www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lekukotasuna
Pablo Fermin Irigarai, «Larreko»
1916-1936, 1992

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lekukotasuna, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

KANPION, JAKINTSU TA LANGILLE.
EUSKARIANA DALA TA

 

        Oraintxe bertan eskutik utzi berri dut Arturo Kanpion jaunaren azken gutuna.

        Egia esateko, ez dut buruen-buru irakurtu, baizik eta leenengo gaiaz diona eta artarik ez guztia ere.

        Euskaldunen iturburuak delako gutunean, aren leengaia argitzeko lekukotasun asko dakarzki Antropología, Etnología eta Arqueología-tik artuak.

        Ez dakit zer baño, naiago nuke euskaraz gai baninde euskeldunen Antropología gai ortarat zenbeit jakintza argirat emateko.

        Euskaldunek ez dugu biziki maite ez irakurtzea ez idaztea; orgatik, Kanpion jaunaren azken gutuna bezelakoak andiegiak, lodiegak dira guretzat. Ez orrialde aundia dutelako bakarrik, baizik eta jakinduriz aberatsegiak diralako. Lan ortarako ni bezelako alperrak direnak gutun laburrak naiago ditugu larriak baño. Laketago zaizkigu erakaspenak itz gutitan ematen dituztenak; gutun lodiak izitzen gaituzte.

        Ez gara guztiok berdin gai, egia berexteko; gai denak ori bear liguke egin: berreun jakintsunenganik ikasi duena, berak eman obekienik zaiona eta itz gutxitan. Ez gara guztiok berdin on lekukotasun biltzeko, berdinkaratzeko eta daukaten indarra ezagutzeko.

        Lekuko nagusienak berexteko, bidezkoenak onartzeko eta beste guztiak uzteko nik jakin baneza, ori eginen nuen gai askotarik: sinetsi daitekena itz gutxitan eman eta gañerako guztiak ixildu.

        Emagun, Antropometri-k euskaldunen kasko-ezurraz diona aldizkingi untan eman nai dutala. Ba ote dugun euskaldunek ortarik ezagupide aski beste errialdeenganik berexteko. Abenda berezi bat egiten ote dugu, eta ala bada, buruko ezagupideak zein ta zein dira?

        Gai ortarik Arturo Kanpion jaunak eman ditu orrialde asko Euskariana bere azken gutunean.

        Baldin, argitasunik aski ezpadugu, euskaldunak kasko-ezurra zabala baldin badugu (braquicéfalo), edo luzea dugun, (dolicocéfalo), edo tartekoa (mesocéfalo) garen.

        Baño buruan euskaldunek badugu zerbeit gure-gurea duguna. Aurpegia zabalago dugu gañe-aldetik beko-aldetik baño; beste errialdetan ez omen da orrenbeste nabarmentzen goi ta beko aldeko neurria; gu-baitan matrall-ezurra mearrago ta belarri-gañeko ezurra zabalago.

        Beste ezagupide nabarmen bat omen dugu: kasko-ezurrak bizkar-ezurrakin egiten duen okerguna (ángulo) bilduago dugula besteek baño, ots, gizonago abereago baño. Aberen okerguna edatuago da, zuzenago da gizonena baño, eta gizonetan bilduena euskalduena.

        Aspalditik ortan ginauden, Telesforo Aranzadi jauna jakintsunak ikasiak eta erakutsiak.

        Antropólogo delakoak beste asko zerez mintzo dira buruko ezagupide gisaz emateko, baño esan ditudan oriek biak omen dira ezagupide nabarmenenak eta ori baldin badakizue Antropología ikasi gabe badakizue nik bezenbat.

        Azken Euskariana gai ortarik dion geiena irakurturik ortan gelditu naiz. Orain ogei ta bost urte bezela. Orduan nik ere ikasi nai nuen zerbeitek besteeganik berexten gaituenik.

        Baño orduan, orai bezela, ezagupide argiena, azkarrena, artarik iñork itzik ezin esan dezaken ezagupidea dugu: izkuntza, euskara.

        Gutun andiak egiten dituzte jakintsuek jakintsuentzat. Baño ez dakiguna, nondik argitu? Irakurgai laburrak ere bear ginituzke euskaldunek, zerbeit errez ikasteko.

        Gai batetik esan duten guzia jakitea ez da erraz euskaldunentzat. Guk naiago genuke Kanpion jaun berak gai ortan eta bestetan egia bezela artu daitekena zer den adiaraziz gutun labur bat egin baligu.

        Gizon jakintsun batzuen lana ori bear litzeke euskaldunak argitzeko.

        Euskaldunak besteeganik, zerk berexten ditu? Korputzean ezagupiderik aski ezpadugu ere, argi eta garbi berexten gaituzten beste batzuk baditugu: Izkuntza eta Sorlekua.

        Buru aundiko gizona Kanpion jauna! Zenbat dakian eta zenbat gaietan dan jakintsun! Ortaz landara, langille azkarra; erdi-itsuturik dagolarik, ala ere beti lanean.

        Bere oraingo gutun ori zenbat euskaldunek erosi ote dute? Eta erosi dutenetarik zenbatek irakurtu ote dute?

        Gutun orren berri xeeki eman dutenik ez dut egunarietan irakurtu. Kanpion jaunak bere azken Euskariana argitaldu duela bai, baño xeetasunik eta argitasunik iñon ez. Orgatik, gutun aren erakaspenen berri jakin gabe gelditzen gara.

Larreko

 

aurrekoa hurrengoa