadore bainaiz ni. Demonioak zio, nola fiatu dio, baitago bekatu mortalean? Sanduak, aspaldian da nere deboto, ta Kristoren graziak libratuko du bekatutik ta ire eskuetatik. Istante ura joan ze iges, eta Sanduak gizonoi erraten dio, in zazu nik errana: konfesa zaite zeure bekatu guzies ongi urrikiturik. Ongi argitu gabe mogitu ze ta joan ze konfesatzera gogotik ongi penaturik. Ala kontatzen da Moro bates Amete deituas, Sanduak bizpirur aldis deitu zuela bere izenas ziola, Amete Amete, in zaite Kristio; nik erraten dizut. Eta ala egin ze. Noiz akaba kontatus milagroak? Milagro kontinokoa da bere gorputzaren entereza galetsi gabe, ta atxon Zerukoa bekala barratzen duena: Marineo Sikulok tio itz gebek: Nik ikusi dut bere gorputz sandua; ta dago ain oso, baitirudi eztuela ilik baizik bizpirur ilabete: ta iago admiratzen duena da, ezi edozein iletan lenbiziko galtzen dena delarik sudurra, ta begien zurra, onek baitauka oso miragarriro; ta ikusi nuelaik oroitu nitza dionas eskritura sagratuan, Eztela galduko zuen buruko bilo bat ere. D.a Juana Erreginak Enriko II.en andreak debozios nai zue aldatu Sanduaren beso bat berze leku batera: baña ezin atra ze Kapillatik gaitz andi batek emanik: ezaundurik etzela Sanduaren borondatea apartatzea gorputzetik besoa, itzulirik bere lekura istante sendatu ze. Erregina Katolika D.a Isabel sendatu ze gaitz grabe batetik Sandu gonen medios: joan ze bisitatzera bere Kapillan; eta adoratzean oñak Dama batek ortzes kendu zio eri bat: baña guziak ia bazoezilaik, ura ezin atra zeike anzik: Erreginak jakinik ori, ta Damak konfesaturik in zuena, manaturik itzultzeko eria, itzuli zue, ta bereala aurkitu ze libre joateko. Milagro ta fabore anitz ta andien kasos beti izan ze beneratua Sandu bekala: guziareki Madrilgo Korteak agertus bere agradezimentua bere Ongiegille ta Patrono den Sandugoni, logratu du kanoniza zeien solemneki: eta ala Gregorio XV.ak kanonizatu zue solemneki S. Isidro Nekazaria batean berze laur Sandu andieqi. S. Ignazioreki, S. Felipe Nerireki, S. Teresareki, ta S. Franzisko Xabiereki: baita Jangoikoaren probidenzia honratzea alakoen ertean Nekazari pobre bat, ala nola egitea Españako Madrilgo Korte andiaren Patrono, beneratzen dutena Erregeek, Prinzipeek, ta Jaundiek belauriko humil, entenda daien Jangoikoaren alzineko eztela diferenziarik persones, baizik nor den onago, ura onetsiago: eta niork eztuela atxekiarik, ez izateko on eta salbo, nai badu &.

 

aurrekoa hurrengoa