www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

ALLIKO ARPE-ZULOEN AGERRALDIA

 

        Lekunberritik ego aldera ordu laurden baten bide, mendixka baten magalean eta azpitik Larraungo urandi edo ugaldeak inguratzen duela dago Alli, Larraungo errixka pollita.

        Iragan astean aratu ginen iru adixkide ango bertze adixkide baten deia bozik onetsi ta.

        Alliko gure adixkide ona laguntzale ta gidari ginuela abiatu ginen petikora arpe-zulo etara buruz.

        Gainbero edo sargori ginuen aroa goiz-goizetik, baña ala ere bozik eta aur batzu bezain arin ordu luze batez mendigañeratu ginen, bago ta aritza tarteko bidexka bat artuz.

        Mendiaren gain gaineko gallurroan, aitza edo peña ta larre batzuen azpian daude bi zuloak, leze baten sarrera itsa biek, leku illuna ta bustia.

        Gure adixkide laguntzaleak zeraman Moriko, txakurra, beldurrez sainkaka atean gibelka utzi eta sartu ginen lauak, bakotxa bere argia esku batean eta makila bertzean.

        Leku otz-ezea baita ura, marranta biltzeko beldurra banuen nik segurik.

        Sartu bezain sarri, eskuñ-ezker, zolan eta sabaian edergailuz apainduak bazter guziak; batzu abe gisaz, gatzez eginak dirdiraka eta ura dariotela; lodiak eta meak, llaburrak eta luzeak; batzu azpiz lodiak eta goiti meatuz xorroxtuak, edo bertze gisaz, aunditzen ari sabaia yo artio (estalagmitas), bertze batzu itxura berberakoak baña buruz beiti, lanzurdak iduri, dilindan eta muturrean ur tanta bat (estalactitas) negurri guzietakoak, me-meak batzu, egiten asi berriak, eta bertze batzu gorape baten zutarriak bezan lodi.

        Gatzez eginak daude, baño kisu-arri gatzez, antxe itaxura gisaz erortzen diren urak uzten dute iragaiten eta bustitzen duten lekuetan urtua daraman gatza ortarik: ura gatzez urtaala betea dago ta unki edo bustitzen dituenak gatzeztatzen ditu eta beti dariola baitago, gero ta lodiago eta luzeago ari dire.

        Ordu erditsu bat bear izan ginuen bakotxaren buruen buru egiteko: biurguneak eta leku estuak bai dituzte zabalak baño geiago, ukurturik bear da ango ibil aldi geiena. Ondarrean dituzte biek abeak edo zutarriak (columnas) lodiago eta ederragoak.

        Orietarik batean ezarri genituen gure izenak an egon diren ikusle anitzenak bezala.

        Euskaraz ari ginelakotz, gure oroitzapena euskaraz eman ginuen. Andik atera ta iguzkia goxo zitzaigun; eguerdia urbiltzen asia zelakotz bazkaltzeko lekura buruz abiatu ginen.

        Ederki bazkaldu, soro gañean eta aritza peetan oraiko guduaz solas aldi gaitza bat egin eta etxeko bidea artu ginuen Allitik barna Lekunberrira.

        Arriz betea dagon zelaitxo Aquelarre deitzen dutena iragaitean gure laguntzale argiak erran zakun sorgin-kondaira bat, baño au geroko.

 

aurrekoa hurrengoa